Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena. (2013-10-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 29

LABURPENA

JAURLARITZAK EUSKADIREN 2014. EKITALDIRAKO AURREKONTU OROKORREN LEGE AURREPROIEKTUA ONARTU DU

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua onartu du gaur. Hurrengo ostegunean, urriak 31, erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean.

1.- 2014ko Aurrekontuen testuinguru makroekonomikoa

Euskadiko ekonomiak beherakada-erritmoa moteldu du eta narriadura moteltzen ari da, oraindik atzeraldian badago ere; horrelaxe egiaztatzen da gure ekonomiak 2013ko bigarren hiruhilekoan izandako datuetan, bai eta udako hiletan eskura genituen adierazle koiunturalen erregistroetan ere.

Adierazpen hori egiteko, fenomeno duala gertatu den egoera batean izaten diren hainbat elementu aztertu ditugu.

Izan ere, egia da gure kanpoko merkatu nagusien suspertze hasiberriak esportazioak nabarmen handitzea eragin duela, baina kanpoko eskariak hazkundeari egindako ekarpena, ordea, hiru hamartarrekoa baino ez da izan; horrenbestez, urteko bigarren hiruhilekoan izan dugun hobekuntza erlatiboa, neurri handi batean, gure ekonomiaren barneko osagaien bilakaera ez hain negatiboagatik izan da.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da etxeko kontsumoak izan duen aurrerapauso nabarmena: urte bateko lehen hiruhilekoan % 1,7 murriztu zen, eta bigarrenean, berriz, % 0,9. Kapital-ondasunetako inbertsioaren dinamismo berritu itxaropentsua; horren beherakada % 5,5ekoa izan zen 2012an, baina % 2,8 baino ez da murriztu aurtengo lehen hiruhilekoan, eta % 1,1 bigarrengoan. Industriako sektoreak, bestalde, azken urte eta erdiko beherakadarik txikiena izan du, eta, azkenik, enpleguak ere moteldu egin du beherako joera.

Hori guztia munduko ekonomiaren bilakaerak gorabehera handiak ez dituenean gertatu da; izan ere, ekonomia aurreratu gehienetan nolabaiteko hobekuntza ikusten da -haietako asko tasa negatiboak dituzte oraindik, halere-, eta, garapen bidean dauden ekonomiak, berriz, abiada galtzen ari dira, oraindik hazkundeari eusten badiote ere.

Euroguneak zein EB-28k suspertze-zantzu argiak erakusten dituzte; hala, Europak atzeraldia gainditu duela erakusten dute urteko bigarren hiruhileko datuek, eta hori, ziur aski, hirugarren hiruhilekoan berretsiko da.

Eurogunearen suspertzearen buru Alemania eta Frantzia daude, haien kontsumo pribatuen bilakaera onak lagunduta, orain arte azken horiek izan baitira haien jardueraren galga nagusia. Hori berri ona da euskal ekonomiarentzat, zalantzarik gabe, bi herrialde horiek direlako Euskaditik kanpoko salmenten bi merkatu hartzaile nagusiak Estatuaren ostean.

Egoera horren barruan, Euskadiko BPGak bigarren urtez jarraian behera egingo du 2013an (% 1,1), eta 2014an ekingo dio susperraldi apal eta motel baina etengabeko bati, hazkundeko tasa positiboekin; hala, urtearen amaieran % 0,9ko hazkundea izango du batez beste.

Hori gorabehera, ez da aurreikusten enplegu garbirik sortzea, eta langabezia-tasa % 14tik gorakoa izango da oraindik ia iragarpen-aldi osoan. Azken iragarpenaren arabera, enplegu-galera handia egongo da aurten (% 2,2), ia 20.000 lanpostu gutxiago alegia. 2014an ere ildo horretatik joko da, baina lanpostu-galera txikiagoa izango da (% 0,5); 4.000 enplegu baino gehiago suntsituko dira, halere.

Horrenbestez, azken bi urteetan Euskadi murgilduta egon den atzeraldi ekonomiko sakonaren hondora iritsi gara; behera goaz oraindik, baina nabarmen apaldu da beherakada hori. Halaber, datozen hiletan hazkundearen bideari berrekingo diogula aurreikusten da; hazkunde arina, ahula eta motela izango da, enplegua sortzeko aski ez. Uneotan hori da urtebete barrurako aurreikuspena.

2.- 2014ko Aurrekontuen testuinguru ekonomiko eta finantzarioa

Zerga-bilketa suspertzen ari da aurreikuspen ekonomikoen narriadura txikiagoa eta hobekuntza direla-eta; horiek horrela, itunpeko tributuen bilketak urtetik urterako % 3,7ko hazkundea izan zuen irailean, eta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2014rako onartutako aurreikuspenetan % 4,2ko hazkundea iragarri da.

Logikoa denez, foru-aldundiek Euskadiko aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpena handitu egingo da horren ondorioz; 2014an haien diru-sarreren % 81,1ekoa izango da ekarpen hori; datorren ekitaldian % 5,9 igotzea aurreikusten da, 464 milioi euro gehiago, alegia.

Horretaz gain, 2014rako Aurrekontu Proiektuaren baliabideak ugariagoak izango dira Jaurlaritzak 2013rako Aurrekontu Proiektuan jasotakoen aldean; hain zuzen, ia 899 milioi euro gehiago, % 9,6ko hazkundea, hortaz.

Nolanahi ere, ñabardura batzuk egin behar ditugu datu horien gainean.

Zorraren amortizazioen eragina kontuan hartzen ez bada, 2014rako proiektuko gastuaren hazkunde erreala 561 milioi eurokoa da aurtengoarekin alderatuta, % 6,2; aldundien ekarpenak ugaritu adina, hain zuzen.

Izan ere, Jaurlaritzak finantza-zamaren hazkunde esponentzial bati aurre egin beharko dio 2014an, funtsean aurreko ekitaldietatik datorren zorpetzetik egin beharreko amortizazioengatik.

Hala bada, 2013an 199,9 milioi euro bideratu behar ziren amortizazioetara, baina datorren urtean 537,7 milioi eurokoa izango da zenbateko hori. Hau da, ia 338 milioi euro gehiago edo, bestela esanda, % 169ko igoera.

Horixe izan da, hain zuzen, 2014ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua prestatzeko orduan Jaurlaritzak izan duen esparru ekonomikoa eta finantzarioa. Aipatutako faktore horiek proiektuan eragin dute; horregatik, urte zaila eta konplexua izango da oraindik 2014koa aurrekontu-ikuspegitik.

3.- 2014ko aurrekontuetako Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

Izan ere, finantza-nahikotasunaren baldintzak kontuan hartuta ere, zerga-baterakuntzaren prozesua etorkizunik hurbilenean sumatzen diren hazkunde-itxaropenetara egokitzea da Jaurlaritzaren apustua.

Hartarako, lehenik eta behin, ordena sozio-ekonomikoan duen helburu estrategiko batekiko konpromisoa berresten du Jaurlaritzak; hau da, pertsonen oinarrizko premien estaldura bermatzea gure gizarte-ongizate eta -kohesioko eredua zainduz.

Horregatik, Administrazioaren ardurapeko izaera publikoko gizarte-politikak hornitzeko gastuak areagotzen ditu 2014rako Aurrekontu Proiektuak. Hau da, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren, Osakidetzaren Programa Kontratuaren edo hezkuntza-beken zuzkidurak, adibide batzuk aipatzearren, gastuaren aurreikusitako bilakaerara egokitzen dira.

Hazkunde-aukeren alde egiteko apustu horrek, halaber, hainbat politika ere badakartza Jaurlaritzaren aldetik jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera suspertzen laguntzeko. Arlo horretan 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Proiektuaren bitartez egiten den ahalegin inbertitzaile ez nolanahikoa nabarmendu beharra dago.

Inbertsiora bideratutako atalak batuta (VI., VII. eta VIII. atalak), haien zenbatekoa % 10,4 handiagoa da 2013ko Aurrekontu Proiektuaren aldean; orduan 1.081 milioi euro zeuden atalotan eta 1.193,1 milioi euro izango dira 2014an. Hala, abiadura handiko trena eraikitzeko kudeaketa-gomendioaren eragina kontuan hartu gabe, % 15,4 gora egingo dute atal horiek.

Azkenik, 2014rako Aurrekontu Proiektuak hainbat neurri espezifiko biltzen ditu enplegu-politika aktiboak garatuz enpleguari eusteko eta berria sortzeko.

4.- 2014ko Aurrekontuen ezaugarri nagusiak

2014rako Aurrekontu Proiektua Sailen arabera aztertuz gero, Enplegu eta Gizarte Politika Saila da, hain zuzen ere, gehien handituko dena (% 19,7 2013rako Aurrekontu Proiektuarekin alderatuta).

Horretan bi partidak eragin dute funtsean: Batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta zein Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ordaintzeko zuzkidura, 384,5 milioi eurokoa. Eta bestetik, Gizarte Segurantzarako hobarien gastua, 119,9 milioi eurokoa.

Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren aurrekontua 156,7 milioi eurotan handitzen bada, 130,4 hartuko dituzte aipatutako biek; nolanahi ere, aurrekontua % 6,2 handituko da horiek kontuan hartu gabe.

Handiagoa ere izango da Gizarte Larrialdiko Laguntzak ordaintzeko partida; oraingoan 3 milioi euro baino gehixeagokoa izango da hazkundea, % 18,5ekoa alegia.

Arlo sozialeko gastuaren esparrua utzi gabe, Osasun arloaren % 2,7ko gehikuntza -2013rako Aurrekontu Proiektuaren aldean- batez ere Sailaren eta Osakidetzaren arteko Programa Kontratuaren aurrekontuagatik gertatu da; izan ere, adierazi dugunez, % 3,8 egin du gora, 2.372,4 milioi euroetatik 2.463 milioi euroetara (Osasun Sailaren aurrekontuaren % 75,5 hartzen du).

Azkenik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrekontuak 130,5 milioi euro gehiago hartuko ditu (% 5), batez ere sailaren beka-politikak zuzkidura handiagoa izango duelako; 80,3 milioi euro bideratuko dira horretara.

Unibertsitatetik kanpoko ikastetxeen funtzionamendurako eta mantentzeko gastu arruntaren finantzaketak, orobat, 10 milioi euro gehiago hartuko ditu; % 34,9 gehiago, alegia.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak % 9,5 gehiago izango du, lehen nabarmendu dugun inbertsio-kapituluen gorakada dela-eta; berriz helduko diegu gai horri geroago.

Gastuaren bolumen handiago hori Eusko Trenbideak eta Eusko Trenbide Sareak erakundeen inbertsioak estaltzera bideratuko da, Bizkaian eta Gipuzkoan trenbideko hainbat inbertsiori ekiteko konprometitutako obligazioei aurre egitearren.

Gure ekonomiaren susperraldi hasiberria laguntzeko asmoz, halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2014an % 4,9 baliabide gehiago izango ditu 2013rako proiektuan baino.

Besteak beste, Berrikuntza Funtsaren aurrekontura 37 milioi euro bideratuko dira (% 12,1 gehiago); argi eta garbi erakusten du horrek lehen azaldutako Jaurlaritzaren apustua.

Beste ikuspegi batetik, 2014rako Aurrekontu Proiektua atalen arabera aztertzen badugu, berriz, lehenik eta behin nabarmendu behar dugu eragiketa arrunten gastua (I eta IV arteko kapituluak) % 5,6 handiagoa dela 2013ko Aurrekontu Proiektuaren aldean.

Inbertsioari bideratutako kapituluak (VI., VII. eta VIII. kapituluak) % 10,4 handitu dira. Horixe da, zalantzarik gabe, Euskadiren 2014. urterako Aurrekontu Orokorren Proiektuaren berritasun nagusietako bat aurrekoarekin alderatuta, inbertsio publikorako zenbatekoak berriro agertzea, alegia.

Hori esanda, Langileen gastuei buruzko I. atala % 0,8 handiagoa dela ere aipatu behar dugu; gehienbat Gizarte Segurantzaren kotizazio-oinarriak handitu direlako, bai eta langileen antzinatasunak eragindako gastu handiagoagatik ere.

Halaber, Funtzionamendu-gastuei buruzko II. atalean (+ % 3,9) eta Gastu arrunten transferentziei eta diru-laguntzei buruzko IV. atalean (+ % 9,9) hainbat jarduketari ematen zaie estaldura, hala nola Osakidetzaren Programa Kontratuari, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari, farmaziako gastuei, hezkuntza-bekei edo familientzako laguntzei, haien gastu-zenbateko handienak aipatzearren.

Amaitzeko, Pasibo finantzarioen murrizketaren (IX. atala) zenbatekoa oso handia izango dela adierazi behar dugu berriro, aurreko ekitaldietatik datorren zorraren epemugak ordaindu beharra baitago orain.

Dagoeneko kontsignatuta dago, baina zorraren amortizazioen zenbatekoak igoera handia izango du, 2013ko 199,9 milioi euroetatik 537,7 milioi izatera igaro baita 2014an. Hots, ia 338 milioi euro gehiago, % 169 gehiago.

Azkenik, 2014ko Aurrekontu Proiektua Funtzioen arabera aztertuta, nolabait okerrera eraman dezaketen zifrak ikusten dira; izan ere, 2013rako proiektukoekin zenbateko gordina alderatuz gero, izaera sozialeko politiken gastuak behera egin duela ikusiko dugu; hala, gastu osoaren % 73,9 izatetik % 71,1 izatera igaroko da gastu hori.

Bi faktorek, dena den, datu hori desitxuratzen dute. Alde batetik, era horretako gastua jasotzen ez duten sailek aurrekontu-proiektu honetan zuzkidura handiagoak izan dituzte, baina aurrekontua gehien estutu zutenak ere izan ziren horiek 2013an. Eta, bestetik, eta batez ere, finantza-zamari eustera bideratutako baliabideek edozer konparazio baldintzatzen dutelako, beste behin ere.

Horrenbestez, zorraren amortizazioak kontuan hartu ezean, 2013ko eta 2014ko ekitaldien arteko datu gordinaren portzentajezko 2,8 puntuko aldea lau hamartarrekoa baino ez da, 2013ko % 75,5 izatetik 2014ko % 75,1era igaro baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau