Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Ekonomia eta Ogasun Sailburua "EGKren Tribunan"

2010.eko apirilak 21

Carlos Aguirrek aurreikusten du langabezia-tasa % 10 haziko dela aurten, eta zifra horrek behera egingo duela datorren urtean

Ekonomia sailburuak jakinarazi du "urte hau ez dela izango" euskal ekonomia bultzatzera zuzendutako laguntza publikoak kentzeko urtea. Aguirrek parte hartu du "EGKren Tribuna" ekimenaren VII. edizioan, eta bertan adierazi du aurreikuspen ekonomikoak "positiboak" direla.

Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua protagonista izan da Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak antolatzen duen "EGKren Tribuna" ekimenaren VII. Edizioan, "Euskal ekonomia, azterketa eta aurreikuspenak" izeneko hitzaldiarekin. Aguirreren hitzaldiaren ardatza Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera ekonomiko eta finantzarioa izan da.

Bere hitzaldian, sailburuak baloratu ditu Eustatek argitaratu dituen azken datuak. Datu horien arabera, Euskadik 942.600 okupatu zituen 2010eko lehenengo hiruhilekoaren amaieran, eta, hortaz, 8.600 lanpostu garbi galdu zituen aurreko hiruhilekoaren aldean. Biztanleria Jardueraren arabera aztertzen duen Inkestaren arabera (BJA), EAEko langabezia-tasa % 8,9 da, hots, iazko azken hiruhilekoan baino bi hamarren handiagoa. Alde horretatik, sailburuak esan du datu horiek "etsigarriak" direla, aurretik espero baziren ere; izan ere, Euskadi alerta egoeran jartzen dute, zeren eta, Aguirrek esan duenez, "ez baitugu krisi egoera gaindituko enplegua sortzen laguntzen dugun arte". Carlos Aguirrek gaineratu duenez, aurreikuspenek adierazten dute langabezia-tasa % 10 haziko dela aurten eta zifra hori hamarren bat murriztuko dela datorren urtean, langabezia-tasa % 9,4an utziz.

Beste alde batetik, euskal Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du "urte hau ez dela izango" jarduera ekonomikoarentzako pizgarri publikoak kenduko diren urtea; dena dela, aurreratu duenez, 2010 urtea nola doan ikusita, urtearen amaieran Jaurlaritzak aztertuko du "zer-nolako eboluzioa izan behar duten" pizgarri horiek. Aguirreren esanetan, "merkatuak determinatu du ea laguntza horiek moztu behar diren, ez Jaurlaritzaren aldebakarreko erabakiak"; gainera, berrikuntzarekin zerikusia duten gaietan enpresei ematen zaizkien zuzeneko laguntzak mantenduko dira "nahitaez". Halaber, azpimarratu duenez, "inbertsio produktiboari dagokionez, gure aurreikuspenek esaten digute gutxienez legegintzaldi honetan goranzko bidetik jarraituko dugula".

Jaurlaritzaren lehenengo txostena euskal EGKrentzat

Tribunan hitz egin aurretik, Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak agerraldia izan du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren aurrean, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ohiz kanpoko bileran. Topaketa horretan, Eusko Jaurlaritzaren sailburuak aurkeztu du, aurreneko aldiz, EAEko egoera ekonomikoari buruz eta Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoari buruz egin duen azterlana.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Aguirre, sailburua