Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk saileko enpresa publikoen eredu berri bat azaldu du: zeharkako arloak partekatu egingo dituzte

2010.eko apirilak 21

Sailburuak adierazi duenez, ohiko gastua % 20 murriztu da dagoeneko 2010ean, eta datorren ekitaldian beste % 15 gehiago murriztu daiteke.

Gasteiz, apirilak 21.- Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur ziurtatu duenez, sailari atxikitako enpresen ohiko gastua % 20 murriztu da 2010ean, 2009ko gastuarekin alderatuta, eta ekonomia-baliabideak eta pertsonalekoak optimizatzeko eta enpresa-egiturak partekatzeko diseinatutako neurriekin, 2011n ohiko gastua beste % 10 edo % 15 inguru murriztu daitekeela uste da.

Pilar Unzaluk urtarrilaren 15ean Eusko Legebiltzarreko Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean agertzea eskatu zuen, bere saileko enpresen berrantolaketa azaltzeko. Irizpideak "zorroztasuna, zehaztasuna eta gardentasuna" izan direla adierazi du, eta sozietate guztien funtzionamendua arrazionalizatzen ahalegindu direla.

"Enpresak berrantolatzeko lehen fasea urte honen amaiera aldera burutzea espero dugu, eta ohiko gastuaren murrizketa ehuneko 20an finkatzea. Horrekin batera, gastua arrazionalizatzeko neurri estruktural guztiak erabiliko ditugu, eta horiek ahalbidetuko digute 2011. urtea % 35eko murrizketarekin amaitzea, 2009an sail honen zuzendaritza onartu nuen unearekin alderatuta" baieztatu du.

Enpresa horiek denek, guztira, 84.500.000 euroko aurrekontua daukate, eta horietatik 59.500.000 Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jartzen ditu. Beraz, gainerako ehuneko 29a autofinantziaziotik ateratzen da.

Jaurlaritzara iristean aurkitu zuen egoeraren diagnostikoa egitean sailburuak azaldu duenez enpresa publikoen egitura eta zerbitzuak aztertu dira: Itsasmendikoi (IMK), Ihobe, Neiker, Azti, Kalitatea, Basque Food, Elika, Hazilur eta IKT. Sailaren politikak kudeatzeko zutabe bat eratzen dute, eta 770 pertsonari ematen diote enplegua. "Goi-mailako kualifikazioa duen pertsona-taldea da, bere lanarekin eta sektorearekin konprometitua, eta egitasmo konplexuak arrakastaz garatzeko gai dena" zehaztu du Pilar Unzaluk.

Azterketa horretan egiaztatu denez, enpresa horien tipologia anitza da -fundazioak, kapital publikoa duten sozietate anonimoak, sozietate mugatuak, etab. daude-; aurrekontuan sailaren menpekotasun handia dute; eta, gastu-partidak ikusita, hau nabaritu da: "masa kritikoa aprobetxatuz asko aurreztea lor daitekeela, talde gisa baldintzak hobetzeko eta hobeto negoziatzeko, indar-posizio batetik, komunikazio arloko kontratazioak, lege-aholkularitza, aholkularitzak, hornidurak, etab.".

Diagnostiko horrekin, hiru ataletan zatitutako egitura diseinatu da: bat, ikerketa eta garapenarena, Tecnalia korporazioko Azti eta Neikerren inguruan; beste bat, Ingurumenarena, Ihobetik jorratzen dena; eta hirugarren atala bat, lehen sektorera bideratuago dauden enpresak biltzen dituena: IMK, Basque Food, IKT, Hazilur, Elika edo Kalitatea.

Azken talde horretako enpresek jarduera osagarriak egiten dituzte balio-katean, sinergiak eta baliabideak partekatzeko aukerak eskaintzen dituzte, eta koordinazio handiagoarekin onura aterako lukete. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren enpresa-korporazio bilakatzea proposatzen da, landa-ingurunea eta itsasoko ingurunea bultzatzeko. Lehen fasean, sozietate bakoitzaren izaera juridikoa errespetatuko litzateke, baina korporaziora igaro ahal izango lirateke zeharkako arlo batzuk -komunikazioa, nazioarteko egitasmoak, erosketak-, taldearen estrategia-plangintza eta antolamenduaren garapena, taldearen funtzionamendua optimizatzeko.

Enpresa horietan ez ezik hogeita hamar bat enpresa-egitasmotan Eusko Jaurlaritza gauzatzen ari zen papera ebaluatu da, esku-hartze horren etorkizuna argitzeko eta Eusko Jaurlaritza partaide den sozietateen egitura sinpletzeko.

Azterketa egiteko, bi irizpide hartu dira aintzat. Alde batetik, egitasmoak sailarekin duen lotura: hau da, bere helburuekin bat datorren, jarduera ekimen pribatuz ere egiten den edo enpresa hori egotea beharrezkoa edo onuragarria den zerbitzua eskaintzeko. Eta, bestetik, jendarteari ekartzen dion balioa: hau da, interes orokorrekoa edo interes sektorialekoa den, arloko eragileen konpromisoa eta parte-hartzea dagoen edo inbertsioak eragin biderkatzailea duen.

Irizpide horietan oinarrituta, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak guztira 16 enpresa desegitea edo horietan parte hartzeari uztea erabaki du, eta beste bost egitasmo aztertzen ari dira oraindik.

"Sailaren helburua, berrantolaketa horrekin, ez da enpresak egin edo desegitea, baizik eta zorroztasunez, gardentasunez eta zehaztasunez jokatzea, azaldu diren irizpide garbiekin egin den diagnostikoa ezarriz. Irizpide horiek zehazten dute Jaurlaritzak enpresa-egitasmo bat finkatu behar duen edo horretan esku hartzeari utzi egin behar dion" esan du Pilar Unzaluk.

2 iruzkin
  • @tuttoenbilbao
    2010.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    Acabo de ver las sociedades públicas del dpto agricultura y pesca ... y me dado vergüenza ajena, para que tantas? http://bit.ly/cy6fUU

  • @blancourgoiti
    2010.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Pilar Unzalu expone el nuevo modelo de empresas del públicas del departamento, que compartirán áreas http://bit.ly/cy6fUU

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu