Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Estatuko administrazioak Y trenbide-sarearekin Eusko Jaurlaritzak erakutsitako konpromiso bera hartzea espero du Oregik

2013.eko azaroak 14


Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Radio Euskadin esandakoa: «Laster, garraio jasangarriko azpiegitura hau Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako pauso handi bat izango da»


Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, Eusko Jaurlaritzak euskal Y trenbide-sarea eraikitzeko konpromisoari arduraz eusten dio, eta Gobernu Zentralari dagokionez, zera espero du, «azpiegitura handi honetako gainerako eragileek berdin jokatzea».

Oregik Radio Euskadiko Boulevard saioari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, «Eusko Jaurlaritza 2006an sinatu zuenaren gainean lan egiten ari da, konpromisoak betez eta bai lanen erritmoei bai azpiegitura osoa eraikitzeko lanei eutsiz, berari dagokion neurrian».

Oregik azpimarratu duenez, euskal Y Europako funtsezko komunikazio-bideetako bat da -Atlantikoko ardatza-. Horregatik, hauxe esan du: «Azpiegitura handi honetako gainerako eragileek gauza bera egiteko eskatzen dugu gauden toki guztietan».

Sailburuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako gobernuak Frantziako lotura bermatzeko beharrezkoak diren kredituak aktibatzeko eskatu dute, abiadura handiko trenaren ardatzari lehenbailehen jarraipena emateko, baldintza teknologiko onenetan. Era berean, Espainiako Gobernuari herri-lanekin jarraitzeko eskatu dio Oregik, batez ere, «oraindik hasi gabe» dagoen Burgos/Gasteiz eremuan, eta Madrilen kudeaketaren mende dauden gainerako eremuetan.

«Obra zibila bukatzeko jarri genuen horizontea, 2016 urtearen bukaera, betetzeko lan eginez», esan du Oregik. «Hortik aurrera, Adifek gainegitura guztiak, errailak, katenariak, seinaleak, ekipamenduak, eta abar, jarri behar ditu eta lotura guztiak egin. Baliteke Sustapen Ministerioak, gauzak dauden bezala, horretarako beste bi urte behar izatea».

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren iritziz, «laster, garraio jasangarriko azpiegitura berria, trena, eta euskal trenbide-sare berria Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako pauso handi bat izango dira». «Hasieran, bideak abiadura handira egokitzeko lanak erabat bukatuta ez daudelako, sareko eremu batzuk beren ahalmen guztiarekin martxan ez badaude ere, horrek ez du esan nahi trenak igaroko ez direnik. Eremu batzuetan polikiago eta beste batzuetan azkarrago ibiliko direla esan nahi du, baina konexioa bermatuta egongo da», zehaztu du. «Azpiegitura honi esker, garraioa kudeatzeko modua oraingoaren oso bestelakoa izango da», esan du Oregik.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)