Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Produktu eta zerbitzuen ingurumen irizpideen araberako diseinua eztabaidagai izango dute 350 adituk ekodiseinuaren eta etxegintza iraunkorraren IV. kongresuan

2010.eko apirilak 22

Kongresuari irekiera eman dio gaur goizean Pilar Unzalu sailburuak

Sailburuak, "letra larriko iraunkortasuna lortzeko, lehiakortasuna eta ingurumena bateratu beharra" azpimarratu du.

Kongresuaren irekiera ekitaldian, Pilar Unzalu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde, Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, "letra larriko iraunkortasuna lortzeko, lehiakortasuna eta ingurumena bateratu beharra" azpimarratu du, batez ere, nazioarteko krisialdi ekonomikoaren garaiotan, ingurumen berrikuntza izan daitekeelako enpresen lehiakortasuna eta biziraupena bermatzeko modua.

Horrela, Pilar Unzalu sailburuak aipatu du "Euskadiko enpresek, administrazioaren laguntzarekin, azken urteotan aurrera eramandako produktu politika guztiek eragin zuzena eta erabat positiboa" dutela ingurumenarengan; izan ere, CO2 kopuruak milioi bat tona egin du behera. 

Sailburuaren esanetan, energia kontsumitzen duten produktuen diseinu ekologikoaren gaineko zuzentaraua aplikatzeko eremua zabaldu izana (energiarekin lotutako produktu guztiak barnean hartzeko) "kontsumoaren eta ekoizpen jasangarriaren inguruko politika europar berritik ondorioztatuko den ekimen nagusietako bat da". Zuzentarau berriak gutxieneko baldintzak ezarriko dizkie ingurumenean eragiten duten produktuei, eta ingurumenari lotuta funtsezkoak diren aldeei arreta berezia jarriko die. Energiarekin lotutako produktuentzako ekodiseinuaren zuzentarauak 65 produktu talderi eragiten diete gaur egun.

Euskadin zuzentarau honek 10 langile baino gehiagoko industrien % 10i eragiten die, baina baliteke etorkizunean kopuru hori bikoiztea. Unzaluren esanetan, "funtsezko tresna da enpresentzat, merkatuan euren produktuak bereiztea bermatzeko eta energia eraginkortasuna eta sistema hauetan aurreikusitako eraginkortasun energetikoa eta ingurumen irizpideak ziurtatzeko".

Gaur egun, EAEn 60tik gora dira euren produktuak Ingurumen Sailak bultzatutako sustapen programei esker ekodiseinatzen dituzten enpresak eta ehunka dira, sailburuaren esanetan, teknologia hori erabiltzen hasi direnak.

Euskadin 15 enpresak jaso dute Ekodiseinua ziurtagiria, Estatu osoan ziurtagiri hori lortu duten enpresen erdiak, gutxi gorabehera. Datu horrek argi erakusten du metodologia honek EAEko industrian lortu duen hedapena.

Ekodiseinua bereganatzeko prozesuak bultzatu nahi dituzten enpresen eskaria gero eta handiagoa da, eta horrek gure lan-ildoak behin eta berriro aztertzea eskatu digu, alor honetan Europako Batasunetik bultzatzen dituzten ingurumen politiken zuzentarauei jarraituz.

Horrek "konbentzitu egiten gaitu eta animatu egiten gaitu EAE Europa mailako politika berriak probatzeko leku egoki gisa eskaintzera, Administrazioaren borondateaz gain, efizientziaren eta lehiakortasunaren alorrean aurrera egin nahi duen industria baten gaitasuna baitugu", adierazi du sailburuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu