Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzari buruzko akordioa

2010.eko apirilak 21

Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzari buruzko akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Eudelek

  • Goi Ikuskaritzak gizarte-zerbitzuez baliatzeko aukera berdinak izatea bermatuko die euskal herritar guztiei

  • "Erakundeok gizarte-zerbitzuen sistema moderno, aurreratu eta bermatzailearen aldeko apustua egiten dugu, adostasunean oinarrituta", azpimarratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak

Goi Ikuskaritzari buruz lortu duten akordioa aurkeztu dute gaur goizean Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Gizarte Gaietako foru-diputatuek eta Eudel‑Euskal Udalen Elkarteak. Goi Ikuskaritza Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jasotzen den organo berria da, eta legearen aplikazioa ebaluatzea, lurraldeen arteko desorekak ekiditea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioen funtzionamendu egokia kontrolatzea izango dira haren helburuak. Tresna garrantzitsua izango da euskal herritar guztiei gizarte-zerbitzuak jasotzeko aukera berdinak izango dituztela bermatzeko eta prestazioaren kalitatea hobetzeko. Hau da, Goi Ikuskaritzak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren funtzionamendu harmoniatsu eta koordinatua ziurtatuko du.

Bere jardunean gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzeko oinarrizko baldintzak betetzen direla zainduko du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak eskaintzen dituen zerbitzu-mailak eta prestazioa egokiak direla konprobatuko du -Prestazio eta Zerbitzuen Karteran ezarritako baldintzei erreparatuz-, eta kudeaketa-hitzarmenak eta -kontratuak egokiak direla egiaztatuko du.

Lan horren emaitza txostenak eta irizpenak izango dira, eta indarreko arauak betetzen ez diren kasuetan, dagokion administrazioari hori zuzentzeko errekerimendua egingo zaio. Gaur erakundeei aurkeztu zaien akordio horren edukia dekretu batean jasoko da, Eusko Jaurlaritzan barne-izapideak egin ondoren.

Zabaletak bere hitzaldian azpimarratu duenez, Goi Ikuskaritza "urrats bat gehiago da, euskal herritarren askatasuna eta berdintasuna benetakoak direla ziurtatzeko bidean"; izan ere organo horrek bermatuko baitu Euskadiko bazter guztietan arreta berdina emango dela. "Ikuskaritza sortu da euskal herritarrek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioak eta zerbitzuak baldintza berdinekin jasotzeko duten eskubidea benetan bermatzeko, eta ordenamendu juridikoa betetzen dela ziurtatzeko".

Horren ondoren, Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen artean lortutako adostasuna azpimarratu zuen. "Erakundeok geure gain hartzen dugu geure erantzukizuna, gizarte‑zerbitzuen sistema moderno, aurreratu eta bermatzailearen aldeko apustu honetan, eta gaur frogatu dugu aurrera egiteko modurik onena akordioa dela. Organo horren bidez egitura formala sortu dugu euskal administrazio publikoen arteko koordinazioa gauzatzeko. Izan ere, norbaitek kontrakoa pentsatu badezake ere, erakundeak ez daude liskartuta; aitzitik, lankidetzan dihardugu".

"Ezerk ez du kaltetuko gehiago Gizarte Zerbitzuen sistema -gaineratu zuen- adostasun faltak baino, eta ziur naiz ez Eusko Jaurlaritzak, ez aldundiek, ez udalek ez dutela inolako borondaterik logikoak diren desadostasunak erakundeen arteko gatazka bihurtu daitezen, are gehiago kontuan izanik izugarrizko lana dagoela egiteko, eta batzuetan herritarrak itotzen dituzten arazoei eta beharrizanei erantzun egokia ematean dela gure lehentasuna".

Erronka handia da Gizarte Zerbitzuei buruzko legearen moduko arau garrantzitsuak garatzea, eta erakundeek elkarren artean duten konpromisoa erakutsi zuten jada martxoaren amaiera aldean, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren sorrerarekin. Sorrera hori erakundeek dagozkien ordezkariak izendatu bezain laster gauzatuko da.

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak euskal administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa egituratuko ditu, lurraldeen arteko desorekak ezabatzea helburu hartuta, betiere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatze aldera

Bere egiteko nagusien artean, nahitaezko txostenak emango ditu gizarte zerbitzuen arloko izaera orokorreko lege-aurreproiektuei buruz, plan estrategikoari buruz, autonomia-erkidegoaren esparruko sektore-planei buruz eta plan bereziei buruz.

12 kide izango ditu: seik Eusko Jaurlaritza ordezkatuko dute, eta beste seik foru-aldundiak eta udalak.

 

Goi Ikuskaritza eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde

arteko Organoa

- Zer da goi ikuskaritza?

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak gizarte-zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritza arautzen du, gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa benetan gauzatzen dela bermatzeko eta aplikatu beharreko ordenamendu juridikoa betetzen dela zaintzeko.

Bere eginkizunak gauzatuz -administrazio publikoei gizarte-zerbitzuen arloko ikuskaritza teknikoari edo arruntari dagozkionetatik bereizita-, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren funtzionamendu harmoniatsu eta koordinatua ahalbidetuko du.

- Nork zuzentzen du goi ikuskaritza?

Bere gain utzi diren eginkizunek duten ardura berezia dela-eta, Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzaren ardura nagusia hartuko duen pertsona goi-karguduna izatea erabaki da, zuzendari mailakoa hain zuzen ere.

- Zein dira haren egitekoak?

Bere eginkizunak Euskadiko gizarte zerbitzuei buruzko analisiak, ikerketak eta azterlanak egitea izango dira, sistemak oro har modu zuzen eta orekatuan funtzionatzen duela konprobatzeko. Lan horren emaitza txostenak (Ikuskaritzaren ekimenez egiten direnean) edo irizpenak (eskatutakoak direnean) izango dira, eta, indarreko arauak hausten badira, dagokion Administrazioari zuzendutako errekerimendu-proposamenak egingo dituzte.

Gizarte-zerbitzuei buruzko lege-arauak betetzen direla egiaztatzeko, Goi Ikuskaritzak arduradunei zitazioak egin ahal izango dizkie haren egoitzara joateko; ikerketarako beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu eta egokitzat jotzen dituen beste edozein jarduketa egin ahal izateaz gainera.

Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritza ahalik eta koordinazio estuenean lan egiten saiatuko da beti Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte hartzen duten administrazio publikoetako ikuskaritza arruntarekin; horretarako komunikazioa landuko du, bai ikuskaritza arruntari bai Goi Ikuskaritzari haien egitekoak ahalik eta hobekien egitea erraztuz.

- Zer da gizarte zerbitzuen erakunde arteko organoa?

Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren osaera, oinarrizko jarraibideak eta funtzionamendua onartu zituen martxoaren 30an. Aurrerantzean, organo hori arduratuko da euskal administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa egituratzeaz (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak), lurraldeen arteko desorekak ezabatzeko eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatzeko.

- Zein dira haren egitekoak?

Bere egiteko nagusien artean, nahitaezko txostenak emango ditu gizarte zerbitzuen arloko izaera orokorreko lege-aurreproiektuei buruz, plan estrategikoari buruz, autonomia‑erkidegoaren esparruko sektore-planei buruz eta plan bereziei buruz.

Era berean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen kartera egiteko ardura izango du eta, besteak beste, ondokoen berri eman beharko zaio: gizarte‑zerbitzuen arloan foru-aldundiek eta toki-erakundeek ematen dituzten arauak; onartzen diren lurralde- eta toki-mailako sektore‑planak eta plan bereziak; horien betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa; baita aurrekontuen onarpena eta aurrekontu-betearazpenaren eboluzioa ere, hiru administrazio-mailetan.

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa uda baino lehen eratuko da, eta sistemaren kudeaketaren eta arretaren kalitateaz eta kohesioaz ezartzen diren estrategia nagusiak eztabaidatu eta adostuko ditu.

- Zein da haren osaera?

Hamabi kide izango ditu; sei Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izango dira, eta beste seiak aldundien eta udalen ordezkariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta, sailburua