Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Manuel Irujo zena gogoan Liverpooleko Unibertsitatean

2013.eko azaroak 14

2013-11-14 Manuel Irujoren ondorengoek, abokatu eta politikari jeltzale zenak Pariseko eta Londresgo exiliora eraman zituen liburuen artxiboa dohaintzan eman berri diote Liverpooleko Unibertsitateari. Horrekin batera, Etxepare Euskal Institutuak bi ekimen berri jarriko ditu abian, biak ere Manuel Irujo zenaren lana eta itzala aztergai izango dutenak: Manuel Irujo Lecture Kongresua eta Manuel Irujo Fellowship Katedra. Guztiaren berri eman dute gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian. Aurkezpena Manuel Irujo zenaren omenaldi-aitorpen bat ere bihurtu da, erakundeen eta familiaren ordezkaritza zabalari esker.

 

Bertan izan dira: Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua eta Gobernuko bozeramailea, Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria, Chris Harris, Liverpooleko Unibertsitateko Kultura, Hizkuntzak eta Ikerketak Departamentuko burua, Miren Button Irujo, Manuel Irujoren biloba, Richard Chandler, Manuel Irujoren senitartekoa eta Aingeru Epaltza, idazlea eta Manuel Irujoren senitartekoa.

 

Liverpooleko Unibertsitatea garrantzi handiko zentroa da, euskal gaiei buruko irakaskuntza eta ikerketari dagokienez. Zentroak Institutuko Euskara eta Euskal kultura irakurle bat dauka 2011. urtez geroztik. Baina bertako Hizkuntzak eta Ikerketak Departamentuak lan handia egin du, aspalditik, euskara hizkuntzaren eta euskal ikasketen alde. Eta gero eta ahalegin handiagoa egiten ari dira: euskal ikasketen ardura hartuko duen behin betiko lanpostu bat sortu behar dute laster, euskal ikasketak diru-laguntzen bitartez sustatzen hasiko dira eta laster Departamentuaren eskaintzaren %20a euskaraz emango dute. Departamentuko buru den Chris Harrisek Irujotarren eskuzabaltasuna eskertu du eta “Mari Jose Olaziregi doktorearen lan irmo eta inspiratzailea” eta Juan Aranaren unibertsitatean burutzen duen lan emankorra azpimarratu ditu: “Liverpooleko Unibertsitatea euskal hizkuntzaren eta kulturaren sustapenean aitzindari dela esan genezake.”

 

Pasa den urrian Manuel Irujoren ondokoek Manuel Irujok Pariseko eta Londresgo exiliora eraman zituen liburuen artxibo garrantzitsu bat dohaintzan eman zioten Liverpooleko Unibertsitateari. pasa den urrian, Miren eta Ane haren bilobek eraman zituzten zuzenean, unibertsitateak egiten duen lana aitortzeko eta euskal ikasketak eta bereziki euskal exilioari buruzko ikerketa sustatzeko asmoz. Miren Button Irujok azaldu duenez, funtsa 25 urtez izan dute gordeta, eta orain bitan banatu dute: aldizkariak eta egunkariak Lazkaoko Aita Agirreren artxibora eraman dituzte, eta liburuak Liverpoolera.

 

Liburuen artxiboak 400 ale baino gehiago biltzen ditu. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako liburuak dira, hainbat gaiei buruzkoak: euskal hizkuntza eta literatura; Nafarroa; euskal gizartea eta folklorea; Espainiako gerra zibila eta euskal politika; gerraostea Euskal Herrian; euskal nazionalismoa; euskaldunak eta Amerika; egunkariak; historia, bidaiak, geografia, zientzia edota naturari buruzko lanak… Katalogatzen dituztenean berezko tokia izango dute Unibertsitateko Liburutegian, E. Allison Peers artxiboarekin, E.J. Burford eta Ronald Fraser bildumekin eta Eleanor Rathbonen agiriekin batera.

 

Testuinguru honetan kokatzen dira orain Etxepare Euskal Institutuak Liverpooleko Unibertsitatean abian jarriko dituen bi ekimen berriak, biak ere Manuel Irujo zenaren lana eta itzala aztergai izango dutenak: Manuel Irujo Lecture Kongresua eta Manuel Irujo Fellowship Katedra, 2014-2015 ikasturtetik aurrera abian jarriko dena. Mari Jose Olaziregik azaldu duenez, “exilioa, bortxaz eragiten den kanporatzea den aldetik, atzerriratuak izan diren milaka euskal herritarren oroimena, deserrotzea gure identitate kolektiboaren parte direlako eta ahanzturatik berreskuratu behar ditugu”. Horregatik, ekimen hauek euskal exilioa hurrengo belaunaldiei ezagutzera ematea dute xede, gradu eta graduondoko mailan eskainiko diren eskolen bidez, eta Liverpooleko Unibertsitateak emango dituen beken bidez.”Euskal Exilioari buruzko ikerketa, irakaskuntza, euskal kulturaren globalizazioa, horra Etxepare Euskal Institutuak Liverpoolen abiatzen dituen egitasmoekin dituen helburuak”.

Manuel Irujo Lecture lehen kongresuan, azaroaren 27an, gonbidatuak, familia eta Liverpooleko unibertsitateko arduradunez gain, Ludger Mees irakaslea, Iban Zaldua idazlea eta Xabier Irujo Ametzaga, Center for Basque Studieseko irakaslea izango dira, azken hau bideo-konferentziaz. Irujoren bizitzari buruzko ikus-entzunezko bat ere emango dute, eta bere fondoa bisitatu liburutegian.

Manuel Irujo Fellowship Katedra, berriz, 2014-2015 ikasturtean jarriko da abian; hau ere urterko egingo da. Katedrak aztergai izango duen gai nagusia euskal exilioa izango da; gaiaren gaineko ikerketak eta irakaskuntza sustatuko ditu. Lehen urtean Manuel Irujoren gaineko ikerketa bultzatuko du Katedrak eta Xabier Irujo hartuko du lehen irakasle gonbidatu gisa.

 

Richard Chandler Miren Button Irujoren senarrak ere esku hartu du aurkezpenean, euskaraz, eta ekimen hauen guztien aurrean Manuel zena “oso harro litzakeela” azpimarratu du. Aingeru Epaltza idazlea, hau ere Irujoren ahaidea, tragedia handi bat izanda ere, erbesteak ondorio emankorra ere izan duela azpimarratu du: “munduak gu ikusteko balio izan du, eta guk mundua”.

 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Manuel Irujoren aspaldiko zaletzat aurkeztu du bere burua; hura lege-gizon izan zen aldetik ekarri du gogora. Sailburuaren esanetan, Irujok argi asko erakutsi zuen, bere aburuz, Zuzenbidea ez zela, berez , helburu bat, gizakiaren zerbitzuren jarri behar zen gizarte-tresna baino. Abokatu lanetan, Errepublikako Korteetan, Justizia Ministro izen zen garaietan eta exilioan gero; guztietan utzi zuen hori garbi. “Lege-gizon integrala izan zen. Zuzenbideak gizakiaren dignitatearen zerbitzura bakarrik daukala zentzua uste duten horietako bat”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Chris Harris, Mari Jose Olaziregi, Miren Button Irujo, Richard Chandler, Aingeru Epaltza