Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun sailburua Ertzaintzako agintariekin bilduko da baliabide polizial gehiago eta karga administratibo txikiagoa izatea ekarriko duen barne berregituraketa azaltzeko

2013.eko urriak 29

Organigrama berrian dibisioak eta buruzagitzak murriztuko dira, eta Inteligentzia Bulego Zentrala sortuko dute

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Iñaki Gurtubai Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria gaur arratsaldean bilduko dira Ertzaintzako agintariekin Ertzaintzaren 2016rako Ortzimuga Plan Estrategikoaren barruan jasotako barne berregituraketa azaltzeko. Berregituraketa horren baitan, Ertzaintzako dibisio kopurua murriztu egingo da helburu garbi batekin: baliabide polizial gehiago eta karga administrazio txikiagoa izatea.

ETAren jardueraren amaierak eta Euskadin azaleratu diren delitu forma berriek Ertzaintzaren berrantolaketa eskatzen dute eskainitako zerbitzu publikoa herritarren beharretara egokitu dadin. Izan ere, herritarron segurtasun eta laguntza behar guztiei behar bezala erantzutea da Ertzaintzaren zeregina. Horrela jasotzen da honako ardatz estrategiko hauek dituen 2016 Ortzimuga Ertzaintzaren Plan Estrategiakoaren «ibilbide orrian»:

  • 1. ardatza: Gizartearen aitortza maila altua lortzea hurbiltasun eta eraginkortasunez jokatzeagatik.
  • 2. ardatza: Prebentzio aktiboan oinarritu eta inteligentzia eta ikerketa kriminal eraginkorrean sostengatutako zerbitzua eskaintzea.
  • 3. ardatza: Hobekuntza etengabea eta besteekin elkarlana Ertzaintzaren kudeaketan sartzea bere erantzun ahalmena behar berrietara egokitzeko.
  • 4. ardatza: Konpromisoarekin eta barne kohesioarekin lan egitea.

Ardatz horiek bete ahal izateko, Estefanía Beltrán de Heredia buru duen Segurtasun Sailak beharrezko urratsak emango ditu hurrengo asteetan Ertzaintzaren egitura berrantolatzeko, aginte estruktura egokitzeko, estrukturaren ordena aldatzeko eta lanpostu zerrenda egokitzeko. Horretarako, sindikatuekin beharrezko bilerak egingo ditu lehendabizi 103 Mahaian, eta, jarraian, Ertzaintzaren Kontseiluaren onarpena jaso beharko du.

«Berrantolaketarekin egungoaren ezberdina den funtzionatzeko eredu baterantz urratsak eman nahi ditugu. Dibisioen egitura sinpleago bat izan nahi dugu, hainbat arlotan hain burokratizatua egongo ez dena, herritarren segurtasunera, informaziora eta ikerketa prebentibora bideratutako polizia integral baten behar funtzionalekin hobeto bat egingo duena, giza baliabideak zein teknikoak modu eraginkorrean kudeatuko dituena», nabarmendu du Segurtasun Saileko arduradunak.

Berrantolaketa proposamenak, besteak beste, Ertzaintzaren egitura sinplifikatzea eta agintari kopurua murriztea ekarriko du. Horren erakusle, Ertzaintza berriak bi dibisio izango ditu egungo bostak izan beharrean: Herritarrak Babesteko Dibisioa (polizia lan prebentiboaren eta herritarren segurtasunaren arduraduna) eta Ikerketa Kriminaleko Dibisioa (delituaren aurreko erreakzioaren arduraduna). Horrez gain, egungo 190 agintarietatik 161 izatera igaroko da Ertzaintza; hain zuzen ere, superintendente kopurua 7tik 3ra pasako da, intendente kopurua 21etik 19ra, komisario kopurua 58tik 62ra eta komisariorde kopurua 104tik 77ra.

Inteligentzia Bulego Zentrala

Ertzaintzaren organigrama berrian proposatzen den beste aldaketetako bat Inteligentzia Bulego Zentrala eta bere lurralde zerbitzuak sortzearena da. Hain zuzen ere, informazio kriminal eta intzidentala jaso, landu eta aztertzeko ardura izango luke.

Era berean, berregituraketak beste helburu bat ere badu: kudeaketa administratibo eta burokratikoan aritzen diren ertzainen kopurua zein terrorismoaren aurkako aldi baterako zerbitzuetan aritzen direnena murriztea. Horrenbestez, antolakuntza eredu berrian, orain artean kudeaketa burokratikoko lanak egiten zituzten 40 ertzain inguruk polizia etxeak indartuko dituzte. Era berean, aldi baterako Ekintzetarako Plan eta Euskarrien Unitatean lanean ari diren 45 ertzain eta Terrorismoaren Aurkako Dibisioko beste 136 agente, plaza jabetzan duten polizia etxe eta unitateetara pasako dira.

Berregituraketa fase berri honetako hirugarren zutabe nagusia ikerketa lana bultzatzea da. Hori dela eta, 140 espezialista plaza berri sortuko dira. Hain zuzen ere, trafiko arloko ikerketa lana 41 plaza berrirekin indartu nahi da, eta, Ikerkuntza Zentral eta Lurraldekakoa eta Polizia Judiziala bezalako espezializazio maila altuko beste bi unitate, 99 plaza berrirekin.

Azkenik, Estefanía Beltrán de Herediak zuzendutako Segurtasun Sailak uda honetan Ertzaintzaren lehen egokitzapen estrukturala abiatu zuela gogoratu behar da. Hain zuzen ere, honako hiru aldaketa hauek ezarri zituen:

  • Babes Unitateko eskolta kopurua murriztea ETAren mehatxurik gabeko agertoki berrira egokitzeko.
  • Laguntza Unitateak emakumeen aurkako tratu txarrei aurre hartzeko egiten zuen lana polizia etxeetan integratzea, eta, horrenbestez, unitatea bera desagertzea.
  • Brigada Mugikorra unitate espezializatu gisa zabaltzea, eta, ondorioz, Indartze Brigada desagertzea.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)