Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Dekretua, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoa. Dekretua, Lan Harremanen Kontseiluari buruzkoa. (2013-10-29(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 29

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK EGBren ETA LHKren LEGEEN GARAPENAK ONARTU DITU

Juan María Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGB) Legearen arau-garapena onartu du, gaur; zehazki, Batzordeak ebazpenak emateko epeari, batzordekideen karguen iraupenari eta haiek izendatzeko eta kargua berritzeko prozedurari dagokienez.

EGB Eusko Jaurlaritzaren aholku-organo nagusia da, eta bere helburua gobernuaren eta legebiltzar autonomoaren lege-ekimenei buruzko ebazpenak ematea da. Hiru blokez osatuta dago, eta guztira, 24 kide dauzka: 8 pertsona, elkarte eta konfederazio sindikal nagusien ordezkari gisa; 8 pertsona, enpresa-konfederazioen ordezkari gisa, eta beste 8, autonomia erkidegoko sektore, erakunde, entitate edo elkarte bakoitzeko ordezkari gisa.

EGB 1984an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren aholku-organo gisa. Bere helburu nagusia interes ekonomiko eta sozialek Euskadiko politika ekonomikoan parte hartzea ahalbidetzea zen. Araudia bitan aldatu ondoren -1994an eta 1997an, hurrenez hurren-, iaz, Eusko Legebiltzarrak EGBren lege berria onartu zuen (2012ko maiatzaren 17ko 8/2012 Legea), erakundea indartzeko eta eraginkortasuna handitzeko, ordura arte osoko batzarraren eskutik funtzioak, osaketa eta funtzionamendua erregulatu zituen araudian hainbat aldaketa eginez.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen dekretu berriak zenbait alderdi zehazteaz gain, berezko ezaugarriak direla medio, araudi bidez finkatzeko utzi ziren beste batzuk garatzen ditu, adibidez: Batzordeak ebazpenak emateko epea, kideen karguaren iraupena eta haiek izendatzeko eta kargua berritzeko prozedura, bai arrunta bai ezohikoa. Araudi berriaren arabera, presidentearen karguaren iraupena lau urtekoa izango da, eta gehienez ere bi agintalditan eutsi ahal izango dio karguari.

Lan Harremanen Kontseilua

Bilera berean, Eusko Jaurlaritzak Lan Harremanen Kontseiluaren Legearen arau-garapena onartu du, nahitaezko txostenak emateari, kideen karguaren iraupenari, haiek izendatzeko eta karguak berritzeko prozedurari -bai arrunta bai ezohikoa- eta erabakiak adosteko prozedurari dagokienez.

Lan Harremanen Kontseilua 1981ean sortu zen, gizarte arloko mintzaideen arteko topagune gisa. Geroago, 1997ko ekainaren 27ko 11/1997 Legeak arauketa berri bat sortu zuen, bereziki, hauteskunde sindikalen sisteman egindako aldaketetan oinarritua (1994ko maiatzaren 19ko 11/1994 Legea, langileen estatutuaren, lan-prozedurari buruzko legearen testu artikulatuaren eta gizarte-eremuko arau-hauste eta zigorrei buruzko legearen zenbait artikulu aldatzen dituena).

Azkenik, 2012ko otsailaren 23ko 4/2012 Legeak Kontseilua aholkuak emateko eta elkarrizketarako organo iraunkorra izatea babesteaz gain, haren funtzioak mugatzeko eta funtzionamendua hobetzeko beharrezkotzat jotzen ziren aldaketa batzuk egin zituen. Legeak konfederazio sindikalen eta enpresa-konfederazioen arteko lan-arloko elkarrizketarako organo publiko horren funtzionamendua erraztu zuen, 1997ko Legean aldeei aitortzen zitzaien beto-eskubidea -eta horren ondorioz, txostenak bozkatzerakoan blokeoa sortzeko aukera- deuseztatuz. Era berean, testuak organoaren aholkularitza funtzioa indartu zuen, Eusko Jaurlaritzak lan-arloko ekimen legegileak aurrera eramateko Kontseiluari nahitaez iritzia eskatu behar diola jasoz, bai lege-proiektuen bai dekretu-proiektuen kasuetan.

2012ko Legearen aurretik, LHK-k proposamenak egiten zituen, baina txostena eskatzea ez zen nahitaezkoa.

Nahiz eta indarrean dagoen lege-testuan Kontseiluaren funtzioak gauzatzeko modua, osaketa, berritzea eta osoko batzarrak erabakiak adosteko prozedura nolabait zehaztuta dauden, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak alderdi batzuk zehatzago arautzen ditu, eta gainera, beren ezaugarriak zirela medio araudi bidez finkatzeko utzi ziren beste batzuk garatzen ditu. Zehazki, alderdi horiek nahitaezko txostenak ematearekin, Kontseilua osatzen duten pertsonen karguaren iraupenarekin, haiek izendatzeko eta kargua berritzeko prozedurarekin eta erabakiak adosteko prozedurarekin lotuta daude.

Dekretu berriaren arabera, sindikatuen eta enpresen elkarte eta konfederazioen ordezkari gisa Kontseiluko kide diren pertsonen karguaren iraupena bi urtekoa izango da. Bestetik, Kontseiluko presidentearen eta idazkari nagusiaren karguen iraupena bost urtekoa izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau