Berriak Segurtasuna
Eu

150 ertzaina boluntariok prenbentzio-hitzaldiak emango dituzte Euskadiko ikastetxeetan ciberbullyngaz, eskolako jazarpenaz, drogen kontsumoaz eta bideko segurtasunaz

2013.eko urriak 23

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Segurtasun Sailak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, EAEko ikastetxe publikoetan prebentzio-ekintzak eta -jarduerak abian ipintzeko.

Sailarteko hitzarmen honek helburu jakin hauek dauzka: jarrera desegokiak eta indarkeriazko ekintzak saihesteko neurriak ezartzeko bidean orientazioa eta laguntza ematea hezkuntza-sisteman, faktore positiboak edota prebentziokokoak babestea eta sustatzea, eta bizikidetza egokiari kalte egiten diotenak murriztea edota indargabetzea.

Azkeneko ikasturteetan, ikastetxeek hainbat neurri eta prozedura izan dituzte ikasleen jarrera desegokiak kudeatzeko eta zuzentzeko, eta, zehazkiago, berdinen arteko tratu txarren egoerei aurre egiteko, alderdi guztietan. Indarkeriaren kultura gainditzeko prozesu bat sustatu beharra dago: alde batetik ikasleak sozializatzeko, eta, bestetik, ikastetxeetan ikusarazteko elkarrizketa, errespetua, erantzukizuna eta komunikazioa direla bizikidetzaren oinarriak.
Horretarako, Segurtasun Sailak lankidetza eta partaidetza eskainiko du: hainbat ertzain-etxetako (37 Araban, 65 Bizkaian eta 50 Gipuzkoan) 150 ertzain boluntario ikastetxeetan izango dira, ikasleek gaur goizean sinatutako hitzarmenean jasotako alderdiei buruz dituzten zalantzak argitzen eta konpontzen, gai horiek baitira Ertzaintzaren laneko ohiko gaiak.

Zehazki, lehendabiziko hitzarmen honetan EAEko familiak, irakasleak eta, batez ere, ikasleak arduratzen eta kezkatzen dituzten sei gai jorratuko dituzte.
Gai hauek jorratuko dituzte, hain zuzen, 2013-2014 ikasturterako trebakuntza-ekintzetan: Interneten nabigatzeak eragiten dituen arriskuak, berdinen arteko tratu txarrak eta eskolako jazarpena, gizabidezkoak ez diren jarrerak saihestea eta gizabidezko balioak sustatzea, drogak kontsumitzearen errealitatea eta ondorioak, bideko segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea, eta mendian, hondartzan eta barruko uretan kirol- edota aisia-jardueretako prebentzio-neurriak.

Eskaintza hori, etorkizunean, gaurkotasunezko beste gai batzuetara ere zabal daiteke, hain zuzen ere, eskola-komunitatea eta familiak arduratzen dituzten gaiak, Ertzaintzaren profesionaltasunaren eta esperientziaren bidez jorra daitezkeenak.

Izan ere, informazio- eta prebentzio-hitzaldiak amaitutakoan, inkesta bat banatuko zaie parte-hartzaileei, azaldutako gaiaren inguruko iritziak jasotzeko, baita ikasleen artean interesa eduki lezaketen gaiei buruzko proposamenak eta iradokizunak egiteko ere.

Ertzaintzaren lana gizarteratzea

Hitzarmena sinatzeak badu beste helburu bat ere: hezkuntzaren munduan erakustea Ertzaintzak gizarteari zer zerbitzu ematen dion, delitua saihesten duen agente moduan eta herritar guztien eskubideak eta askatasunak defendatzen dituen eragile gisa. Hain zuzen, hitzarmenean jasotako jarduerak Ertzaintzaren 2016rako Plan Estrategikoan daude jasota, hain justu, «Prenbetzioa Komunikazioaren bitartez landuz» izeneko proiektuan.

Horretarako, ikastaroez eta tailerrez gain, hitzarmenak beste aukera bat ere jasotzen du: ikastetxeetako ikasleek, hala eskatuz gero, Erandioko, Oiartzungo edota Iurretako ertzain-etxeetako agenteen eguneroko lana tokian bertan ezagutzeko aukera, baita Arkautiko Polizia eta Larrialdien Euskal Akademian ertzainak nola trebatzen diren ikustekoa ere.

Hezkuntza Sailak eta Ertzaintzak aurretik ere ematen zituen eskolak portaera desegokien biktima edo egile izatea saihesteko. Nolanahi ere, lankidetza-hitzarmen honek hainbat alorretan sakonduko du: prebentzioan, pertsona guztien eskubideak eta betebeharrak kontuan izanda eskainitako informazioan eta hezkuntzan, duintasunaren errespetuan, edota hezkuntza- eta integrazio-irizpideetan. Hitzarmenaren bitartez, hala eskatzen duten ikastetxe guztietara zabalduko da eskaintza.

Jarduerok egiteko interesa duten ikasatetxeek dagokien ertzain-etxeetan egin beharko dute eskaera. Gutxienez hilabete aurretik eskatu beharko dute, jarduera ahalik eta ondoen antolatzeko eta egokitzeko, baita ikastaroak emango dituzten langileak prest edukitzeko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)