Berriak Lehendakaritza

Euskadik eta Nafarroak harremanak estutu dituzte

2013-11-07

Iñigo Urkullu lehendakariak bilera bat egin du Nafarroako Foru Erkidegoko presidente Yolanda Barcinarekin. Bi erakundeek elkarlanean aritzeko prestasuna dutela adierazi du lehendakariak bileraren ostean, esparru komun batzuek herritarrei eragiten baitiete. Lehendakariak gaineratu du bi erakundeen arteko harremanek «errespetua, adeitasuna eta zintzotasuna» izan behar dituztela oinarri.

Kataluniako kontsultaz galdetuta, beste autonomia-erkidego batzuetan hartutako erabakien aurreko «begirunea» agertu du lehendakariak. Bere gobernuak defendaturiko estatus politiko berriari buruz, bestalde, Legebiltzarreko talde guztien adostasuna bilatuko dutela azaldu du Urkulluk, geroago euskal gizarteak berretsi ahal izan dezan.

Fagor
Kazetarien galderen aurrean, Edesa lantegian lortutako modukoaren akordio bat baztertu du Urkulluk Fagor Etxetresnak enpresarako. Jaurlaritzaren kezkarik handiena Fagor enpresa ixteak «euskal ekonomian ahalik eta eraginik txikiena» edukitzea dela orain azaldu du lehendakariak. Fagor Etxetresnak enpresak aurkeztutako bideragarritasun-plana Mondragon Korporazioak baztertu zuela gogorarazi du Urkulluk, eta gobernua orain ezin dela «enpresa bihurtu herri-erakundea baita».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Yolanda Barcina