Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Hurrengo 2013ko Joxe Mari Korta sariek Jesús Alberdiren, Juan Manual Aranaren, Faustino Martínezen eta Vicente Zaragüetaren lidergo eredugarria aitortzen dute

2013.eko urriak 28

· Eusko Jaurlaritzak hainbat esparru ekonomikorekin loturiko enpresa arloko lau jardunbide profesional garrantzitsu saritu ditu

· Iñigo Urkullu lehendakariak urriaren 29an emango ditu sariak Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen

GASTEIZ. 2013.10.24. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2013ko ekitaldiari dagozkion «Joxe Mari Korta» sariak erabaki ditu, eta Kalifikazio Epaimahaiaren proposamena ezagutu ostean, sarituak honako hauek izango direla jakinarazi du:

Jesús Alberdi Areizaga jauna.

Juan Manuel Arana Arechabala jauna.

Julio Faustino Martínez Martínez jauna.

Vicente Zaragüeta Laffitte jauna.

Honela, Eusko Jaurlaritzak, Joxe Mari korta Bidetik Fundazioa, Adegi, Cebek eta Sea Enpresa Elkarteek proposatuta, oso esparru ekonomiko desberdinekin loturiko lau enpresa-liderren jardunbide profesionalak nabarmendu nahi ditu, horiek aipamen edo aitorpen publiko bat merezi baitute datorren urriaren 29an arratsaldeko seietan Gasteizko Lehendakaritzaren egoitzan ospatuko den ekitaldian.

Iñigo Urkullu lehendakariak Joxe Mari Korta enpresariaren izena hartzen duten eta haren irudia gogorarazten duten sari horiek emango ditu Arantza Tapia Ekonomia Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuarekin batera; han izango dira, halaber, aurreko urteetako sarituen eta euskal enpresaren esparruko hainbat ordezkari ere.

Saritu guztiek ezaugarri komun bat dute, horien jardunbide profesionala proiektu arrakastatsuak garatzeko eta gauzatzeko konpromisoan oinarritzen baita, eta horrek markatu du, hain zuzen, horien guztien eragin-esparrua:

Jesus Alberdi Areizaga, Joxe Mari Korta Fundazioak proposatuta

Jesús Alberdi Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzietan (ESTE) lizentziatu zen. Bere bizitza profesionala 1973an abiarazi zuen, Patricio Echeverria Sozietate Anonimoan, eta gero, 1976. urte amaierara arte, Danona Sozietate Kooperatiboko Finantza Zuzendaritza hartu zuen bere gain.

1977an ADEGI fundazioan parte hartu zuen eta ADEGIko (Gipuzkoako Enpresarien Elkartea) idazkari nagusia izan zen 1978ko urtarriletik 1983. urteko erdialdera arte. Halaber, Euskal Herriko Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietateko (SPRI, SA) zuzendari nagusia (1983-1987) eta Euskal Herriko Kapital Arriskuko Sozietateko lehendakaria (1984-1987) izan zen.

Gero, BANKOAko (Banco Industrial de Gipuzkoa) zuzendari nagusi izan zen (1987-1988), eta ELKARGI Elkarren Bermerako Sozietateko kontseilari delegatua eta zuzendari nagusia izan da (1988-2013).

Horrez gain, Zuzendaritzaren Garapenerako Elkarteko (APD) - Iparraldeko Eremuko Kontseiluko kide da, baita Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseilukoa eta Deusto Business School Administrazio Kontseiluko eta Batzorde Exekutibokoa ere.

Erakunde desberdinetan egin duen jardunbide profesional zabal hori dela-eta, Euskadiko Enpresaburuen Bilguneko, Etorpensión BGAEko Zuzendaritza Batzordeko eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Administrazio Kontseiluko kide da.

Vicente Zaragüeta Laffitte, Adegik proposatuta

Vicente Zaragüeta Hernanin jaio zen. Bere aitona, Vicente Laffitte Obineta ikerlari garrantzitsua, mendearen lehen hereneko Gipuzkoa hartako zientzialari jakintsua eta Gipuzkoako Sozietate Ozeanografikoko fundatzaileetako bat izan zen 1928an, gero Aquariuma sortuko zuena. Bere osaba, Pedro Zaragüeta Aristizabal, Donostiako alkate izan zen 1920 eta 1922. urteen artean; epe motza izan arren, donostiarrentzat Urgull mendia erostea lortu zuen eta, bizitza publikotik erretiratu ostean, Ciudad Laboral Don Bosco izeneko ikastetxea sortu zuen bere ondarearekin. Bere osabak, Juan Zaragüeta Bengoechea apaiz eta filosofoak, leku pribilegiatua izan zuen unibertsitateko irakasle gisa, eta haren lan filosofikoa mundu osoan da ezaguna.

Vicente Zaragüeta Hernaniko oinetxean bizitu zen bere senitartekoekin eta horien aldetik mota guztietako gauzak ikasi ahal izan zituen, baina Vicente Laffitte, Pedro Zaragüeta eta Juan Zaragüeta izan ziren bere bizitzako irakasle miretsienak.

Merkataritzako Irakasle-ikasketak egin zituen Donostiako Merkataritza Eskolan eta Bilboko Merkataritzako Goi Ikasketen Eskolan matrikulatu zen; bertan, Merkataritzako intendente-titulua eskuratu zuen, gaur egungo ekonomialari-tituluaren antzekoa. Vicente Zaragüetak Unión Española de Abrasivos enpresako gerente gisa egin zuen lan lehen aldiz, Hernanin. Gero, Andoaingo Kraft enpresaren lan komertziala hartu zituen bere gain, bere izaera geldiezinarekin eta humanistarekin bat etorriko zena; Kraft puntako enpresa da, gaur egun, Gipuzkoako industrian.

1965ean, oinetxea zaintzeko eta mantentzeko erantzukizuna jaso zuen bere familiaren aldetik; Vicentek betebehar hori gehitu zion bere jardun profesionalari eta hainbat administrazio-kontseilutako kide gisa bereganatutako konpromiso berriei, besteak beste, "El Diario Vasco" egunkariko lehendakari gisa. 1973an, bere lan-betebeharrak alde batera uztea erabaki zuen eta familia-ondarea kudeatzeari eta mantentzeari ekin zion.

Aquariumeko Zuzendaritza Batzordeak Gipuzkoako Sozietate Ozeanografikora txertatzeko eskatu zionean, Vicentek ez zuen bi aldiz pentsatu. Izan ere, Vicente Laffitte Obineta fundatzailearen iloba zen. Baina Vicente Zaragüeta Laffitte iraganeko loriak oroitzeko eginkizunarekin hasi zen han lanean. Gipuzkoako Sozietate Ozeanografiko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari hautatu ostean, Museoa guztiz berritzea planteatu zen, petatxu hutsalak egin gabe. Horrek Museoa handitzea, bertan lanak gauzatzea, oso inbertsio garrantzitsuak egitea eta tamaina-arazoei aurre egin behar izatea esan nahi zuen, baina Vicentek sekulako energiarekin eta dedikazioarekin ekin zien lanei, eta Aquarium zaharra Europako zentro garrantzitsuenetako bat bihurtu zen itsas inguruneari, ikerkuntzari, irakaskuntzari eta kultura-aisialdiari dagokionez.

1966. urtetik gaur egunera arte, eta Aquariumaren berrikuntza-fase berria inauguratu ostean, Vicente Zaragüetaren lana etengabeko jarduera bat izan dela esan genezake, Gipuzkoako Sozietate Ozeanografikoaren osaera goitik behera eraldatzeaz gain, tokiko, probintziako, autonomiako eta nazioko erakundeen konpromisoa eta inplikazioa lortu baititu.

Aquariumeko lehendakari gisa aritu den 16 urte hauetan, Vicenteri eskertu behar diogu 1998. urteko birmoldaketa eta ozeanario handiaren inaugurazioa (tunel eta guzti), baita Itsas Biologiari buruzko Europako Masterraren sorrera ere, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren, Bordeleko Unibertsitatearen, Southamtoneko Unibertsitatearen, Liejako Unibertsitatearen eta AZTI Tecnaliaren laguntzarekin. Duela 3 urte museoaren bi solairuak inauguratu ziren berriz ere eta Aquariumaren behealdeko zati guztia ireki zen, 11 akuario tropikal berri hartzen dituena.

Aquariumaren historian zehar 15 milioi pertsona baino gehiagok bisitatu dute Donostiako museoa; azken 10 urteetan 300.000 bisitari izan ditugu, batez beste, urteko, eta beraz, Euskal Herriko bigarren ekipamendu turistiko bisitatuena bihurtu da.

Hori dela-eta, eta Aquariumeko patroi izan den neurrian, Vicente Zaragüetari eskertu behar diogu Aquariumaren susperraldia eta Donostiako museoak gauzatu dituen ikerketa, hezkuntza eta aisialdi arloko ekimen guztiak.

Juan Manuel Arana Arechabala, Cebek elkarteak proposatuta

Juan Manuel Arana Zornotzan jaio zen eta Ontzigintzako Ingeniaritza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan; horrez gain, aduana-agentea eta aseguru-artekaria da.

Enpresari zornotzarrak oso enpresa-jarduera zabala du: 1975. urtetik ASTILLEROS DE MURUETA Sozietate Anonimoan ari da lanean. Bertan, hainbat erantzukizun izan ditu, hasieran ingeniari gisa eta gero zuzendariondoko eta kontseilari delegatu gisa; gaur egun, sozietate horretako lehendakaria da.

ASTILLEROS DE MURUETA 60 urte baino gehiago dituen industria-talde pribatua da, mota guztietako ontziak diseinatu eta eraikitzen dituena. "Punta Begoña" izan zen taldeak eraikitako lehen kargaontzia, 1943. urtean Gernikako itsasadarrean ASTILLEROS DE MURUETA sortzea ahalbidetu zuen grinaren emaitza.

Hasierako gogo bizi hori bere horretan mantentzen da gaur egun ere, eta hura are gehiago indartu da 200 ontzi baino gehiago eraiki izanak eskaintzen duen esperientzia dela eta.

ASTILLEROS DE MURUETA sozietateak guztiz eraginkorrak diren bi produkzio-instalazio ditu: Muruetako jatorrizko ontziola, Gernikako itsasadarrean, eta Erandioko ontziola, Bilboko itsasadarrean. Sozietateak proiektu zehatzak egiten ditu armadore bakoitzarentzat. Haren jarduera nagusia ontzien diseinuan eta eraikuntzan oinarritzen da, hala nola, atun-ontzi izoztaileak, patruilariak, kargaontziak, dragak, Roll On Roll Off, Reefer, Off Shore eta Bunkering motako ontziak.

Halaber, Juan Manuel Arana Naviera Murueta SAko lehendakaria eta Naviera Elcano SAko Batzorde Exekutiboko kidea da.

1967. urtean Bilbon sortutako NAVIERA MURUETA Sozietate Anonimoak jabetzako 29 ontzi eraiki ditu guztira, horiek guztiak salgai lehorren itsas garraiora xedatuak, batik bat kargaontzi (pieza handiak, garabiak, ontzi-blokeak), edukiontzi eta solteko karga solidoen garraiora xedatuak (zerealak, ongarriak, siderurgia-produktuak, ikatza eta txatarra, adibidez). Bere ontziak ustiatzeaz gain, ontzi-mota ugari kudeatzen ditu, gehienak minibulkarrierrak.

Arana Sestaoko La Naval enpresako (CNN) lehen lehendakaria izan da hura pribatizatu ostean, eta gaur egun Zumaiako Balenciaga ontziola-enpresako lehendakariordea da.

1978tik 2010era Bilboko Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberako altxorzaina eta Batzorde Exekutiboko kidea izan da, baita Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzako Batzorde Exekutiboko kidea eta lehendakaria ere, 1981 eta 1991. urteen artean.

Era berean, enpresari bizkaitarra CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko eta CONFEBASK Euskal Enpresarien Konfederazioko Batzorde Exekutiboetako kide izan da.

Juan Manuel Arana Euskadiko Itsas Industrien Elkartearen (ADIMDE) fundatzailea izan zen eta haren Batzorde Exekutiboko kide da.

Gaur egun, Juan Manuel Arana Hego Koreako kontsul eta Bilboko ohorezko kontsul da (bostehun urte baino gehiago dituen eta Bilboko portuari eta haren merkataritza-jarduerari dagokion guztiaren erakunde arduraduna zen Bilboko Kontsulatuak ohorezko kontsul izendatzen ditu, urtero, Bizkaiko esparru ekonomiko eta enpresarialeko hainbat pertsona garrantzitsu).

Julio Faustino Martínez Martínez, SEAk proposatuta

Arabako Oion udalerrian jaio zen, eta batxilergo-ikasketak amaitu ostean, bere aita Faustino Martínez jaunaren ardandegi-negozioan hasi zen lanean berehala; hark aitarekin batera egin zuen lan hura hil zen arte, Oiongo elizaren atzean kokaturiko oinetxean.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren esparruan prestatu ondoren, ardoa egiten hasi zen 18 urterekin; orduan, ardoa soltean saltzen zen Bilboko Alhondigan.

1953an, etxeko negozioaren erreleboa hartu zuen, eta ardoa soltean merkaturatzeari utzi eta botilako ardoa saltzeari ekin zion, pixkanaka. Honako hauek izan ziren, hain zuzen, bere lehen markak: Famar, bere aitaren omenez egindako ardo beltza; Viña Santana, mahasti zahar baten izena, ardo zuri gazte batentzat; eta Campillo ardo ondua, aitonaren mahasti baten izena, gero Guardiako upategi bati izena emango ziona.

1960. urtean bere lehen esportazioa egin zuen Austriara eta 1968an lehen Faustino I ardoa jarri zen salgai, 1964ko uztakoa; hura ohore guztiekin merkaturatu zen, botilan Rembrandten erretratu-aurpegia agertzeaz gain, Erreserba Handiko ardoa baitzen.

1970ean, upategia 5 hektareako Roncesvalles lursailera eraman zuten, Logroñoko errepidean. Bertan, Julio Faustino Martínezek bere upategia prestatu zuen, 1978an, Malpica y Romeral lursailak eta mahasti-landarea erosi ostean; gaur egun, Faustino Taldea Errioxako lehen mahasti-jabe bihurtu da.

1981ean, Errioxako hitzarmena garatzen lagundu eta sustatu zuen soltean saldutako ardoa bertan behera utzi eta ardo guztia jatorrian botilaratuta saldu ahal izateko. Erabaki horrek garrantzia handia izan zuen Errioxan, hurrengo hamarkadetako bilakaerak frogatzen duen moduan: 1990an Campillo upategiak inauguratu zituen; 1994an Marques de Vitoria upategiak erosi eta eraldatu zituen; baina salto handia 1996an eman zuen, Dueroko Erriberan mahastiak erosi zituenean, gaur egungo Portia upategien etorkizunerako proiektua garatu ahal izateko. 1998an, Mantxako jatorri-deitura duen Los Trenzones mahastia erosi zuen eta bertan hainbat aldaera landatu zituen, hala nola, Verdejo, Sirah eta Sauvignon Blanc, eta Condesa de Leganza upategia birgaitu zuen. 2001. urtean, Faustino Taldeak Valcarlos upategiak ireki zituen Los Arcos udalerrian, Nafarroako jatorri-deiturarekin. 2009an, Norman Foster arkitektoak proiektatutako Portia upategiak inauguratu zituen Dueroko Erriberako Gumiel de Izan udalerrian.

Laburbilduz, lehen ardoa egin eta hirurogeita bost urteko epean, Faustino Taldea Errioxako lehen mahasti-jabe bihurtu da, eta norbere mahastiak ditu Nafarroan, Dueroko Erriberan eta Mantxan. Gainera, Errioxako Erreserba Handien lehen esportatzailea izan da, 76 herrialdetan baino gehiagotan saldu baititu bere ardoak; bere 7 upategiak Espainiako bost Jatorri Deituretan kokaturik daude, eta horietan 245 pertsonek egiten dute lan zuzenean. Gainera, bere bost semeek jarraitutasuna ematen diote taldeari.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @sanz_rafael
    2013.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @BodegasPortia: Los premios Joxe Mari Korta 2013 reconocen el liderazgo ejemplar de Julio Faustino Martínez http://t.co/GcZIz3E7VA

  • @BodegasPortia
    2013.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    Los premios Joxe Mari Korta 2013 reconocen el liderazgo ejemplar de Julio Faustino Martínez http://t.co/GcZIz3E7VA

Komunikabideek behera kargatzeko