Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Burdinbidearen Euskal Museoak asteburu honetan emango dio amaiera lurrun trenen 2013ko denboraldiari, azken lau zirkulazioak eskainiz

2013.eko urriak 31

Azpeitian (Gipuzkoa) dagoen Burdinbidearen Euskal Museoak, 2013. ekitaldiari dagozkion lurrun trenen zerbitzu erregularraren azken lau zirkulazioak jarriko ditu martxan datorren asteburuan, Museoa eta Lasao artean.

Datozen egunetarako programazioa honako hau da:

• Ostirala, azaroak 1: irteera 12:30etan.

• Larunbata, azaroak 2: zirkulazioak 12:30etan eta 17:30etan.

• Igandea, azaroak 3: irteera 12:30etan.

Horrez gain, Museora joaten direnek, joan den mendearen hasierako Azpeitiko argazki historiko eta argitaratu gabeen erakusketa bikaina ikusteko aukera izango dute. Argazkiak, barruti judizial horretako epaile eta argazkilari zaletu handi izan zen Vicente Crespo leondarrak atera zituen. Erakusketa hori joan den urriaren 5ean ireki zen, eta urte honetako abenduaren 8ra arte luzatuko da.

Denboraldi erregularra amaitu ondoren, hiritarrek lurrun trenen zirkulazio horiez gozatzeko beste aukera bat izango dute aurten, abenduaren hasieran, Konstituzioaren Egunarekin eta Sortzez Garbiaren Egunarekin bat datozen jaiegunetan martxan jarriko diren zerbitzu bereziei esker.

Halaber, urte osoan bezala, Burdinbidearen Euskal Museoak eskaintzen dituen tren historikoen zerbitzuak alokatzeko aukera egongo da.

Burdinbidearen Euskal Museoak, Europa osoko tren bilduma hoberenetakoa du, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun lokomotorak, lokomotora dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta hainbat motatako bidaiarien kotxe eta bagoi.

Horrez gain, Euskadiko makina-erreminta multzo osatuenetakoa du, Urolako Trenbideko tailer mekanikoa izan zenaren bitartez. Instalazio hori, 1925ean inauguratu zen bezala kontserbatzen da. Bertan dagoen antzinako motore elektrikoak bertako 16 makinak funtzionarazten ditu, polea, uhal eta lohiztatuen sistema konplexu baten bidez.

Transformazio elektrikorako zentral zaharraren instalazio harrigarriek, merkurio lurrunez funtzionatzen zuten jatorrizko artezketa ekipoekin, orain mende bateko teknologia modernoena erakusten dute.

Horrez gain, trenetan erabilitako uniformeen erakusketa bikaina ere ikusi ahal izango da, XIX. mendearen amaierako uniformeetatik hasi eta Abiadura Handiko Trenera (AHT) bitartekoak. Gainera, trenaren munduarekin erlazionaturiko mundu osoko erjolu bildumarik hoberenetakoaz gozatzeko aukera dago, denboran zehar egindako benetako bidaian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau