Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Jaurlaritzak ez du ulertzen sindikatu batzuen setakeria, eta "behar adina aldiz" egingo du Funtzio Publikoaren Mahaia biltzeko deialdia

2013-10-23

• Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretaren ustez «badago ados ipintzeko tartea», eta iragarri du «negoziatzen jarraitzeko asmoa duten sindikatuekin lanean jarraituko duela, guztiok nahi dugun adostasun-puntu horretaraino iritsi arte».

• Langileek baja hartuz gero jasotzen dituzten ordainen osagarriak hobetzea eskaini die Jaurlaritzak sindikatuei; hala, langile publikoek soldataren % 100 kobratu ahal izango lukete, baldin eta azken bi urteetan ez badute bajarik hartu.

• Horrez gain, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko baimen ordaindu berri bat proposatu da, eta gaixotasun larriren bat duten lehen graduko ahaideak zaintzeko baimenaren araudia hobetzea ere bai.

 

Eusko Jaurlaritzak deitoratu egin du sindikatu batzuek Euskadiko Administrazio Publikoaren Mahai Orokorra –zeina gaur eguerdian Lakuan bildu baita– uztea eta alde egitea erabaki izana.

Funtzio Publikoko sailburuorde Andrés Zearretak ez du ulertzen sindikatu batzuen «setakeria», aintzat hartuta «mahai gainean negoziatzeko zain dugun gai-zerrendan euskal funtzionarioen negoziazio kolektiborako hainbat kontu garrantzitsu eta hobekuntza nabarmen ditugula».

Andres Zearretak adierazi du «adostasunera iristeko tartea badagoela» eta horregatik «lanean eta behar adina bilera deitzen jarraituko duela, guztiekiko adostasun-puntu horretaraino iristeko».

GAI-ZERRENDA

Gai-zerrendaren arabera, bestak beste, 12 urte baino gutxiago dituzten seme-alabei laguntzeko urtean zortzi ordu bitarteko ordaindutako baimen berri bat sortzeko proposamena helarazi die Jaurlaritzak zentral sindikalei.

Era berean, gaixotasun larriren bat duten seme-alabak zaintzeko baimen ordainduaren erregulazioa hobetzea ere eskaini die Jaurlaritzak sindikatuei.

Aldi baterako ezintasunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak hobetzea proposatu die sindikatuei. Hori horrela:

  • Lehen egunetik hirugarren egunera, langileek beti % 50 kobratuko dute. (Gaur egun aurreneko baja baldin bada baino ez dute kobratzen).
  • Laugarren egunetik hogeigarren egunera, langileek % 75 kobratuko dute, baja guztietan.
  • Hogeita batgarren egunetik aurrera, langileek % 100 kobratuko dute. (gaur egun 45. egunetik aurrera soilik kobratzen dute % 100)

Halaber eskaini die Jaurlaritzak sindikatuei azken bi urteetan bajarik hartu ez duten langileek lehen egunetik bertatik kobratzea soldataren % 100 eta 60 urtetik gorako langileek soldataren % 100 kobratzea aurreneko baja baldin bada.

 

Jaurlaritzak enplegu publikoari eusteko konpromisoa ere berretsi die sindikatuei.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)