Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2013-2014 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du

2013.eko azaroak 04
Guztira 300 bitarteko mugikor baino gehiago baliatuko dira, tartean elurra kentzeko makinak, garabiak, patruilak eta zaintza eta laguntzarako ibilgailuak

Garbiñe Sáez Molinuevo Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuordetzaren Trafikoko zuzendariak 2013-2014 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du gaur goizean CGTE-ETKZ Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egindako lan-bileran. Bertan, Trafiko Zuzendaritzako teknikari adituez gain, Ertzaintzako, foru-aldundietako, autopistetako, emergentzia- eta meteorologia-zerbitzuetako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek hartu dute parte.

2013-2014 Neguko Bidezaintza Planaren aurkezpena gaur goizean Bilboko CGTE-ETKZren bulegoetan egindako ekitaldian egin da. Bertan, Garbiñe Sáez Molinuevok lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu, tartean Neguko Bidezaintza Plana indarrean jartzeko baldintzak (elur-kota 1.000 metrotik behera izatea), foru-aldundiek eta autobideek elurra kentzeko 159 makina mobilizatzea eta CGTE-ETKZk zazpi garabi mobilizatzea ibilgailu astunak bideetatik kendu ahal izateko. Horrez gain, zaintza eta koordinazio lanetarako laguntzako 112 ibilgailu izango dituzte foru-aldundiek eta autobideek. Ertzaintzak, bestalde, trafikoko unitateetako patruilak jarriko ditu planaren zerbitzura; ez hori bakarrik, planaren fase operatiboan zehar, ertzain-etxeetako agenteen laguntza ere izango du planak.

2012-2013ko neguaren balantzea

Bileran 2012-1013ko neguaren balantzea ere egin da. Hain zuzen ere, iragan neguan planaren informazio eta jarraipen fasea bederatzi aldiz aktibatu zen. Horietako seitan, fase operatiboa bera ere indarrean jarri behar izan zen 700 metrotik behera elurra egin zuelako. 2011-2012ko neguan, berriz, planaren fase operatiboa bi aldiz bakarrik jarri behar izan zen indarrean. Bordeleko CRICR zentroak, berriz, zazpi aldiz jarri zuen bere plana indarrean, eta DGTren Valladolideko zentroak, aldiz, hamabi aldiz.

Euskal errepide-sarean zirkulatzeko datarik gatazkatsuenak honakoak izan ziren iazko neguan: otsailaren 5etik 13era bitartean, otsailaren 22tik martxoaren 1era, eta, azkenik, martxoaren 12tik 15era. Otsaileko elurte handiek zirkulazio arazo larriak sortu zituzten, batik bat Gasteiz eta AP-68 autobidea Altube parean lotzen dituen N-622 errepidean eta N-1 errepidean Agurain eta Egino artean. Horrez gain, mendi-portu garrantzitsuak itxi behar izan ziren une jakin batzuetan elurra kentzeko makinek lan egin ahal izan zezaten; horren adibide garbiena, N-1 errepidean kokatutako Gipuzkoako Etxegarate mendatea izan zen. Aldiz, martxoan izandako elur jasak ez ziren hain oparoak izan, eta, ondorioz, errepide-sare nagusia zabalik eta egoera onean izan zen unerik gehienetan. Salbuespena Nafarroan A-15 autobidean elurraren ondorioz kamioekin izandako hainbat istripu izan ziren; izan ere, arazo horiek A-15 autobidearen Gipuzkoako zatian ere izan zuten eragina, errepidea guztiz itxita egon baitzen bi noranzkoetan hainbat orduz martxoaren 13an.

Garabien mobilizazioa

Esanguratsuena, iragan neguan errepideetan gurutzatutako ibilgailu astun eta artikulatuak kentzeko tona handiko garabiak badaezpada zenbat aldiz mobilizatu behar izan ziren da. Izan ere, 22 aldiz jarri behar izan zen abian zerbitzu hori. Kontuan izan behar da zerbitzuaren helburua ibilgailu astunen batek istripu bat izanez gero izaten diren auto ilarak eta itxaronaldiak ahalik eta gutxien murriztea dela. Hain zuzen ere, zerbitzua hamabost aldiz jarri zen abian Araban, bost Bizkaian eta bi Gipuzkoan.

Azken lau urteotako datuak modu nabarmenean gainditzen ditu 22 mobilizazioko kopuru horrek. Horren erakusle, 2008-09ko negura egin behar dugu atzera hainbeste elurte, eta hain altuera txikian, aurkitzeko. 2011-2012ko neguan, adibidez, hamahiru izan ziren orotara garabien aurretiazko mobilizazioak.

Elurteei aurre egiteko deitutako krisi mahietan ibilgailu astunen zirkulazioa mugatzeko aukera ere izan zen mahai gainean iragan neguan. Azkenean, baina, ez zen horrelako neurririk hartu beharrik izan, besteak beste garraiolari elkarteek, Trafiko Zuzendaritzaren eskaera jarraituz, ezinbesteko joan-etorriak bakarrik egin zituztelako egun kritikoetan.

011 telefono-zenbakira egindako deiak

Neguko Bidezaintza Plana indarrean izan zen otsailaren 5etik 13ra bitartean, Trafiko Zuzendaritzak CGTE-ETKZn duen 011 informazioko telefono-zenbakian 9.861 dei jaso ziren; otsailaren 22tik martxoaren 1era bitartean, berriz, 10.673 dei, eta, martxoaren 12tik 15era, 2.354 dei.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @isabel_cobo
    2013.eko azaroak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La Dirección de Tráfico del Gobierno Vasco presenta el Plan de Vialidad Invernal 2013-14. http://t.co/c21FTwScoc

  • @ibonoz
    2013.eko azaroak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: La Dirección de Tráfico del Gobierno Vasco presenta el Plan de Vialidad Invernal 2013-14. http://t.co/c21FTwScoc

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)