Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak iragazki berdeen bitartez araztuko ditu Garteiz´ko baserrietako urak (Urdaibai), ur-landareak erabilita

2013.eko azaroak 05
  • Kostu txikiko teknologia da; lurzoruaren eta landareen gaitasun fisikoa, kimikoa eta biologikoa baliatzen du hondakin-urak arazteko
  • Ana Oregi: «Baserri isolatuetako saneamenduetarako alternatiba oso ona eta ekonomikoa da»

Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza bat emango dio Ibarrangeluko Udalari hiriko hondakin-uretarako arazte naturaleko sistema bat ipin dezan Garteiz auzoan iragazki berderen bitartez. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak «iragazki berde»ko proiektu pilotu bat prestatu du Garteiz landagunean (Ibarrangelu), Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan; haren bitartez hondakin-urak landare makrofita flotatzaileen bidez arazteko sistema berritzaile bat ezarriko da.

Hainbat baserri sakabanatuk osatzen dute Garteiz landagunea, Ibarrangelun (Bizkaia), eta hondakin-urak isurtzeko sistema zaharkitua du. Landagune isolatu bat da, saneamendu-sare orokorrik gabekoa; haren kokapen geografikoak, halaber, dagoen saneamenduko sare orokorrerako grabitatezko hargunea egitea eragozten du. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritziz, «punpatzeko sistema zail eta garesti bat ezarri beharrean, arazteko ohiz kanpoko sistema bat ezartzea planteatu da hondakin-uren tratamendu orokorra egin ahal izateko ingurune naturalera isuri aurretik».

Garteiz, Urdaibai Biosfera Erreserban kokatuta, alubio-estuario sisteman eta sistema karstikoan dago; horrelako tokietan zaindu behar dira bereziki arroko sistema hidrogeologikoak. Urdaibai Biosfera Erreserba MaB Programaren barruan dago; nazioarteko programa bat da kontserbazio eta garapen jasangarriaren arloko ikerketa, trebakuntza eta zabalkundea egiteko. «Natura-baliabideak zaintzea zein garapen ekonomiko eta sozial jasangarria lortzea bateragarri nola egin esperimentatzeko, hobetzeko, frogatzeko eta garatzeko gunetzat hartzen dira espazio horiek», azaldu du Oregik.

Arazte jasangarria
Ana Oregiren iritziz, «energia-beharrik ez duen arazteko sistema autonomo, ekologiko eta jasangarri baten bideragarritasun teknikoaren azterketarako proiektu pilotu bat da; hala, isolatuta dauden herrigune, landa-auzo eta/edo baserrietarako sistema ezin hobea definitzea ahalbidetzen du, gunearen kokapen geografikoak eta orografikoak baldintzatu gabe. Haren kokapena, Urdaibairen barruan, ezin hobea da esperimentu modura arazte-sistema ez-konbentzional, jasangarri, autonomo eta ekologiko bat ezartzeko; era horretan irtenbidea teknikoki egokia den ikusiko da, bai eta azkenean arazteko bideragarria den ere».

«Landaguneetan gara daitezke, hain zuzen, hondakin-uren tratamendurako «sistema bigunak» deritzenak; landareek urmaeletan eta ibaietan modu natural batez egiten duten uren autoarazketako prozesua imitatzea da haien ezaugarri nagusia. Energia konbentzional gutxi kontsumitzen dute, eta kostu txikia dute», gaineratu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak.

Proiektu pilotua
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak proiektu pilotu bat garatu nahi du Ibarrangeluko Udalarekin, aipatutako tokian hiriko hondakin-urak modu natural batez arazteko sistema bat ezartzeko iragazki berdeak erabiliz. Iragazki berdea esaten zaio kostu eta ustiapen txikiko teknologia bati, zeinak lurzoruaren eta landareen gaitasun fisiko, kimiko eta biologikoa baliatzen duen hondakin-urak arazteko. Halaber, sistemaren bideragarritasuna aztertuko da, bai eta beste landagune txiki batzuetara hedatzeko aukera ere.

Isurketa-guneen arteko bilketa-sare bat aurreikusten du proiektuak, hondakin-uren tratamendurako toki bateratu batera bideratzeko. Lurpeko kanalizazioa erabiliko da urak biltzeko eta desbideratzeko, grabitateko PVCzko kolektoreekin, eta isurketa-guneetarako harguneak egingo dira baserri eta lurzatietako irteeretan. Gainera, iragazki berdeen bidezko tratamendu ekologiko bat ezarriko da, landare makrofita flotatzaileen edo legarreko sistemaren bidez.

«Ur gaineko landare horien iragazki berdeek, gastu energetiko txikia eta eraginkortasun handia dutenez, Kyotoko Protokoloko eta Uraren Esparru Zuzentarauko helburuak lortzen laguntzen dute», azaldu du Ana Oregik. Era horretako hondakin-uren tratamendurako leku ezin hobeak dira Garteiz moduko baserri-nukleoak; horren ezaugarri nagusia landareek urmaeletan eta ibaietan modu natural batez garatzen duten uren autoarazketako prozesua erreproduzitzea da, hain zuzen».

Flotazioko Makrofiten bidezko arazketa-sisteman sustrai eta errizomen belaki trinko bat osatzen dute espezie horiek ontziaren (urmaela edo ubidea) bolumen osoa hartuta, eta ura landareen nahas-mahas horretatik ibiltzera behartzen dute; horretaz gain, materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoen euskarri modura ere balio du. Landareek bertakoak izan behar dute.

Haien sustraiak, errizomak eta zurtoinaren zatia urpean gelditzeko moduan jartzen dira. Orain arte landare hauek erabili dira batez ere: lezka arruntak (Phragmites Sp.), esparganiazeoak (Sparganium Sp.), ihiak (Scirpus, Schoenus), kalak (Iris pseudocorus) eta lezkak (Typhasp.). FMF sistemaren abantailak haren mantentze ekonomikoa eta ezartzeko erraztasuna dira. Iragazkiko landareek lokatzak «digeritzen dituzte», eta era horretako hondakinak degeneratzeko arazoa saihesten da horrela.

Beste sistema bigun hauek ere erabiltzen dira: urmaeleratzea, hondakin-ura hainbat urmaeletan isurtzen da arazketa egiteko; iragazki berdeak, landare belarkarak dituzten azaleren gainean ureztatzea adibidez, edo zurezko landarezko iragazki berdeak (makaldiak eta kanaberadiak esaterako), non hondakin-ura isurtzen den.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @inigoPalacios
    2014.eko azaroak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @jurquijophoto: @ElisabethLahoz @inigoPalacios @iAgua Gobierno Vasco tb tiene experiencias con viviendas aisladas http://t.co/7X45UdfvzK

  • @jurquijophoto
    2014.eko azaroak 28

    Comentario de Twitter:
    @ElisabethLahoz @inigoPalacios @iAgua Gobierno Vasco tb tiene experiencias con viviendas aisladas http://t.co/7X45UdfvzK

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)