Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2013.eko azaroak 15

Lehendakariak kontrolerako osoko bilkuran parlamentariek egidako galdera eta interpelazioai erantzuna eman die:

Galdera, Oskar Matute García de Jalón EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "Fagor auziaren" aurrean Jaurlaritzak izan behar duen esku-hartze publikoaren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Fagor Etxetresnak enpresari dagokionez erabilitako estrategia «argia» izan dela, «denon artekoa, enpresak berak, finantza-erakundeek eta instituzioek parte hartuz eratua». Urkulluk azpimarratu duenez, bere gobernuak jarduera guztiak lege-esparrura zorrozki lotuta egin ditu, azterketa bat egin eta bideragarritasun plan bat onartu ondoren. «Egin beharrekoa egin genuen, hau da, enpresaren bideragarritasuna bermatzen lagundu», ziurtatu du lehendakariak.

Orain, Mondragon Korporazioak Fagor Etxetresnak ixtea erabaki izanaren «ondorioak minimizatzeko» irtenbideak proposatzeko garaia da. Hala, Urkulluk azaldu du bere gobernuak langileei eta kaltetuei laguntzeko konpromisoari eutsiko diola, bi lan-ildotan banatuta: alde batetik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ekimen batzuk aurrera eramango ditu, LANBIDEren bitartez, eta bestetik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Zuzendaritzak, beste ekimen batzuk.

Galdera, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, bere produkzioa Euskaditik kanpora eramango duen Tubacexen akzioak erostearen eta Euskadirako industria-politika baten bateragarritasunari buruz.

Lehendakariak ziurtatu duenez, «gure lehiakortasuna ez dago lan-kostuetan oinarritua». Zalantza sortzen duena, Urkulluren arabera, energia-kostuak dira, adibidez, hau da, Espainiako Gobernuak hartutako erabaki batzuk.

Tubacexek enpresa bera munduan nabarmendu dezakeen berrikuntza-proiektu bat dauka, eta «garrantzitsuena», lehendakariaren hitzetan, «jarduera horiek Euskadin egitea» da.

Interpelazioa, Borja Sémper Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Fagorri emandako laguntzei buruz.

Lehendakariak esan du Fagor Etxetresnak ixtearen iragarpenak «zirrara» sortu duela.  Zirrara, enpresa hori, Urkulluren hitzetan, herrialde honetako ardatzetako bat izan delako eta delako, industria-ekoizpenari eta merkatuko kokapenari dagokienez. Zirrara, era berean, lan, gizarte eta ekonomia arloetan izango dituen ondorioengatik. 

Lehendakariak Fagor Etxetresnak enpresari lotuta Eusko Jaurlaritzak  egin dituen ekintzen errepaso bat, ibilbide kronologiko bat, egin du.*

Interpelazioa, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, terrorismoaren biktimekiko konpromiso etengabean eta indarkeria helburu politikoekin erabiltzen dutenen aurkako gizarte-gaitzespen argi eta garbian liderra izateari buruz.

ETAk ez zuen existitu behar. Lehendakariak esan du anbiguotasun edo urrunkidetasun akusazioei dagokienez «kontzientzia oso lasai» daukala. Urkulluk gogorarazi duenez, «beti iraganaren berrikuspen kritikoa bultzatuko dugu, ETAren terrorismoak eta ustez arrazoi eta/edo justifikazio politikoengatik herrialde honetan jasan ditugun giza-eskubideen urraketa guztiek sortu duten bidegabeko kaltea garbi azalduko duen berrikuspena».

Lehendakariaren arabera, ETAk indarkeria utzi ondoren, «une historiko batean bizi gara». Horregatik, lehendakariaren hitzetan, «bakea finkatzeko eta elkarbizitza normalizatzeko aukera daukagu», oinarri etiko batzuen gainean egiteko ere. Ildo horretan, Quirogari Zaballan preso dauden pertsonen ahaleginak sustatzeko eskatu dio. «Iraganaren inguruko gogoeta kritikoa egin eta sortutako mina aitortu duten pertsonak» dira, eta Espainiako Gobernuak «ez du pauso bakar bat ere eman ildo horretan», lehendakariak ziurtatu duenez. 

Azkenik, lehendakariak taldeei, eta zehazki, Quirogari Bake eta Elkarbizitza Lantaldean parte hartzeko deia egin die, «foro horretan egokitzat jotzen dituzten ekimenak aurkezteko», «diskrezioz lan egiteko» eta «iraganaren inguruko gogoeta eta berrikuspen kritikoak partekatzeko».

Galdera, Vicente Reyes Martín Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Fagor kooperatibari buruz.

Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza enpresak aurkeztutako eta parte hartzaile guztiek babestutako bideragarritasun-planerako izan zela esanez erantzun dio Urkullu lehendakariak.

Fagor Etxetresnak enpresak plana bete ahal ez izateak eta bideragarritasuna ez lortzeak, Urkulluren hitzetan, enpresari, Korporazioari, finantza-erakundeei eta erakunde publikoei eragin die. «Den-denoi eragin digu», ziurtatu du.

Kontrolerako Osoko Bilkurako Gai Ordena

* Jaurlaritzak Fagor Etxetresnak enpresaren harira egin dituen ekintzak azaldu ditu lehendakariak:

Mondragon Korporazioak berak eta Fagor Etxetresnak enpresaren etorkizuna bermatzeko gai ikusten zuten beren burua orain dela 11 hilabete, finantza-konpromisoarekin, gainera. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak ere finantzaketa-bideak bilatzeari ekin zion.

2012ko abendua
Konpainiak bideragarritasun-plana eman zion Eusko Jaurlaritzari. Plan anbiziotsua zen, eta doia kopuruei eta denborei zegokienez.

Akordio estrategiko bat lortu nahi zen HAIER enpresarekin, batetik, linea zuriko etxetresnak Poloniako instalazioetan ekoizteko, bestetik, Frantziako instalazioetako lineetan desinbertitzeko, eta, azkenik, Arrasateko instalazioetan balio erantsi handieneko lineak finkatzeko.
Planean ezarri bezala, finantzaketa-beharrak 263 milioi eurokoak ziren.
Hona hemen funtsen jatorria:

  • Fagor Etxetresnak enpresaren aktiboak desinbertitzea; 80 milioi euro.Desinbertsio hori gauzatze-prozesuan zegoen ordurako.
  • Fagor Etxetresnak enpresaren bazkideen kapitala handitzea; 20 milioi euro. Konpainiaren Batzar Nagusiak ordurako onartu zuen erabaki hori.
  • Kooperatiben arteko maileguak, Mondragonen kooperatiba gehienen partetik; 33 milioi euro. Mailegu hori Mondragon Inbertsioak sozietateak bermatzen zuen.
  • Fagor Eskualdeko taldearen kooperatiben ekarpenak, baliabide propio gisa; 30 milioi euro.
  • 40 milioi euroko mailegu partaidetua Fagor Etxetresnak enpresari, EKARPEN programaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren onarpena behar zuena; 25 milioi euro eta 15 milioi euro, finantza-erakundeen partetik.
  • 60 milioi euroko mailegua, Kreditu Ofizialeko Institutuarena, etxetresnen sektoreko estatu espainoleko enpresa bakarra laguntzeko. Enpresak Ministerioaren ahozko konpromisoa zuen mailegua baliatzeko.

Eskaera hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman zion bideragarritasun-planari. Bideragarritasun-planarekin konprometitutako mailegua hiru zatitan egin zen:
Eusko Jaurlaritzari dagokionez: 10 milioi euro SOCADE Arrisku Kapitaleko Sozietatearen bidez eta 15 milioi euroko beste mailegu bat EKARPEN sozietatearen bidez.
Finantza-erakundeak, EKARPENen bidez: 15 milioi euro.

2013ko maiatza
Mondragonek 70 milioi euroko beste zuzkidura bat egiteko premia zuen. Artean ez zuen lortu Kreditu Ofizialeko Institutuaren mailegua. Enpresa ez zen egoera birbideratzeko gai eta zailtasunak areagotu egin ziren.

2013ko urria
Fagor Etxetresnak enpresak beste bideragarritasun-plan bat aurkeztu zion Korporazioari, baina, kasu horretan, berregituraketa antolatua egiteko.  Finantzaketa-beharrak 170 milioi eurokoak ziren.

2013ko urriaren 8a
Korporazioaren Batzorde Orokorrak eskatutako 170 milioitik 50 milioiko lehen ekarpen bat egitea onartu zuen. Enpresak kutxako berehala-berehalako beharrei aurre egin ahal izatea zen helburua.

Eusko Jaurlaritza enpresarekin eta Korporazioarekin bildu zen berriro ere finantza-injekzio bat egiteko; hartara, taldea berregituratu ahal izango zen modu ordenatu eta kontrolatuan, tamainari nahiz funtzioei zegokienez.

2013ko urriaren 14a
Korporazioko Batzorde Orokorrak ukatu egin zituen astebete lehenago onartutako Fagor Etxetresnak enpresarentzako 50 milioi euroak. Korporazioak Donostian hartzekodunen aurrekonkurtsoko eskaerari ekiteko erabakia hartu zuen. Eskaera bi egun ondoren aurkeztu zuen, urriaren 16an.

Fagor Etxetresnak enpresak bideragarritasun-plan doi eta zorrotzago bat egiteko beharra mahai gaineratu zuen, ordurako hartzekodunen aurrekonkurtsoan zen enpresatik «salba zitekeena salbatu» ahal izateko.  Berriro adierazi zuen 170 milioi euroren beharra zuela, nahi ez zen likidazio-konkurtsoa saihestu ahal izateko.

  • 50 milioi euro bideratzea Frantziako instalazioak ixteko eta langileei ordaintzeko. Hala, berehalako konkurtso-egoera saihestuko zen Frantzian –han ez zegoen aurrekonkurtsorik–.
  • 70 eta 80 milioi euro artean bideratzea muga-eguna gaindituta zuten hornitzaileen ordainketei aurre egiteko.
  • 20 eta 40 milioi euro artean bideratzea bazkideen borondatezko ekarpenei aurre egiteko. Eskaerak ordurako epailearen esku zeuden; hortaz, berehala ireki zezakeen konkurtsoa.

 

2013ko urriaren 21a eta 22a
Plan berria Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zitzaion. Hainbatetan bildu ondoren, lau aktoreren artean –Korporazioa bera, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua eta Fagor Etxetresnak enpresaren zorra finantzatu zuen bankuak– adostuta eta koordinatuta finantzaketa bilatzeko beharra mahai gaineratu zen. Korporazioak proposamen hau bankuei aurkezteko konpromisoa hartu zuen eta gaia Taldean barrena kudeatzekoa ere.

2013ko urriaren 28a

Argi geratzen da Korporazioak ez duela Fagor Etxetresna enpresa gehiago finantziatu nahi eta hartzekodunen konkuntsoa eskatzen dute.

2013ko urriaren 30a
Korporazioaren erabakia ofizial bilakatu zen, lehendakariarekin egindako bileran eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari bidalitako gutunean. Une horretan, amaitutzat jo zen bideragarritasun-planaren ibilbidea.
Eta hala jo zen Mondragon Korporazioak berak Fagor Etxetresnak proiektuak merkatuan bideragarritasunik ez zuela erabaki zuelako.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JosJosebandoni
    2013.eko azaroak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkullu: Kontrolerako osoko bilkura http://t.co/eiShJYS7ae

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)