Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Visesa-k irabazi du higiezinen sustapen jasangarrienaren 2013ko Endesa saria

2013.eko urriak 23

Visesak Bermeon sustaturiko babes ofizialeko 50 etxebizitza bioklimatikoko proiektu batek irabazi du Higiezinen Sustapen Jasangarrienaren 2013ko Endesa Saria.

Epaimahaiak garrantzi berezia eman dio Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politikako Saileko sozietate publikoak 2007an gauzaturiko sustapen horrek alderdi teknikoen, legezkoen eta marketin alderdien artean lortutako orekari.

Visesako zuzendari nagusia Marcos Muro bihar joango da Bartzelonara enpresa elektrikoaren saria jasotzera, Kataluniako Palau de la Música ezagunean egingo den ekitaldian. Saria errekonozimendu bikaina da jasangarritasuna aintzat hartzen duten profesional guztien proiektuentzat.

Higiezinen Sustapen Jasangarrienaren 2013ko Endesa Sariak Casa Bioclimática elkartearen (ADCB) aholkularitza eta antolamendurako laguntza jaso du. Erakunde horrek hirigintzan, eraikuntzan eta etxebizitzen zaharberritzean irizpide bioklimatikoak erabiltzea sustatzen eta zabaltzen du.

Bermeoko hirigintza-proiektua Ramón Ruiz Cuevas eta Adolfo Moro Quintana arkitektoek sinatu dute. Arkitekto taldeak bi mailatan kokaturiko bi plaza publikori itxura ematen dieten bi eraikin sortzea planteatu zuen. Plazetako bat eguratsetik oso babestuta dago, eta besteak «itsasoarekin eta paisaiarekin elkarrizketan dihardu, ingurunera irekitako balkoi baten moduan», egileek memorian jaso dutenez. Eraikinen kokapenari dagokionez, arkitektoak Euskal Herriko baserrietan oinarritu ziren, eta eguzkiaren argia ondoen aprobetxatuko duten lekuan planteatu dituzte. Horregatik daude bi eraikinak eguzkiari begira eta iparraldeari itxita.

Hegoaldeko fatxada baso jasangarrietako egurrarekin dago eraikita, eta eguzkia modu pasiboan atzitzeko planteatuta dago, alegia, leiho handiekin, eguzkiaren erradiazioa kontrolatuko duten brisoleiekin eta inertzia termiko handia duen harri-iluneko zoladurarekin. Iparraldeko fatxada zeramikazko adreilu zuriz dago egina. Elementu komunak, esaterako kolektoreak, ur-tangak, eta abar arkitekturan integratuta daude. Proiektuak Cadem erakundearen «A» kalifikazio energetikoa jaso du.

Bartzelonan saria jaso duen proiektuak baditu beste sari batzuk ere. 2002. urtean I. Visesa XXI Lehiaketaren irabazle izan zen. Lehiaketa horrek gizarte-etxebizitza ikertzea planteatzen zuen, mende berriari begira, baita diseinu-irizpideak birplanteatze eta malgutasun-, jasangarritasun- eta kalitate-printzipioen aldeko apustua egitea ere.

2008. urtean IISBEk (Internacional Initiative for Sustainable Built Environment) Eraikuntza Jasangarriari buruzko Munduko Kongresuan (SB08, Melbourne 2008) Espainiaren ordezkari izateko hautatu zuen. Urte horren hasieran Gaztela eta Leoneko gobernuak bi urtean behin ematen duen Premios Construcción Sostenible saria irabazi zuen. Sari horien helburua eraikinen diseinuan eta eraikuntzan alderdi berritzaileak eta jasangarriak txertatzea sustatzea da, hartara garapen jasangarriari eta ingurumenaren babesari laguntzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)