Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 650,8 milioi euro bideratuko ditu garraio jasangarrira zein ingurumeneko eta lurraldeko jarduera arduratsura

2013.eko azaroak 06


• Oregi sailburuaren sailak 474 milioi euro inbertituko ditu trenbide-azpiegituretan: Euskal Ya, trenbide- eta tranbia-sare propioa eta Metro Bilbao.
• 56,6 milioi esleitu ditu ingurumena eta urak babesteko.
• 14,6 milioi uholdeak prebenitzeko Urumearen arroko udalerrietan, Gobela ibaian (Getxon), Nerbioin eta Gasteizen.
• 2,4 milioi bideratuko ditu lurralde eta paisaiaren antolamendua kudeatzera.
• Garraio Jasangarriaren Gidaplan berria egitea.
• Garraio-sektorerako laguntzak emango ditu arlo hauetan: jarduera uztea, elkartegintza, enpresa-metaketa eta teknologia berriak.
• Euskal aireportuen sustapena eta aire-kudeaketari buruzko plana.
• Zentro eta plataforma logistikotan parte hartuko du, bereziki Arasur parke logistikoan.
• Trenbide-ibilgailuak modernizatuko ditu.
• 3,5 milioi euro emango ditu ekosistemak kontserbatzeko, eta 6,4 milioi euro ingurumen-arloko erantzunkidetasun publiko-pribatu eta herritarrenerako.
• 13,1 milioi ditu euskal titulartasuneko portuetan mantentze- eta hobekuntza-lanak zein jarduketak egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 650.860.000 euro izango ditu guztira datorren urtean, Ana Oregi sailburuak gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko aurrekontuaren arabera. Iaz baino % 9,5 handiagoa da zenbateko hori. Oregik adierazi duenez, «Ia ehuneko laurogei bideratuko da gure Herrialderako etorkizun ekonomikoa bermatzen duten inbertsioetara. Garraio jasangarrian, lurralde-politika orekatuan eta Europa aurreratuenaren ildotik doan ingurumen-jarduketan jarriko du arreta sailaren inbertsioak».

Aurrekontu-programen artean, euskal trenbide-sare berriari (Y) dagokionak izango du inbertsio handiena (350.681.750 euro; aurrekontuaren % 54 alegia); ondoren Trenbide Garraioaren Azpiegitura eta Kudeaketari dagokiona dator (210.797.003 euro), % 37,7 handituta 2013ko aurrekontu-proiektuaren aldean.

Plangintza eta Administrazio Hidraulikoak 30.050.000 euro izango ditu (+ % 0,2); Portuek 15.449.049 euro (+% 2,3); Ingurumen Babesak 26.509.649 euro (- % 1,6); Ingurumen eta Lurralde Politikaren egiturak eta laguntzak 7.620.806 euro (- % 9,9); Lurralde Antolamenduak 3.837.000 euro (-% 3), eta Garraio Plangintzak 5.914.741 euro (- 0,4 %).

Lurralde-antolamendu eta -plangintza atalak 2,4 milioi euro izango ditu sailaren kontuetan lurralde-antolamendua, paisaia eta lurralde-informazioa kudeatzeko tresnetarako. Industria-aurriak eraisteko maileguak 651.829 eurokoak izango dira kreditu bigunetan; 733.000 euro egongo dira azterlanak egiteko; 70.000 euro XIII. Euskal Hiria Kongresua egiteko; 49.136 euro Inbentario eta Udalplanerako, eta 175.000 euro paisaia sustatzeko, lurralde-antolamenduko eta -plangintzako funtsezko elementu modura.

Ingurumena eta ura
Ingurumen-politika arduratsua egitea nabarmendu du Oregik Legebiltzarrean; 56.559.649 euro bideratuko dira horretara 2014an. «Aurrekontuko diru-kopuru horren bidez, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak azaldutakoaren arabera, jarduera-ardatz hauek landu nahi dira: ekosistemen kontserbazioa, ingurumen-kalitatearen hobekuntza, baliabideen eta hondakinen kudeaketa jasangarria, erantzunkidetasun publiko-pribatuaren eta herritarrenaren alde lan egitea, eta ingurumen-administrazioa bizkortzea eta sinplifikatzea.

Ekosistemen kontserbazioari dagokionez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eman beharreko laguntza hauek nabarmentzen dira: klima-aldaketarekin lotutako I+G proiektuak (200.000 euro), Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzeko jarduerak (600.000 euro), Txingudiko badia lehengoratzeko zein Hendaia eta Hondarribia arteko bizikleta-lotura egiteko gidaplana (500.000 euro 2014an).

Ingurumen-kalitatea hobetzeko, 35,05 milioi euroko gastu kontsolidatu bat aurreikusi du sailak URA agentziaren bidez; batez ere uholdeak prebenitzeko hainbat jarduera egingo dira, bereziki Urumearen arroan (Hernani, Loiola, Martutene, Donostia eta Andoain), Gobela ibaiaren ondoan (Getxo) eta Nerbioi ibaian (Basauri eta Galdakao). Araban Gasteizko hegoaldeko ibaietan egingo dira hainbat jarduera, bestalde, bai eta Arabako horniduretan eta EAE osoko saneamenduetan ere.

Baliabide eta hondakinen kudeaketa jasangarriari dagokionez, 550.000 euro bideratuko dira horretara; hala, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko plan bat egingo dela nabarmendu beharra dago (150.000 euro). Horretaz gain, 6,3 milioi euro bideratuko dira erantzunkidetasun publiko-pribatuaren eta herritarrenaren aldeko lanera. Arlo horretan diru-laguntzak jasoko dituzte udalek lan-ildo hauetan: aire-kalitatea, zarata, kutsatutako lurzoruak, klima-aldaketa eta biodibertsitatea (3 milioi euro); ikastetxeek ere izango dituzte hezkuntzarako laguntzak Eskolako Agenda 21en barruan (750.000 euro).

Oregik zuzentzen duen sailaren mendeko Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 7,4 milioi euroko aurrekontua izango du hauek burutzeko: industria-isurpenen zuzentarauaren esparru berrira egokitzea, ekodiseinuko lan-ildo berriak, Udalsarea 21, ekoeraginkortasuna euskal enpresan programa eta erosketa publiko berdea.

Garraioak eta trenbideak
Euskadin «garraio eta mugikortasun jasangarriak eta eraginkorrak» lortzeko helburua nabarmendu du Oregik. «Ildo horretatik doa trenbideko Yaren garapena; Bruselak finkatutako lehentasunei erantzuten die, eta ekarpen handia egingo die gure garapenari zein gure inguruarenari. Aireportuen kudeaketa osagarria eta integratua behar da, bai eta logistika-plataformen garapena ere (bereziki Arasur, Lezo-Zaisa eta Jundiz). Bilboko, Pasaiako eta Bermeoko portuen intermodalitatea sustatzen dugu, baita euroeskualdean nazioarteko bide-zabalera estandarreko trenbide-lotura ere, batez ere Calais/Baiona salgaien trenbide-autobidea aurki egin behar dutela kontuan hartuta».

Garraio-programen aurrekontua 582,8 milioi eurokoa da. Euskal trenbide-sare berriak, kudeaketa-kredituei dagokienez, aurrekontu osoaren % 60,1 hartuko du; Trenbide Garraioaren Azpiegiturak eta Kudeaketak % 36,1; portuek % 2,6, eta Garraio Plangintzak % 1,2.

Pertsonen eta salgaien garraioen arloan hainbat diru-laguntza izango dira Gipuzkoarako eta Mugi txartela ezartzeko (938.855 euro), bai eta Euskadiko Garraio Agintaritza eratzeko ere (1.500.000 euro). Logistika-plataformak sustatzeko, bestalde, 445.200 euro izango dira; 453.600 euro laguntza, beka eta diru-laguntzetarako, eta 365.000 euro aireportu-eredu integraturako.

Burnibideak
Eusko Trenbideak erakundeak aurrekontuko 96,4 milioi euro izango ditu titulartasun propioko trenbide-sarea ustiatzeko. Trenbide-azpiegituren programetan, halaber; hauek nabarmentzen dira: trenbideetarako partidak (81,4 milioi euro), Bilboko Trenbide Metropolitarra (51,8 milioi euro), Y trenbide-sare berria (15,5 milioi euro, bere finantzaketa propioari dagokionez), eta kudeaketa-kredituak, kupo bidezko deskontuak eginda (350,68 milioi euro).

ETS Euskal Trenbide Sareak 157,5 milioi euro ditu; horietatik, 34 milioi euro Gipuzkoako inbertsioetara bideratuko dira (Herrera-Altza, Loiola-Herrera, Amaña-Ardanza, Arasoko lantegiak eta Ermuko bikoizketa), eta 70,3 milioi euro Bizkaikoetara (Durangoko azpiegitura zaharren birmoldaketa, Metroaren 3. linea eta Artxandako tunela).

Portu-azpiegiturei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 13,1 milioi euro inbertituko ditu euskal portuetako arrantza-, merkataritza- eta kirol-azpiegiturak mantentzen eta hobetzen.

EKP Euskadiko Kirol Portuak sozietateak 3,62 milioi euroko aurrekontua izango du itsas turismoa, haren jardueraren inguruan sortutakoa zein jolas eta aisiako jarduerak bultzatzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)