Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja jarriko du indarrean gaur arratsaldeko hiruretatik zazpiak arte, olatuak direla eta

2013.eko azaroak 04

Baliteke bost metroko olatuak izatea

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja jarriko du indarrean gaur arratsaldeko hirurak eta zazpiak artean kostaldean, olatuek 5 metroko altuera har dezaketela aurreikusten baita.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur hilak 4 eta bihar hilak 5 Euskal Autonomia Erkidegoak ipar-mendebaldeko denborale indartsu bat jasango du gure lurretatik hainbat fronte igaroko direla-eta. Horrenbestez, euri-jasa ugari, eta mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haize bolada gogorrak izango ditugu, batez ere kostaldetik gertu. Hori dela eta, litekeena da olatuek 5 metrora arteko altuera hartzea, batez ere gaur arratsaldean zehar. Biharko egunaren bigarren partean, aldiz, denboralea baretu egingo da.

Denboraleak utziko digun daturik esanguratsuena olatu oso indartsuak izango ditugula da. Uneotan marea biziak izaten ari garela kontuan izanik, olatuek kostaldea indar handiarekin kolpatzea espero da. Hori dela eta, arreta handiarekin jokatzeko gomendioa luzatzen du Segurtasun Sailak, batik bat itsasgora heltzen denean.

Unerik zailenak gaur arratsaldean emango direla espero da, olatuek 5 metro baino gehiagoko altuera har baitezakete haizearen eta hondoko itsasoaren eraginak bat egitean. Kontuan izan behar da ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa 4 metro ingurukoa izango dela, eta olatuak 13 segundoz behin helduko direla kostaldera.  Gaur arratsaldeko itsasgora 16:55ean izango da, 4,63 metroko altuera estimatuarekin.

Bestalde, egunotan gure lurretatik fronte hotz aktibo bat eta fronte bero bat ia bata bestearen atzetik igaroko dira, eta, ondorioz, euri-jasa ugari izango ditugu, ia atertu ere ez egitea litekeena delarik, batik bat Kantauri isurialdean. Hain zuzen ere, Kantauri isurialdeko toki jakinetan 24 orduko epean 60 mm euri-ur metatzera irits daitezke. Haizea ere indartsu izango dugu egunotan, mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haize boladak orduko 80-90 kilometrokoak izatera hel daitezkeelarik, batez ere kostaldetik gertu dauden haizeguneetan.

Horiek horrela, laburbilduz aurrez aurre giro desatsegina, haizea, euria eta olatu indartsuak utziko dituen bi eguneko udazkeneko ipar-mendebaldeko denborale bat dugula esan dezakegu. Tenperaturak, berriz, nahiko goxoak izango dira.

Oharra: Eguraldiaren pronostikoaren eta alerten eguneratzea Euskalmet bitartez (http://www.euskalmet.net) jarraitzean gomendatzen da −alerten kasuan, eguneratzeak Twitter bidez (@Euskalmet) jarraitzea da aukerarik onena−.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ganeko7
    2013.eko azaroak 04

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Seguridad activará entre las 15 y las 19 horas de hoy la alerta naranja por oleaje. http://t.co/MVbl4rI4k1