Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

2013ko Merkataritza eta Turismo Sariek berrikuntza, dinamizazioa eta lan-ibilbidea aintzatetsiko dituzte

2013.eko azaroak 08
  • Jesús Matía, Bilboko Matía bitxi-denda: Lan-ibilbideari Merkataritza Saria
  • Beldui Txakolina, Laudio: Merkataritza-berrikuntzaren Saria
  • Foroa-Tolosa Merkat, Tolosa: Hiri-inguruen Dinamizazio Saria
  • Azkena Rock Festival (ARF), Gasteiz: 2013ko Turismo Saria
  • Guardiako Hospedería Los Parajes hotela eta Hondarribiko Jolaski, SL turismoko ohorezko aipamenak eta Pozalaguako kobazuloari epaimahaiaren aipamen berezia

Eusko Jaurlaritzak, urtero, turismo eta merkataritza arloetan erreferente diren enpresen lan-ibilbidea eta berrikuntzaren eta dinamizazioaren alde egindako lana saritzen ditu. Sektore horrek Euskadiko BPGaren % 16,9 osatzen du, oso dinamikoa da eta udalerrien bizitza eta aberastasunari eusteko garrantzi berezia du.

Sariak datorren azaroaren 27an emango ditugu, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi instituzional batean, hauxe aintzatesteko:

2013KO MERKATARITZA SARIA

Jesús Matía. Matía bitxi-denda, Bilbo. Lan-ibilbideari Merkataritza Saria

Jesús Matía Bilboko Matía bitxi-dendaren jabea da. 1962an ireki zuen, hasieran, bitxigintzako tailer eta saltoki gisa, eta gaur egun, bi denda eta 17 langile dauzka.

Hautagaitzaren merituen artean, Jesús Matíak 2003an bere negozioan egin zuen ezohiko aldaketa nabarmendu du epaimahaiak: bigarren saltokia ireki zuen, diamanteen lineara bakarrik zuzendua, eta bere inguruan ezaugarri horietako saltoki bakarra da.

Saltokia, bere garaian, apustu arriskutsua izan zen, ohiko bitxigintzaren oso bestelako negozioa zelako, eta gainera, inbertsio ekonomiko handia eskatzen zuelako eta ez zegoelako garbi zer emaitza izango zuen. Negozio-ildo berri horrekin, Matía bitxi-dendak gainerako bitxi-dendetatik bereiztea lortu, negozioa dibertsifikatu eta enpresaren tamaina handitu ahal izan zuen. Horregatik, erreferentziazko bitxi-denda bilakatu da.

Jesús Matía, izen handiko bitxigilea izateaz gain, etorkizunari begiratzen dion enpresarioa da; bere ibilbideko une erabakigarrietan, beste negozio-ildo batzuen aldeko apustua egitea hobetsi du, eta horrek bere enpresa puntako negozio izatea eragin du. Horregatik, hainbat sari eta aintzatespen jaso ditu.

Beldui Txakolina, Laudio: Merkataritza-berrikuntzaren Saria

Enpresa honek Arabako Txakolina jatorri-deiturako txakolina ekoizten eta merkaturatzen du, baita beste ardo apartsu batzuk ere. Negozio horretan 22 urte daramatza eta 2000tik upategi propioa dauka. Enpresa horren negozioaren zutabea berrikuntza da, bai kudeaketari bai bere produktuen merkaturatzeari dagokienez.

Hasieratik, bere produktuak zabaltzeko eta saltzeko ideia berritzaileak erabili ditu: «enoturismoa» sustapenerako formula berritzaile gisa bultzatzen du, eta bere produktuen inguruko hainbat jarduera eskaintzen ditu: instalazioetara bisita gidatuak, ingurunera bisitak, gaueko bisitak, familia-programak, etab.

Produktu-sortan ere presente dago berrikuntza. Hala, jadanik ekoizten ez ziren antzinako ardoak berreskuratu ditu, bertako barietate berriak sortzearen aldeko apustua egin du eta berrikuntza produktu guztiz tradizionala egitearekin bateratu du. Beldui Txakolina enpresak bere ahaleginaren zati handi bat produktu eskaintza zabaltzera, eta, horrela, bezero-zorroa handitzeko formula berriak ikertzera bideratzen du.

Enpresa moderno gisa, enpresa eta bere produktuak sustatzeko teknologia berriak erabiltzen ditu: webgunea, Facebook eta Linkedin. Gainera, kalitate-ziurtagiria lortu du, eta azken urteetako ibilbidearengatik hainbat sari eta aintzatespen eskuratu ditu.

Foroa-Tolosa Merkat, Tolosa: Hiri-inguruen Dinamizazio Saria

Tolosaldea Garatzen agentziak, Tolosako Udalak, Merkataritzari Laguntza Teknikoa Emateko Kabineteak, Gipuzkoako Bazkundeak eta Tolosako Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak bultzatzen dute Foroa, helburu komun batekin: udalerrian, merkataritza arloan dentsitate txikia duten eremuetan, merkataritza bultzatzea eta suspertzea.

Horretarako, merkataritza arloan dentsitate txikia duten eremuetan, saltoki itxiak bilatzen dituzte eta jabeei lokala berritzeko eta ondoren Udalari alokatzeko hitzarmen bat egitea proposatzen diete. Berritze-lanak egindakoan, negozio-ideiaren bat aurkeztu duten ekintzaileei lagatzen dizkiete, ideia aztertu ondoren, alokairu merke baten truke.

Horrela, lokal itxien jabeek onura ateratzen diote, utzita zeuzkaten lokalak berrituz, proiektuak dituzten ekintzaileei lokal bat uzten diete baldintza onuragarritan eta udalerriak erdi-utzita zeuden eremuak suspertzen ditu, itxitako lokalak jarduera ekonomiko bat egiteko irekiz.

Epaimahaiaren ustez, proiektu baliotsua da, bereziki bi arrazoirengatik: Tolosan garatzea lortu duenarengatik eta Tolosa Merkat esperientzia arazo berak dituzten beste udalerri batzuetarako erreferentziazkoa eta bide-erakuslea izan daitekeelako.

2013ko TURISMO SARIA

Azkena Rock Festival (ARF), Gasteiz: 2013ko Turismo Saria

Gasteizko Udalak aurkeztu zuen hautagai gisa jaialdia. Estatuko garrantzitsuenetakoa da eta Gasteiz hiria ezagutarazten eta erakargarri egiten laguntzen du. Hala, jarduera ekonomiko handia sortzen du, zuzen eta zeharka.

Duela 12 urtetik egiten den nazioarteko rock jaialdi bat da. ARF nazioarte, nazio eta toki mailan oihartzun handiko jaialdia da. Gainera, komunikabideetan eragin ekonomiko handia dauka, bai kultur arlokoetan bai musika arlokoetan. Kultur jaialdi horren eraginez, jaialdiak berak, hiriak eta Euskadik komunikabideetan oihartzun nabarmena daukate.

Bere ezaugarriak direla medio, penintsulan parekorik gabea da (lehen mailako rock taldeak, baina ez masa kontsumokoak) eta Espainiako Estatuko bost jaialdi onenen artean sailkatuta dago. Parte hartzen duten talde gehienak atzerrikoak dira, mundu osokoak, lan-ibilbide eta ospe handikoak.

Udalak nabarmendu duenez, Gasteiz urte osoan hiri bizi gisa ezagutarazten eta erakargarritasuna ematen laguntzen du, eta gainera, ARFk hiriaren jasangarritasun-planaren alde lan egiten jarraitzeko martxan dagoen Green Capital programan parte hartzen du.

ARFk bezeroen leialtasuna lortzen jakin du; hain zuzen ere, atzerriko ikus-entzule gehien erakartzen dituen ekitaldia da. Hotel-establezimenduek, bai hirikoek bai ingurukoek, % 100eko betetze-maila izaten dute jaialdia egiten den egunetan.

Jaialdia zentzu guztietan hazi da eta hazten jarraitzen du: ikus-entzule gehiago dauzka, jarduera gehiago, hiriarekin lotuago dago eta bai nazio bai nazioarte mailan ospetsuagoa da.

Last Tour International enpresak sustatzen du, Udalaren babesarekin.

2013ko Turismo Sariko ohorezko aipamenak:

1. Guardiako Hospedería Los Parajes hotela.

Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak aurkeztutako hautagaitza emakume ekintzaile eta borrokalari baten apustu ausarta da, Chari Garcíarena. Apustu horri esker, oso kalitate handiko ostataleku xarmagarri bat izatea lortu du.

Guardiako herrigunean kokatutako 3 izarreko hotel txiki bat da, 18 logelakoa. Logelak ezberdinak dira, ukitu propioak dauzkate, antikuarioen piezekin apainduta daude eta erdian patio bat daukate. Erdiko patioa tximiniaz hornitua dago eta logelak elkartzen dituzten kristalezko pasabide argiztatu batzuek zeharkatzen dute.

Eraikina ingurumena kontuan hartuz eraberritu dute, argiztapenerako energia aurreztea ahalbidetzen duen teknologia erabiliz; berokuntzarako, berriz, bero-punpa sistema bat eta zoru bero-emailea.

Proiektuaren muina Arabako Errioxak eskaintzen duen guztia bezeroari hoteletik atera gabe eskaintzea da: historia, gastronomia, ardoa, spa, ardoterapia, ardo-dastatzeak...

Horretarako, jarraian zerrendatuko ditugun zerbitzu eta instalazioak dauzka hotelak:
- Ardoterapia-spa intimoa eta norbere neurrikoa, XVI. mendeko lurpeko upategian, jacuzziarekin, bainu turkiarrarekin, dutxa eskoziarrekin, izotz iturri batekin...
- Las Duelas jatetxean, janari tradizionala eta garaikidea eskaintzen du. Jakien eta ardoen arteko uztarketak ere eskaintzen ditu, zenbait upategirekin elkarlanean.
- Dastatzearen inguruko hastapen-ikastaroak eta XVI. mendeko lurpeko upategian neurrira egindako dastatzeak, historiaz beteriko hormen artean.

Bezeroek jadanik saritu dute proiektu hau, eta beren iritziari esker, hainbat donari irabazi ditu (Best of Tourism Great Wine Capitals 2012, 2012ko irailean EL CORREOren hileko arabar izendapena, TRIVAGOren «Espainiako 10 hotel enologiko onenak», TRIPADVISORen «2013ko bikaintasun ziurtagiriaren irabazlea» eta BOOKINGek 2012an aitortza bat egin zion, 9,2ko puntuaketa emanda).
Hospedería Los Parajes hotela Guardiako Turismo Bulegoarekin eta inguruko upategiekin elkarlan estuan aritzen da, eta Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidearen parte da.

2. Hondarribiko Jolaski, SL

Bidasoa Activak aurkeztu zuen hautagaitza, eta epaimahaiak aipamena egitearen arrazoia hauxe da: Euskadiko eta Frantziako kostaldean natur arloko dibulgazio-jarduerak eta itsasontzi bidezko bisitak egiten aitzindaria den mugaz gaindiko proiektu bat izatea, zeina eskaeretara egokituta egin duen aurrera eta gaur egun urte osoan jarduerak eskaintzen dituen. Ohorezko aipamen honek Imanol Garmendiaren lana eta eskualdeko turismoaren alde egin duen apustua ere aintzat hartu ditu.

Hondarribian 1992tik kokatutako enpresa honek 11 langile ditu. Hasieran, Hondarribia eta Hendaia herriak lotzen dituen itsas-linea abiatu zuen, eta naturaren inguruko dibulgazio jarduerak egiten eta Euskadiko eta Frantziako kostaldean itsasontzi bidezko bisitak egiten aitzindariak izan ziren, baita Hondarribiko alde zaharrerako bisita gidatuak egiten ere.

Jolaski, SL-k eskaeretara egokituta egin du aurrera, eta gaur egun, urte osoan ondoko jarduerak eskaintzen ditu:
• Katamaranean txangoak, taldeentzat, urte osoan.
• Hitzartutako ibilbideak.
• Itsasontziak ekitaldietarako alokatzea.
• Bisita gidatuak: Hondarribira kultur-bisitak eta Txingudiko badiara (Hondarribia-Hendaia) ingurumen arlokoak.

Era berean, bere eskaintza kongresuetara doazen bezeroentzat egokitu du (MICE turismoa).

Jolaski, SL Bidasoa Activarekin elkarlan estuan aritzen da eta Bidasoako Mahai Nautikoaren ordezkaria da; ekimen pribatuaren aldetik, Mahaiaren bultzatzaile nagusia, gainera. Turismo Mahaian ere parte hartzen du, itsas-sektoreko ordezkari gisa eta SICTED programako bigarren zikloa bukatzen ari da.

Azkenik, Bidasoa Activaren ustez, Imanol Garmendiak beti eskualdeko turismoaren aldeko apustua egin du eta aitortza publiko honek Bidasoa eskualdeko turismo-proiektuetan izan duen inplikazioa saritzen du, Euskadiko turismoa garatzen laguntzen duela kontuan hartuz.

2013ko Turismo Sarien aipamen berezia

Pozalaguako kobazuloari aintzatespena

2013ko Turismo Sariak osatzeko, epaimahaiak Pozalaguako kobazuloa, Repsol Gidak Estatuko 2013ko Txokorik Onena gisa saritua, aintzatetsi nahi izan du aipamen berezia eginez:

«eta 3.000 biztanleko Karrantza herriak egin duen ahalegina nabarmendu, Repsol Gidak antolatutako lehiaketan Pozalaguako kobazuloa "Estatuko 2013ko txokorik onena" gisa aitortua izan dadin mundu osoko 741.633 boto lortu dituelako, eta horrela, mundu osoari marketin lezio bat eman diolako».

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @aarrietacalleja
    2013.eko azaroak 08

    Comentario de Twitter:
    Los Premios Comercio y Turismo 2013 rinden homenaje a la innovación, la dinamización y la trayectoria profesional http://t.co/iGrwA9UILN