Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako lehergailu-teknikariek hirurogei jaurtigai militar indargabetu dituzte aurten

2013.eko urriak 19

Tankera horretako artefaktuak indargabetzea, beren ohiko zereginen artean

Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak artefaktu militarrak indargabetzea edo suntsitzea du oraindik zereginen artean; horietako asko Gerra Zibilaren garaikoak dira. Era horretako ekintzen kopuruak ez du behera egin denbora igaro ahala; oraingoz 60 jaurtigai militar indargabetu dituzte 2013an lehergailu-teknikariek. Itxuraz begien bistakoa bada ere, jaurtigai horiek topatzen dituztenek ez dituzte inoiz manipulatu behar, eta berehala aurkikuntzaren berri eman behar dute SOS-Deiak 112 telefonoan.

Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak sorreratik artefaktu militarrak edo arauzkoak indargabetzea izan du zeregin nagusitzat. Jaurtigai horiek hainbat tipologia dituzte: (Napoleondar Gerrak, edota, batez ere, Gerra Zibiletik edo maniobra militarretatik datoz). 2013ko lehen bederatzi hilabetetan 60 lehergailu indargabetu dituzte, hogeina hiru lurraldeetan. 2010ean 71 izan ziren, 2011n 50 indargabetu zituzten, eta 2012an 44 suntsitu zituzten. Datu horiek ikusita, nabari da jarduera horiek kopuru iraunkorra dutela urtez urte.

Lurra mugiaraztea eskatzen duten lanetan aurkitzen dituzte artefaktu militarrak gehienbat, baina partikularrek ere aurkitzen dituzte (mendietan, hondartzetan edo etxe-inguruan). Horrelakoetan ez dugu inoiz jaurtigaia manipulatu behar, itxuraz hondatuta dagoela eta arriskurik ez dakarrela pentsatu arren. Arlo horretan ideia handirik ez duten herritarrek horrelakoak biltzen dituzte sarritan haien bilduma egiteko edo saltzeko, haiek manipulatzeak dakartzan arriskuak ekarrita. Istripuak ere gertatu izan dira; horiek lesio fisiko larriak eragin dituzte okerreko erabilerengatik. Horren adibidea da 2009ko martxoaren 13an Eibarko Arrate gaineko txabola batean gertatu zen leherketa. Bi lagunek zauri larriak izan zituzten obus bat manipulatzen ari zirenean, eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak han bildutako Gerra Zibileko tona bat inguru jaurtigai eraman zuen.

Artefaktu militar bat aurkitzean berehala jakinarazi behar da SOS-Deiak 112 telefono-zenbakian, eta protokolo egokia abiaraziko da horrelakoetan. Hurbilen dagoen ertzain-etxeko agenteak bertaratuko dira, eta segurtasun-perimetro bat ezarri edo eremua inguratuko dute; halaber, beharrezkoa bada, inguruan dauden pertsonak irtenarazi ere egingo dituzte prebentzio-moduan.

Bitartean, hurbilen dagoen Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko taldea mobilizatuko da tokira joateko (hiru probintzietan daude). Lehergai-adituek segurtasun-neurriak handitu behar diren zehaztuko dute, eta obusa tokian bertan indargabetu edo suntsi daitekeen edo horretarako beste toki egokiago batera eraman behar den aztertuko dute. Azken horren kasuan, obusak eramateko tresna bat erabiltzen da toki egoki eta gertu batera edo, hala badagokio, unitatearen instalazioetara garraiatzeko.

Artefaktuak indarrik gabe badaude, unitatearen museora eramaten dituzte edo, bestela, hondakinak deuseztatzeko ingurumen-arauen arabera tratatzen dituzte.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2013.eko urriak 21

    Comentario de Twitter:
    La Unidad de Desactivación de Explosivos (UDE) de la #Ertzaintza tiene entre sus cometidos la neutralización o... http://t.co/lAIfqJGiad

  • @PCTolosa
    2013.eko urriak 19

    Comentario de Twitter:
    Artificieros de la @ertzaintzaEJGV han desactivado en lo que va de año 60 proyectiles militares: http://t.co/0ppVfGT6r4 >Via @Irekia_News

Komunikabideek behera kargatzeko