Berriak Osasuna
Eu

Populazioa bahetzeari esker, bularreko 6.216 minbizi-kasu hauteman dira, gehienak garaiz, eta emakume horien % 80ri bularraren tratamendu kirurgiko kontserbagarria aplikatu zaie

2013.eko urriak 18

lazo_rosa.jpg

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Euskadiko Programak 18 urte bete ditu

1995ko azaroaz geroztik, 1,7 milioi hitzordu-deitik gora egin ditu Osakidetzak; horietan, % 80k hartu dute parte, eta 1,4 milioi mamografia egin ditu.

Gaur egun gaixotasun horri aurre egiteko dagoen armarik onena bahetze-Programa da, eta 303.000 emakume hartzen ditu.

Prozesuaren fase guztiak hobetzeko aukera eman duten aurrerakadak gehitu zaizkio programari: mamografia digitala, mamotomia, ganglio zelatariaren teknika eta test genetikoak.

Bularreko minbizia zuten 203 emakumeri egin zaizkie test genetikoak, eta 80 kasutan kimioterapia ekiditea lortu da.

Bihar, urriak 19, izango da Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna.

 

1995ko azaroan abiarazi zen Osakidetzan Bularreko Minbizia Detektatzeko Programa, Araban eta Debagoienan, izan ere, eta 1997an zabaldu zen Euskal Autonomia Erkidego osora.

Hasiera batean, 50 eta 64 urte bitarteko emakumeei zuzendua zen bahetze-programa, baina 2006an 69 urtera arte luzatu zen adin-tartea, eta 2011n, berriz, familian lehen graduko bularreko minbiziko aurrekariak zituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak ere bildu ziren programara. Haren helburua da bularreko minbizia ahalik eta egoera goiztiarrenean hautematea, hartara gaitzaren hilkortasuna murrizteko eta emakumeen bizi-kalitatea handitzea, mutilaziorik gabeko tratamendu kirurgikoen proportzioa handitzen denez.

2013ko ekainera arte igarotako 18 urteetan1.741.520 hitzordu-dei egin ditu Osakidetzak, ekitate osoz, programa honen bitartez. Parte-hartzea bikaina izan da, % 80koa, eta denera 1.405.233 mamografia egin dira.

Diagnostikoa berresteko eta, berretsiz gero, tratamendua aplikatzeko erreferentzia-ospitalera bideratutako emakumeak 15.251 izan ziren, eta azkenean 6.216 minbizi-kasu hauteman ziren. Horietako gehienak hasierako faseetan zeudenez, 10 emakumetik 8k jaso ahal izan dute mutilaziorik gabeko tratamendu kirurgikoa, eta bularra kontserbatu.

Ekintzen arteko batez besteko erantzun-epeei dagokienez, Programaren helburuak bete egiten dira. Zehatzago izanik, 6 egunekoa izan da mamografia egin eta txosten-gutuna bidali bitartekoa; 9 egunekoa, proba erradiologiko osagarriak egin bitartekoa; 4 egunekoa, ebaluazio diagnostikoa egin eta erreferentziako ospitaleko hitzordura bitartekoa (diagnostikoa berresteko proba gehiago egin behar ziren kasuetan). Azkenik, 30 egunekoa izan da erantzun denbora erreferentziako ospitaleko bular-patologia zerbitzuko hitzordua izatetik tratamendua hasi bitartekoa, non diagnosi-prozesu osoa sartzen baita (zitologia, orratz lodi bidezko biopsia, mamotomia, ganglio zelatariaren teknika, ebakuntza aurretikoa zein beste).

Goiz hautemateak heriotza gutxiago izatea dakar

Euskadin, emakumeen arteko tumore gaiztorik ugariena eta hilkorrena da bularreko minbizia.  Gure autonomia-erkidegoan urtero 1.335 kasu berri agertzen badira ere, eta gaixotasunari lotutako heriotza-tasa 301 urteko emakumetakoa den, gero eta emakume gehiago sendatzen dira bahetze-programei eta tratamendu berriei esker, pertsonalagoak eta eraginkorragoak baitira. Azken azterlanak dioenez, 2000-2004 aldian, tratamenduaren osteko 5 urteetako biziraupena % 87,4koa izan zen.

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko 303.000 emakume inguru (38.800 Araban, 101.000 Gipuzkoan eta 163.200 Bizkaian) hartzen ditu bere baitan goiz hautemateko programak, eta bularreko minbizia gaixotasunaren lehen faseetan hautemateko aukera ematen du. Sendatze-tasa handiagoa ez ezik, tratamendu leunagoak eta bizi-kalitate handiagoa ere ekarri die emakumeei.

Horregatik, bai Osasun Sailak, bai Osakidetzak, bularreko minbizia goiz hautemateko bidean aurrera egiteko duten konpromiso sendoa erakutsi dute. Jon Darpon osasun-sailburuak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den bahetze-programa, zeren gaur egun hori baita gaixotasun honi aurre egiteko daukagun arma nagusia. «Goiz Hautemateko Programarekin aurrera jarraitzeko apustua egin dugu, bularreko minbizia pairatzen duten emakumeen heriotza-tasa murrizten eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko», adierazi du Darponek.

Goiz Hautemateko Programari gehitutako aurrerakuntzak

Programak bete dituen 18 urte hauetan hainbat aurrerakuntza handi izan dira prozesuaren fase guztietan: bahetzean bertan, diagnosia berresten nahiz tratamenduan.

Besteak beste, hor dira mamografia digitala, analogikoa ordeztu baitu, eta biopsia kirurgikoak neurri batean baztertu dituzten diagnostiko-teknika berriak, hala nola mamotomia eta orratz lodi bidezko biopsia.  Halaber gehitu zaio ganglio zelatariaren teknika, gaixotasuna galtzarbeko ganglioetara zabaldua den jakiteko aukera eta, hala, kasu askotan galtzarbean ebakuntza ez egiteko aukera ere ematen duena, eta gerora arazo gutxiago agertzen dira.

Horrez gain, test genetikoak ere gehitu dira oraintsu Osakidetzan, bai Programan parte hartzen duten emakumeen kasuan, baita kide klinikoaren bitartez diagnostikatutakoenean ere.  Kasu hautatu batzuetan bakarrik erabiliak, horiei esker aztertu ahal izango da emakume bakoitzaren kasu partikularrean kimioterapia aplikatzea benetan onuragarria izango den ala ez, eta ezezkoan ez da aplikatuko. Erabiltzen hasi direnetik iraila arte,  bularreko minbizia zuten 203 emakumeri egin zaizkie testak, eta 80 emakumeren kasuan kimioterapia ez aplikatzea ekarri dute. Ohiko diagnosi-formulekin alferrik emango zitzaiekeen kimioa.

Bere jarduera gauzatzeko 10 Hautemate Unitate ditu Programak mamografiak eta antzeko proba erradiologikoak egiteko, 6 Ebaluazio Unitate mamografien irakurketa diagnostikoa egiteko eta 7 Erreferentziako ospitale hautemandako lesioen diagnosia, tratamendua eta jarraipena egiteko.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PCTolosa
    2013.eko urriak 21

    Comentario de Twitter:
    El cribado ha permitido detectar 6.216 #cáncerdemama en su mayor parte en estadio precoz http://t.co/zbAeefOSmq @Ezagutza >Via @Irekia_News

  • @josepal59
    2013.eko urriak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: RT @Ezagutza: @Irekia El cribado ha permitido detectar detectar 6.216 cánceres de mama http://t.co/EJzHXipLUx

  • @Joseba_10
    2013.eko urriak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkullu: Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Euskadiko Programak 18 urte bete ditu http://t.co/TG664bFq7c

  • @aitzibersanroma
    2013.eko urriak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkullu: Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Euskadiko Programak 18 urte bete ditu http://t.co/TG664bFq7c

  • @GrupoLagunduz
    2013.eko urriak 18