Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Jaurlaritzak 2 milioi euro gehiago bideratu ditu Merkataritza Establezimenduak Berritzeko laguntzetara; 27 milioi euroko inbertsioa eragitea lortu du horrela 1.605 lokaletan (2013-10-22(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 22

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 2.011.750 € gehiago bideratu ditu Merkataritza Establezimenduak Berritzeko (MEB) laguntzen programetara; horri esker, aurkeztutako eskaera guztiei erantzun die, eta 27.357.140 €-ko inbertsioa eragitea lortu du. Berritzearen alde egindako apustu handia da hori uneotan.

Merkataritza-establezimenduen laguntzek EAEko horrelako saltokiak berritu daitezen bultzatzea dute xede, baita horien kudeaketa-tresnak eta azpiegiturak hobetzea ere. Merkatarien erantzunaren gaineko balorazio oso positiboa egin du Jaurlaritzak; sektore horrek, beste behin ere, dinamismoa erakutsi du garaiotan, EAEko 1.605 saltokik parte hartu baitute programan.

Lokalak berritzeko 24.052.999 € bideratu dira, eta 3.304.140 € gehiago merkataritza-ekipamenduetara.

Lurraldeetan honela banatu dira diru-laguntzak:

Lurraldea Saltokiak Eragindako inb. Diru-laguntza
Araba 179 2.474.748 268.920
Gipuzkoa 689 10.752.564 1.115.188
Bizkaia 738 14.129.827 1.525.055

Hiriburuei dagokienez, Bilbon 3.824.976 € inbertituko dituzte 222 saltoki berritzeko, Donostian, 9.429.367,76 € 203 saltoki berritzeko, eta Gasteizen 1.914.778,3 € 134 merkataritza-establezimendutan.

454.660 € turismo enpresak berritzen laguntzeko

Turismo-enpresak berritzeko laguntza-programara 454.660 € gehiago bideratzea erabaki du Jaurlaritzak; aurrekontua 754.660,00 eurokoa izango da, beraz, aldeko diru-laguntza proposamena duten proiektuak barnean hartzeko.

Euskadiko turismo-enpresen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzea bilatzen du programak, hartarako teknologi berrietan, azpiegituretan edo irisgarritasun-programetan inbertsioak eginez, besteak beste.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau