Berriak Lehendakaritza
Eu

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak mugarri izan behar du espetxe politikan Eusko Jaurlaritzaren ustez

2013.eko urriak 22

Eusko Jaurlaritzak uste du legediak bestelako espetxe politika bat aurrera eramateko «aukera» uzten duela. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian nabarmendu duenez, ez du zentzurik 2013an aplikatzen den espetxe politika 2006an ETA jardunen zenean erabiltzen zen bera izatea. Ildo horretan, atzo Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren inguruan emandako epaia «argia eta irmoa» dela uste du Eusko Jaurlaritzak, baita espetxe politikan mugarri izan behar duela ere. Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak eta ezker abertzaleak epaia bakearen eta elkarbizitzaren alde eman beharreko ezinbesteko pausuak emateko baliatzea espero du orain.

Josu Erkorekak Fagor Etxetresnak kooperatibaren egoera ere izan du hizpide bere agerraldian. Egoera kritiko eta muturrekotzat jo ondoren, Eusko Jaurlaritzarentzat orain lehentasuna «salba daitekeena salbatzea» dela nabarmendu du. Erkorekak gaineratu duenez, industria laguntzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat, baina, hori bai, Fagor enpresari beharreko abal ekonomikoak ematea erabaki zutenean, erabakiak zituen arriskuak kontuan izan zituztela ere azpimarratu du. Bozeramailearen esanetan, balorazio horretan «erakundeen inplikazio ezaren emaitza inplikatzeak eragin zezakeena baino askoz altuagoa» izan zitekeela izan zuten kontuan. Fagor Etxetresna kooperatibak konkortsu aurreko legera jo ostean, Eusko Jaurlaritzak enpresarekin eta langileekin elkarlanean jarraitzen duela ere azaldu du Erkorekak. Elkarlan horren helburua langileen enpleagarritasuna bermatzeko bideak aurkitzea da, horretarako Lanbideren bitarteko neurri espezifikoak ere bultzatuz.

Urriaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoan izango den jaiegunaren inguruan ere galdetu diote Erkorekari, eta, nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du egun horretan inolako ospakizun berezirik antolatzeko asmorik, «ez baitago ospakizuna batzeko eta ez kentzeko izatea bermatuko lukeen arrazoi objektibo adosturik».

Bestalde, gaurko gobernu kontseiluan, Eusko Jaurlaritzak lanbide-heziketa zikloak ematen dituzten udal zentroentzako 2,4 milioi euroko diru-laguntza bideratzea onartu du. Azkenik, Erkorekak nabarmendu duenez, gertutasuneko saltokiak modernizatzeko laguntzak emateko beste bi milioi euroko aurrekontu-saila bideratzea ere onartu dute. Bozeramailearen esanetan, sail horrek sektoretik heldutako eskaera guztiei erantzuteko aukera emango du, eta, azkenerako, 27 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak eragingo ditu. 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.10.22)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)