Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Europa 2020, I+G+b jardunaldia: Horizon2020 estrategia, Euskadirentzat aukera bat

2013.eko azaroak 12

Arantza Tapiak industriak eta ZTBESk sarean lan egitea defendatu du, eta ETEak Bruselako etorkizuneko deialdietan parte hartzera animatu ditu

Bilboko Euskalduna jauregian egin duten Europa 2020 I+G+b jardunaldian, Europako Berrikuntza, Ikerketa eta Zientziako komisario Máire Gheoghegan-Quinnek Horizon2020 estrategiaren ildoak ezagutarazi ditu, «Euskadiko enpresentzat aukera ona» direla esanez. Komisarioak Euskadik arlo horretan egin duen ibilbidea goraipatu du, bai inbertsio aldetik egin duen etengabeko apustua, bai administrazioen eta gainerako eragileen artean egindako lan publiko-pribatuarengatik.

Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak nabarmendu du Euskadik orainari ez ezik etorkizunari ere erreparatu behar diola. «Orainaldiko premiek ezin digute eragotzi etorkizuneko estrategia eraikitzea. Eusko Jaurlaritzak, gaur egungo beharrei erantzuteaz gain, etorkizuneko lehiakortasuna hobetzea bilatzen du».

«Garapen ekonomikorik gabe, ez dago gizarte-kohesiorik»

Europar Batasunaren gaur egungo hazkunde-estrategiaren oinarria 2020rako ekonomia adimentsu bat edukitzea da, hau da, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutakoa, baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzen dituen ekonomia jasangarri bat, enplegu maila altuko eta gizarte- eta lurralde-kohesio handiko ekonomia integratzaile bat.

«Baina garapen ekonomikorik ez badago, ez dago gizarte-kohesiorik, eta gure kasuan, garapena eta lehiakortasuna, zalantzarik gabe, gure indarguneetan oinarritutako industrializazioarekin lotuta daude. Geure burua berrasmatu behar dugu, gure ahalmen teknologikoak erabiliz, eta horretarako, manufakturako klusterrak dauzkagu».

Industria-politika eta sare-lana

Bruselak I+G+b bultzatzeko dituen zazpi ekimen adierazgarrienetatik bi bereziki nabarmendu ditu Arantza Tapiak, Euskadirentzat daukaten garrantziarengatik.

Erabat ados gaude «mundializazioaren garairako industria-politika bat» behar izatearekin; izan ere, industriak gure ekonomian tradizioz eduki duen, eta gaur egun ere daukan, pisuaren ondorioz, industria-sektore indartsu, sendo eta nazioarte mailan lehiakorra edukitzeko behar berezia daukagu, gure garapen ekonomikoaren euskarria izango den sektore baten beharra.

Hain zuzen, Euskadik beste herrialde garatu batzuek baino espezializazio industrial handiagoa dauka, eta ekoizpen-jarduera gure herrialdean enplegua bermatzeko funtsezko faktore bat da.

Eta «Berrikuntzaren aldeko batasuna» ekimena oso esanguratsutzat jotzen dugu, batez ere, ideia berritzaileak produktu eta zerbitzu bihurtzea babestuz eman zaion orientabide berriarengatik.

Tapiak sare-lana defendatu du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea (ZTBES) egiten ari den eguneratze-prozesuaren ildotik. Prozesu horren bidez, sarean lan eginez merkatura bideratutako ikerketa espezializatu eta bikaina garatuko duen, eta hala, Euskadin aberastasuna eta ongizatea sortuko dituen zientzia eta teknologia arloetako eragileen talde bat izan nahi du ZTBESk.

«Berrikuntza handiko» herrialdeekin bat eginda, ikerketa-jarduera espezializazio-arloekin bateratu behar dugu, produktibitatea eta kalitatea handitzeko.

Bukatzeko, Euskadiko ETEei Europako programetan aktiboki parte hartzeko deia egin die.

Horizon2020, Euskadirentzat aukera paregabea

H2020 esparru-programa berriak ikerketa estrategikora bideratutako baliabideen bolumena nabarmen handitu du, eta I+Gko nazioz gaindiko proiektuetan parte hartzea bultzatzen du.

H2020ko ekimenetan parte hartzeak bai ZTBESeko eragileei bai Euskadiko enpresei, oro har, eta bereziki, ETEei, ezagutza eta teknologia berriak garatzeko eta bertan eskuragarri ez daudenak inportatzeko ahalmena ematen die, horretarako kanpoko baliabideak eta finantzazioa eskuratuta.

Enpresak, edozein tamainatakoak direla ere, Europako ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu, ezagutza eta finantzazioa eskuratzeko oso modu egokia dela iruditzen zaigulako. EBko enpresekin lankidetzan arituz, Europan, sektore bakoitzean sortzen diren berrikuntzei dagokienez, abangoardian egoteko aukera ematen du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lvprieto
    2013.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    Jornada I+D+i Europa2020: La Estrategia Horizon2020, una oportunidad para Euskadi http://t.co/ylYvZJY0Ea

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)