Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegian errekurtsoa ipini du, iraupen luzeko langabeen 400 €-en kudeaketa dela-eta

2013.eko urriak 27

Eusko Jaurlaritzak uste du laguntza horiek Lanbideren bitartez kudeatu behar direla, 2010ean lortutako Enpleguko Politika Aktiboen transferentzian jasota daude-eta.

Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Batzordean akordiorik lortu ez denez, errekurtsoa ipini du Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak konstituziokontrakotasun-errekurtsoa ipini dio urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuari, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duenari, Euskal Autonomia Erkidegoak Enplegu Politika Aktiboen alorrean dituen gauzatze-eskumenak inbaditzen dituelakoan. Euskadik 2010ean jaso zuen esandako politikon transferentzia(*).

Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Batzordean akordiorik lortu ez denez lehendabiziko sei hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa ipini du.

1/2013 Errege Lege Dekretuak hainbat neurri jasotzen ditu (Prepara Plana) langabezia-prestazioa agortu zaien iraupen luzeko langabeei 400 euroko diru-laguntza emateko, sei hilabetez.

Eusko Jaurlaritzak uste du laguntza hori Lanbidek kudeatu behar duela, ez Estatu Enplegu Zerbitzu Publikoak, orain egiten duen moduan.

KONSTITUZIO AUZITEGIAN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOAK

Errekurtso honez gain, Konstituzio Auzitegia legegintzaldi honetan ipinitako beste bost konstituziokontrakotasun-errekurtso ari da aztertzen.

Eusko Jaurlaritzak 2012ko eta 2013ko Estatuko Aurrekontuen Legeak errekurritu ditu, baita uztailaren 13ko 20/2012 Legea ere, Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa.

Bestalde, Espainiako Gobernuak EAEko bi legeren kontrako errekurtsoa ipini du: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko EAEko Legea eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen EAEko Legea.

(*) 1441/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betea­razteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)