Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Labela duen Baserriko Txerria aurkeztu da, etorkizuna eta hazteko gaitasuna duen txerri sektorearen erakusgarri gisa.

2013.eko azaroak 11

Eusko Labela duen Baserriko Txerriaren haragia kalitate eta berme sanitario handiko produktua da, Euskadin hazi, hil eta zatikatutako animalietatik datorrena. Aire zabalean hazten da, animaliaren ongizatea errespetatuz.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuordeak lehen sektoreak euskal ekonomiarako duen produktibitate eta profesionaltasun mailak balioetsi ditu.

 

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikaren sailburuarekin eta Andoni Zabala Basatxerriren ordezkari eta ekoizlearekin batera, Eusko Labela duen Baserriko Txerria aurkeztu du Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskadiko nekazaritza sektorearen ordezkariak elkartuta zeuden ekitaldi batean.   Baserriko Txerriarekin dagoeneko 16 produktuk dute Eusko Label kalitatearen bereizgarria. 

Hazi Landa eta Itsasertz Garapenerako Eusko Jaurlaritzako Korporazioak baldintza jakin batzuk eta prozesu landu bat ezartzen ditu produktu batek Eusko Label kalitatearen bereizgarria lortzeko. Helburu nagusiak hauek dira: kontsumitzaileari kalitate maila jakin bat ziurtatzea, jatorria eta benetakotasuna identifikatzea, ekoizleen lana babestea eta kalitatearen kultura sustatzea, horretarako etengabeko hobekuntza sistemak aplikatuz. 

Oinarrizko baldintzen artean hauek nabarmentzen dira: Euskadikoak izatea, goi mailako kalitatekoak, gutxieneko bolumena izatea, kolektibo bati mesede egitea eta kontrol sistema bat edukitzea, aipatutako ezaugarri horiek bermatu ahal izateko. 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuordeak esan duenez, "mundu globalizatu honetan produktuak kalitate bereizgarrien bidez identifikatzeak eta bereizteak funtsezkoak izaten jarraitu behar dute; apustu honek zigilu hauen babespean dauden produkzioen arrakasta ekarri du eta konbentzituta gaude bide horretan jarraitu beharra dagoela". 

"Sektore berezia da, gure lurrari, gure paisaiari, gure kulturari eta idiosinkrasiari oso lotua; baina, batez ere gure produkzio ekonomian leku garrantzitsua okupatzen duen sektorea da. Sektore profesionala eta, gaur ikusten dugun moduan, balio erantsiko eta kalitate handiko produktuak ematen dituena".   

Baserriko Txerria Eusko Labelarekin 

Eusko Labela duen Baserriko Txerriaren haragia kalitate eta berme sanitario handiko produktua da, Euskadin hazi, hil eta zatikatutako animalietatik datorrena.  Aire zabalean hazten da, animaliaren ongizatea errespetatuz, eta bere produkzio fase guztiek kontrol zorrotzak betetzen dituzte, HAZIk ezarritako Erregelamenduaren arabera. Horri guztiari pentsu osatuetan oinarritutako elikadura eta ustiategiaren berezko baliabideak gehitzen zaizkiolarik, kalitate handiko haragia lortzen da, kolore biziagoa duena eta infiltraturiko koipe gehiago. 

Hil ondoren, hau da, bizirik 182-250 egun egon eta gero, gorpuzkiak sailkatzen dira, erregelamenduan zehaztutako ezaugarrien arabera, hau da: pisua (gutxienez 95 kg), osaera, koipea, haragiaren kolorea, ph-a...; eta kalitate kontrol guztiak gainditzen dituztenak baino ez dira Eusko Labeltzat jotzen. 

Inplikaturiko langileek homologatua egon behar dute: ekoizleak, pentsu fabrikatzaileak, hiltegiak, zatikatzeko eta xerrak egiteko aretoak, saltokiak eta lantzaileak. HAZI erakundeak, kontrol eta ziurtagiriaren organoa den heinean, produktuaren trazabilitatea, kalitatea, segurtasuna eta benetakotasuna bermatuko du, bere kontrolen bitartez. 

Produktu fresko hau bakarrik Eusko Labelek baimendutako harategietan aurkitu ahal izango dugu ebakita. Saltzeko eragiketa bakoitzean, Eusko Labela duen Baserriko Txerriaren haragiak etiketa ziurtagiri bat izango du, zenbakitua, benetakotasuna bermatzen duen Eusko Labelen logotipoarekin. 

Txerriki freskoaz gain, kontsumitzaileak Eusko Labela duen Baserriko Txerriaz egindako beste produktu batzuk ere aurkitu ditzake, HAZI erakundeak aurretiaz erregistratua eta baimendutako enpresa adituek egindakoak. Produktu landu horiek ontziratzeko lekuan Eusko Labela duen Baserriko Txerriaz eginda dagoela dioen etiketa jarri eta gero merkaturatuko dira. Eusko Label produktu honekin egindako produktuen artean dauden Urdaiazpiko Egosia Estra, Gibel Patea, Urdaiazpiko Ondua, Txorizoa, Saltxitxoia, Txistorra, Solomoa, Hirugihar Adobatua edo Ondua... 

AUKERA ETA ETORKIZUNA 

Gaur egun Euskadin txerrikiaren per capita kontsumoa urteko 10 kilo ingurukoa da, eta geure burua hornitzeko maila %6-7 inguruan dago. Tapia sailburuordeak adierazi duenez, "hazkunde marjina handia dago, sektoreak etorkizuna dauka, eta, gure iritziz, txerriaren sektoreak dagokion tokia bete behar du Euskadiko Nekazaritza sektorearen barruan".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Andoni Zabala, representante de Basatxerri