Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak informazio eta prebentzioko kanpaina bat egingo du Euskadiko hamaika diskotekatan, Halloween jaia haien establezimenduetan ospatzeko behar diren neurriak gogorarazteko

2013.eko urriak 21
Joko eta Ikuskizun Unitateko ertzainek lokalak bisitatuko dituzte urriaren 21etik 29ra artean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Joko eta Ikuskizuneko Zuzendaritzak, aurki izango den Halloween gauaren ospakizunaren harira, informazio- eta prebentzio-kanpaina bat egingo du datozen egunetan 700 pertsonatik gorako edukiera duten diskoteketan, festarako segurtasun-baldintza eta -eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Joko eta Ikuskizun Unitateko ertzainek lokalaren Larrialdi Planean ezarritako segurtasun-neurriak betetzen dituzten jakinaraziko dute; ebakuazio-bideak aztertuko dituzte funtzionamendu-egoera onean daudela egiaztatzeko; informazioa bilduko dute suteen aurkako babes-bitartekoak behar den moduan ezarrita eta seinaleztatuta dauden ikusteko, eta berrikuspen-data eguneratuta daukaten; halaber, ordura arte zenbat sarrera saldu dituzten galdetuko dute, baita aurreikusten duten asistentzia ere; azkenik, Halloween jaiaren ospakizunaren harira sarbidea eta edukiera kontrolatzeko edukiko dituzten bitartekoen berri ere jasoko dute.

Euskadiko edukiera handiko hamaika diskoteketan (sei Bizkaian, hiru Gipuzkoan eta bi Araban) egin beharreko bisitan, orobat, aisia-establezimendu horien jabeei edo arduradunei ertzainek gogoraraziko diete lokalean 16 urtetik beherakoak ez sartzea zein hamazortzi urtetik beherakoei edari alkoholdunak ez ematea ere kontrolatu behar dutela.

Diskoteketarako informazio-kanpaina urriaren 21etik 29ra bitartean egingo da, Halloween gaua baino egun batzuk lehenago.

Joko eta Ikuskizun Unitateko ertzainek urte osoan aldian behin egiten dituzten kontrolen eta egiaztapenen barruan sartzen da kanpaina hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau