Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak eta Naturgas Energiak istripu baten simulazioa egin dute Irunen eraikitzen ari diren gasbide batean, larrialdi zerbitzuen erantzuna hobetzeko asmoz

2010.eko apirilak 20

Ariketan, luizi batek langile bi azpian harrapatu balitu bezala jokatu dute

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko zuzendariak azaldu duenez, ariketa honen helburua "Naturgas enpresaren eta Euskadiko Larrialdien zerbitzuaren arteko koordinazioa hobetzea da" 

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Naturgas Energia taldeak istripu-simulazioa egin dute gaur Irunen eraikitzen ari diren gasbide batean. Era horretako ezbeharren aurrean, enpresak berak dituen baliabideak eta larrialdi-zerbitzuen koordinazioa eta erantzuna hobetzea du xede. 

Oraindik eraikuntza-fasean dagoen Bergara-Irun gasbidean, Irungo Katea auzoan,  egin dute gaur goizean ekimen hau. Ariketan, luizi batek langile bi azpian harrapatu balitu bezala jokatu dute; bietako bat, lurperatuta geratu da eta bigarrena, aldiz, gas-hodi handi baten azpian harrapatuta geratu da.  Zaila da ustezko ezbeharra izandako tokira iristea, eta, ondorioz, zaurituak ateratzeko erreskate-operazio berezi bat egin behar izan dute.

SOS Deiak 112ko kideek, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako Esku Hartzeko Zerbitzuak, Irungo ertzain-etxeak, Helikopteroen Unitateak eta Ertzaintzako Ertzainor Unitateko txakur taldeak, Irungo Udaltzaingoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaileek, Osakidetzako larrialdi zerbitzuek eta gasbidearen obretaz arduratzen den enpresako (Masa) langileak izan dira simulazioan parte hartzen.

Gaur 11:30etan SOS Deiakek emandako abisuarekin ekin zaio ariketari. Handik minutu gutxira iritsi dira agenteen lehen patruilak, osasun zerbitzuetako kideak, suhiltzaileak eta babes zibileko agenteak. 

Osakidetzako osasun-langileek lurpean harrapatutako zauritua egonkortu, eta, suhiltzaileekin batera, erreskatatu egin dute. Lur azpian harrapatutako pertsona aurkitzeko lanetan gidari batek eta Ertzainor Unitateko txakur batek parte hartu dute. Gainera, eraikuntza-enpresako teknikariek esku hartu dute salbamendu-zereginetan, makineria ugari erabiliz. 

Ariketa horren aurretik, prestakuntza-bilerak egin dituzte Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako, Naturgas Energia enpresako eta larrialdi-zerbitzuetako teknikariek. Ekimen horrekin amaitzeko, azken ebaluazio-saio bat egingo dute. Bilera horretan, burututako simulazioa berriz aztertuko dute, beharrezkoa bada, kasu hauetarako Larrialdiei Aurregiteko Euskal Sisteman aurreikusitako komunikazio, parte-hartze eta koordinazio protokoloan hobekuntzak egiteko.   

Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko zuzendariak eta Juan Ramon Arraibi Naturgas Energia taldeko Negozio Arautuetako zuzendari nagusiak bertatik bertara jarraitu dute simulazioa.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)