Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza Ingalaterrako poliziarekin elkarlanean ari da, Realak Manchesterren jokatu beharreko partidua dela-eta

2013.eko urriak 18
Sei milatik gora jarraitzaile donostiarrek lagunduko dute taldea

Ertzaintza polizia britainiarrarekin elkarlanean ari da Old Trafford zelaian datorren asteazkenean, urriak 23, Realak eta Manchester Unitedek jokatuko duten Txapeldunen Ligako partiduaren segurtasun-dispositiboaren harira. Hainbat ertzain joango dira hurrengo egunetan hiri britainiarrera Ingalaterrako poliziarekin batera lan egiteko. Realaren 6.100 jarraitzaile inguru joango direla Manchesterrera talde donostiarra laguntzera aurreikusten da.

Ertzaintzako aditu-talde bat polizia ingelesarekin harremanetan dago partiduaren segurtasun-neurrietan laguntzeko; datorren asteazkenean jokatuko dute Manchesterren etxeko taldeak eta Realak. Ertzainak hemendik bukatzen ari dira koordinazio-lanak, eta datozen egunetan joko dute Manchesterrera Old Trafford estadiora partidura ikustera joango diren zaleen segurtasun-neurrietan ingelesekin batera lan egiteko.

Manchesterrera joango diren zaleentzako eskakizunak eta aholkuak

Polizia britainiarrak hainbat aholku eta gomendio helarazi dizkio Ertzaintzari Manchesterrera bidaiatzen duten zaleentzat. Honako hauek, besteak beste:

Estadioaren barrutiko kale guztietan alkohola edateko debekua gogoratzea.

Estadioaren inguruko ostalaritza-establezimenduetara ez joatea, bertako jarraitzaileak egoten baitira horietan.

Zaleen sarrerak aztertuko dituzte estadioko sarreran, eta segurtasun-langileek edo poliziek zaleak miatu ere egingo dituzte; gainera, bengalak eta pirotekniako tresnak hautemateko entrenatutako txakurrak ere erabili ahal izango dituzte horiek. Atxilotu egingo dituzte estadioan horrelakoak sartzen saiatzen direnak.

Estadioaren barruan debekatuta daude musika- edo soinu-instrumentuak.

Estadio barruan alkohola edatea debekaturik dago, eta debeku hori ez betetzeak berehala atxilotzea edo esparrutik botatzea ekar dezake.

Guztiz debekatuta dago estadioaren barruan erretzea. Estadiotik erretzera atera nahi duten zaleei ez zaie agian berriro sartzen utziko.

Old Trafford estadioko plaza guztiak eserita egoteko dira; dagozkien eserlekuetan gelditzeko eskatzen zaie zaleei, eta beste gune batzuetara ez joateko. Partiduan zehar behin eta berriz zutik ez egoteko ere eskatzen zaie.

Estadioaren barruan izaera egokiko banderak eta pankartak baimenduta daude (gehienez 2x1 m-ko neurria gutxi gorabehera). Aurreko ilaretan neurri handiagoko pankartak ere jarri ahal izango dira, baina baimena partidua baino egun bat lehenago eskatu beharko da.

Ez dago beste taldearen harmailetan sartzerik. Harmaila horietarako sarrerak eskuratzen dituzten zaleei ukatu egingo zaie estadioan sartzea, eta bertatik kanporatuko dituzte.

Telebistako zirkuitu itxiko kamerak daude estadioaren inguruan eta barnealdean poliziaren eta kirol-agintarien esku.

Estadiora joatea

Kanpoko zaleen autobusek doan aparka dezakete aparkaleku ofizialean (E2 – Visitors Coach park). Gainerako ibilgailuek ordaindu behar dute aparkatzeko. Hirigunean ez aparkatzea aholkatzen da. Erosoena estadiora garraio publikoan joatea da.

Estadioaren eta Manchesterreko hirigunearen arteko joan-etorriak tranbiaz, metroz, hiri-autobusez edo oinez (2 km.) egin ditzakete zaleek.

Autobusa: GMPTEk zuzeneko maizko zerbitzua du Old Traffordera.

Trena: Northern Railek zuzeneko zerbitzua du hiriguneko geltokietatik. Helmugako geltokia South Standaren ondoan dago.

Metroa: Metrolinkek maizko zerbitzua du hirigunetik (Victoria eta Piccadilly geltokiak) Old Trafford geltokira (Altrincham linea) edota Exchange Quay geltokira (Eccles linea). Bi horietatik 5 minutu daude oinez futbol-zelaira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau