Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Herritarrek ez dute ezagutzen Euskadiko naturak aisialdirako eskaintzen dituen aukeren % 40

2013.eko urriak 25

• Unesco-EHU Katedrak eta Eusko Jaurlaritzak 618 eremuri buruzko ikerlana egin dute
• Amaia Barredo: «Euskadik aisialdirako aukera asko ematen ditu, bai aire zabaleko kirolak egiteko, bai paisaia miresteko»


Euskal Herriko Unibertsitateak garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruz bultzatzen duen Unesco Katedra Euskal Autonomia Erkidegoko milurtekoko ekosistemen ebaluazioa izeneko proiektua egiten ari da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren laguntzaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 618 eremu aztertu ditu horretarako. Azterlanetik ondorioztatu duenez, Euskadiko eremuek aisialdirako eskaintzen dituzten aukeren % 40 ez dago nahi beste garatuta. Eusko Jaurlaritzako Ingurune Naturaleko eta Ingurumen Plangintzako zuzendariak, Amaia Barredok, esan du indartu egin behar ditugula inguru horiek turismorako eta aisialdirako eskaintzen dituzten aukera jasangarriak.

«EAEn, turismorako eta aisialdirako eredu jasangarrien artean, Geo-Basque sarea aipa dezakegu, ondare geologikoagatik interesgarriak diren lekuak eta jarduera geoturistikoarekin lotutako zerbitzuak biltzen dituelako».

«Gure herrialdeak baliabide natural asko ditu, zerbitzu kulturalak garatzeko aukera handiak ematen dituztenak (turismo ekologikoa, aisialdirako eta astialdirako jarduerak, ingurumen-hezkuntza, etab.); batez ere, aisialdiarekin lotuta. Baina ez ditugu behar beste ezagutzen eta erabiltzen», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurune Naturaleko zuzendariak.

EAEko milurtekoko ekosistemen ebaluazioa proiektuaren barruan, Euskadiko eremu guztiak aztertu dituzte (618), eta, ikusi ahal izan dutenez, eremu horietatik % 26tan aisialdirako zerbitzu ugari eskaintzen dituzte; nolanahi ere, % 40tan gutxi garatuta dago aisialdirako aukeren sorta. Datu horiek 2010-2013 aldirako Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Plana osatzean lortutakoekin alderatu dituzte, eta, ondorioztatutakoaren arabera, EAEk baliabide asko izan arren, oraingoz ez da nahi beste ustiatu horien guztien turismoko eta aisialdiko ahalmena.

«Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioaren arabera, kultura-zerbitzuak dira pertsonek ekosistemetatik lortzen dituzten etekin ez materialak, aberaste espiritualaren, garapen kognitiboaren, gogoetaren, aisialdiaren eta esperientzia estetikoen bidez; horien guztien artean daude ezagutza-sistema herrikoiak, gizarte-harremanak eta balio estetikoak», esan du Amaia Barredok.

Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren arabera, «egun, zerbitzu horiek dira ahulenak, jasaten ari diren degradazio- eta galera-prozesu bizkor eta larriaren ondorioz. Degradazioa, batez ere, kultura-balioko ekosistema asko galtzeari eta natura paisaien kopurua eta kalitatea murrizteari zor zaio, ekosistemak aldatu direlako edo gizarte-aldaketak gertatu direlako (ezagutza tradizionalak galtzea), jendeak ez dituenez lehen adina balioesten horien guztien kultura-etekinak».

Aukerak
«Degradazioaren arazo nagusia zerbitzu horiek merkatuan preziorik ez izatean datza; hain zuzen ere horregatik, ez dira aintzat hartzen erabakiak hartzeko prozesuetan. Hala eta guztiz ere, tokiko komunitate askotan, zerbitzu kultural horiek ekosistemak bezain garrantzitsuak dira, bai garatzen ari diren herrialdeetan (Indiako baso sakratuen garrantzia, adibidez), bai herrialde industrializatuetan (hiri-parkeen garrantzia). Bilbo metropolitarreko eraztun berdean egindako ikerketa baten arabera, biztanleek balio handia ematen diete zerbitzu kulturalei, eta, bereziki, aisialdi zerbitzuei. Zerbitzu horiek aisialdirako aukera asko eskaintzen dizkiote gizarteari; esaterako, aire zabaleko kirolak egiteko edota paisaia miresteko», gaineratu du Barredok.

Euskadi oso erakargarria da turismoaren ikuspegitik, bertako ekosistemek ezaugarri ekologiko eta kultural bikainak dauzkatelako. Kulturak, ondareak eta naturak aukera sorta zabala eskaintzen diote bisitariari: hegaztiak behatzea Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako paduretan, mokozabala edo belatz handia, adibidez; ondare arkeologikoa, ustiategi abandonatuak edo leizeak bisitatzea; eta askotariko kirolak egitea (bela, piraguismoa, surfa, windsurfa, urpekaritza, mendiko bizikleta, eskalada, etab.) edo aisialdiko jarduerak egitea (itsasadarra txalupan zeharkatzea, aisialdiko ehiza eta arrantza, kostako hondartzetan eguzkia hartzea, askotariko ibilbideetan eta mendi-bideetan ibiltzea, upategiak bisitatzea, etab.). Horiek guztiak direla eta, aisialdi-zerbitzuek ekarpen handia egin dezakete EAEko garapenean.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @teketen
    2013.eko azaroak 05

    Comentario de Twitter:
    El 40% del potencial natural recreativo vasco no es conocido http://t.co/P79hKIzA6R #pm

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)