Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen aurkako txertoa jartzera animatu dituzte arrisku taldeko pertsonak, gaixotasunak berekin dakartzan konplikazioak saihesteko

2013.eko urriak 30

Kanpaina irailaren 23an hasi zen eta aurreikuspenen arabera azaroaren amaierara arte iraungo du

Kanpaina hasi zenetik bost aste igaro dira eta guztira 275.000 txerto jarri dituzte; horietatik 225.000,  65 urteko edo gehiagoko pertsonei.

Gripearen eragina egonkorra da oraingoz; 100.000 biztanleko 9,7 kasu agertu dira batez beste.

Gripearen aurka txertatzeko egunak geratzen dira oraindik. Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak beren osasun-zentroetara jo eta txertatzeko deialdia egin diete arrisku-taldeetako pertsonei. Eskura dugun prebentzio-neurririk seguruena eta eraginkorrena da.

Gripea gaixotasun infekzioso eta oso kutsakorra da, eta pertsona gazte eta osasuntsuetan ondoeza besterik eragiten ez badu ere, konplikazio handiak ekar diezazkieke 65 urtetik gorakoei, diabetesa dutenei edo biriketako, bihotzeko edo gibeleko gaixotasun kronikoak dituztenei.

Txertoaren helburua immunitate indibiduala sortzea eta konplikazioak ager daitezen saihestea da. Alegia, kasu askotan infekzioa bera saihestea eta, beste batzuetan, gaixotasunaren intentsitatea txikitzea, gaixotuz gero, konplikaziorik ager ez dadin.

Era berean, txertoa urtero jarri behar dela azpimarratu beharra dago.

Aipamen berezia merezi dute osasun-arloko profesionalek eta gizarte-langileek, haientzat deialdi berezia egin du Osasun sailburuak, gizatalde estrategikoa baitira eta pertsona ahulenei gaixotasuna transmititzeko arrisku potentzial handia baitute.

Gomendioak

Gripea gaixotasun birikoa da eta ez da antibiotikoekin tratatu behar. Antibiotikoek ez dute inolako eraginkortasunik birusen aurrean. Kasu oso puntualetan bakarrik, eta, nola ez, medikuaren aginduz, hartu behar dira antibiotikoak.

Gaixotasun hori desatsegina da, baina onbera biztanle osasuntsuengan, eta ez du tratamendu berezirik behar. Atseden hartzea eta likido eta antitermiko asko kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Sukarra luzatzen bada, medikuarekin hitz egin beharko dugu.

Transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa da prebentzio-neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzea. 

Gripe-jarduera

Mediku Jagoleen Sareak eskainitako datuen arabera, kanpainan zehar ez da ia intzidentziarik izan.

Aurreko asteko gripe-jardueraren mailak egonkortasunari eutsi dio; hala, 9,7 kasu izan dira 100.000 biztanleko. Balio horiek 2013-14 aldirako EAErako ezarritako epidemia-atalasearen oso azpitik daude, 100.000 biztanleko 76,5 kasu baitzeuden aurreikusita.

0tik 4 urterako adin-tarteak izan du tasa metatu handiena (29,9 kasu 100.000 biztanleko).

Ez da birus isolamendurik egin laborategian

Gripeari buruzko informazioa kontsultatzeko, jo hona:

 

Vitoria-Gasteizen, 2013ko urriaren 30ean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)