Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Ertzaintzaren berrantolaketa finkatu du, herritarren segurtasuna, informazioa eta polizia-ikerketa sendotzera aurrekontu handiagoa bideratuta

2013.eko azaroak 06
11 milioi baino gehiago bideratuko dira poliziaren ibilgailu-parkera, 6 jantziteriara eta uniformeetara eta 34 informatika-sistemetara eta telekomunikazioetara

2014ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Eusko Legebiltzarrean, Administrazio eta Zerbitzu sailburuorde Iñaki Gurtubairekin eta Polizia eta Larrialdi Zerbitzuen Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenarekin batera. Orotara 609 milioi eurokoa izango da aurrekontua, 2013koa baino % 4,5 handiagoa; alegia, 26 milioi gehiago.

«Aurrekontu honekin, Segurtasun Sailak bermatu egin du Eusko Jaurlaritzak segurtasun publikoaren alde hartutako konpromisoa. Horren ardatza da larrialdien, meteorologiaren, zirkulazioaren, jokoaren eta ikuskizun publikoen arloetan diharduten 8.000 ertzainen eta beste 900 langile publikoren lana», adierazi du Estefanía Beltrán de Herediak.

Aurrekontuaren % 95 Ertzaintza Zerbitzuan programak hartzen du; 576 milioi, «Ertzaintza 2016 Ortzimuga Plan Estrategikoa» finkatzea ekarriko dutenak. Plan horren helburuak dira prebentzioko eta parte hartzeko ikuspegi proaktiboa eta informazioa eta ikerketa sustatzea eta kudeaketa-eredu berri bat ezartzea.

Promozio berria

Polizia eta Larrialdi Zerbitzuen Euskal Akademia berebiziko garrantzia duen zerbitzu transbertsala da segurtasun integraleko euskal eredu berriaren ildo estrategikoak ezartzeko. Arkauteko Akademiak 12,2 milioi bideratuko ditu ertzainen, udaltzainen, suhiltzaileen eta babes zibileko langileen jakintza eta trebetasuna birziklatzea eta hobetzea xede duten trebakuntza-jarduerak gauzatzera.

Gainera, 2014an, Oinarrizko Eskalako Agente Kategorian (120 plaza) sartzeko prozesu berria irekiko da, hutsik gera litezkeen lanpostuak betetzeko. Era berean, abian jarriko dira barne-promozioko hautapen-prozesuak, Ertzaintzaren antolaketa-egituraren beharren arabera. Bestalde, su itzalketaren esparruko erakunde eskudunei dagokienez, Arabako, Bilboko, Bizkaiko eta Gasteizko suhiltzaile-zerbitzuetan sartzeko eta barne-promoziorako trebakuntza-ikastaroak eskainiko dira. Aldi berean, Ertzaintza 2016 Ortzimuga Plan Estrategikoaren barnean, espezializazio eta hobekuntza profesionaleko ikastaroek bultzada handia jasoko dute.

Ibilgailu-parkea eta jantziteria berritzea

Herritarrengana hurbiltzearen alde egindako apustua eta Euskadiko kaleetan polizien presentzia areagotzea ibilgailuen parkeari eta polizien jantziteriari loturiko gastu‑lehentasunetan islatuko dira. Esaterako, ibilgailuen parkea mantentzeko, konpontzeko edo berritzeko kontu-sailak 11 milioi eurotik gorakoak dira. Bestalde, 2014ko aurrekontuan, jantziteriaren eta uniformeen kontu-saila 6,6 milioi eurokoa da, 2013koa halako bi, agente guztien oinarrizko ekipamendua osatzeko eta uniformeak bateratzeko.

Informazioari eta ikerketari emandako bultzadaren isla da informatikara eta telekomunikazioetara bideratutako 34 milioiko kontu-saila. Horrela, batetik, poliziaren eguneroko jarduerak gauzatzeko behar diren sistema eta aplikazioen mantentze-lana egin ahal izango dira eta, bestetik, ikerkuntza-zereginetarako lagungarriak diren polizia-informatikako tresnak garatuko dira; adibidez, hatz-markak kudeatzeko AFIS sistema.

Kontu-sail aipagarrienen artean dago genero-indarkeriaren emakumezko biktimei laguntzeko zerbitzuarena. 5.040.000 euro bideratuko dira horretara, baina, aurreko urteetan bezala, kopurua handitu ahalko da, kondizioen eta premien arabera.

Polizia-etxeak mantentzeko, garbitzeko, konpontzeko eta zaintzeko gastua 18,4 milioikoa da. Gainera, 2014rako 1,8 milioi erreserbatu dira hainbat lan egiteko; esaterako, Iurretako ertzain-etxeko erdiko plaza iragazgaizteko (476.000) eta gas-sarea instalatzeko (107.000), Donostiako polizia-etxean hiru solairuarte berri eraikitzeko (354.285), Berroziko sarbidea konpontzea (101.200) eta Berrozin energiako auto-hornikuntza eta nahikotasuna areagotzeko biomasa-zentral bat instalatzea.

Azkenik, Segurtasun Sailak 11,6 milioi euro bideratuko ditu Trafiko Zuzendaritzara, 7,7 milioi euro Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzara, 5,2 milioi euro hautes‑prozesuetara, 5,7 milioi euro Egitura eta Babesera, eta 1,8 milioi euro Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzara.

Larrialdiei aurre egiteari dagokionez, hauek nabarmendu behar dira: 112 telefonoan jasotako larrialdiko deiei arreta emateko 1,4 milioiko kontu-saila eta irabazi asmorik gabeko erakundeen diru-laguntzak; Gurutze Gorria (453.000 euro), DYA (103.500 euro), salbamenduko txakurren taldea (36.000 euro), Euskal Mendizaleen Federazioa (25.000 euro) eta Euskal Espeleologoen Elkargoa (15.000 euro).

Euskalmeten iragarpen meteorologikorako 1,8 milioi bideratuko dira eta estazio meteorologikoen sarearen mantentze-lanak 664.000 euro kostatzen du. Kontu-sail honi 157.850 euro gehitu behar zaizkio, material hidrometeorologiko berria erosiko delako.

Gainera, 200.000 euroko kontu-saila gorde da, Kapilduiko radar meteorologikoan radomoa ordezteko eta berria instalatzeko.

Zirkulazioaren kudeaketa

Segurtasun Sailaren aurrekontu-proiektuak 11,6 milioi bideratuko ditu Trafiko Zuzendaritzara.

Trafikoa Kudeatzeko Txurdinagako Zentroaren deien arreta- eta kudeaketa-zerbitzuak, 011 telefonoak, 940.000 euroko aurrekontua izango du. Aldiz, zirkulazioa kontrolatzera, zentzurik zabalenean, 750.000 euro inguruko kontu-saila bideratuko da.

Kopuru horri 1.193.600 euro gehitu behar zaizkio, errepideetan sentsore‑ekipamenduen eta ‑instalazioen mantentze-lana egiteko eta haiek berritzeko, funtsezkoak baitira euskal errepideetan istripu larriak prebenitzeko eta murrizteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)