Berriak
Eu

Kontsumobidek multimedia material berria aurkeztu du, 10 urtetik gorako neska-mutilek kontsumo iraunkorra eta solidarioa zer den ikasteko

2013.eko urriak 17

Materiala institutuaren web-orrian jarri dute doan, nahi duenak eskuratzeko; etengabeko prestakuntza eta informazioa ematen, beti lanean kontsumitzaileen alde

 

Kontsumo arduratsu, sostengarri eta solidarioaz gogoeta egiteko sortu du material berri hau Kontsumobidek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza arloarekin batera, jokaera hori erakutsi eta bultzatzeko, eta, bide horretatik, helburu handiagoa lortzeko: mundu justuagoa eraikitzea.

Esanda bezala, kontsumoari buruzko informazioa eta prestakuntza landu nahian egiten duen lanaren ildotik dator ekimen berri hau ere, joera eta premia berriak kontuan hartuta; horixe izango du lan handienetakoa hurrengo urteotan.

Izenburu hauxe jarri diote: "Frutak eta barazkiak, mundu iraunkor eta solidario baterako". 10 urtetik gorako neska-mutilentzako pentsatu dute bereziki materiala, hezitzaile edo irakasleek ikasgelan erabili dezaten, umeen hezkuntza osatzeko.

Edonork eskura dezake, halere, Kontsumobideren web-orritik; eta erabili ere, edonork erabili dezake: informazioa oso erraz azalduta dator, bertako eta garaian garaiko fruta eta barazkiak jateko ohitura hartzen laguntzeko joko interaktibo eta guzti. Ahaztu gabe, jakina, neska-mutilei erakustea ekoitzitakoaren komertzializazioak bi aldeen mesederako izan behar duela beti, eta inoiz ez ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren kalterako.

Testu eta irudien bidez aurkezten dira edukiak, eta hiru galdera oso konkreturen bidez sartzen da kontsumo iraunkor eta solidarioaren kontua:

Lehena: Nola liteke gaur egun bertako nahiz kanpoko fruta eta barazki ia guztiak noiznahi edukitzea gure merkatuetan, uda edo negu? Bigarrena: zer ondorio dakartza horrek guretzako? Eta, hirugarrena, azkena: zer egin dezakegu? Galdera horiek 5 joko dituen pantaila batera bideratuko dute erabiltzailea.

Hala, jolasean, ahaleginik gabe, orain arte ez zekizkiten gauzak ikasiko dituzte umeek, ia konturatu ere egin gabe. Joko bakoitzak helburu jakina lantzen du:

1. jokoa: Nondik datoz?

Frutak eta barazkiak nagusiki nondik iristen zaizkigun azaltzen du joko honek; leku batetik edo bestetik etortzeak zer onura eta zer kalte dituen ikusteko balio du.

2. jokoa: Gure frutak eta barazkiak

Joko honek babarrun, sagar eta barazkien Euskadiko bertako barietateak erakusteko balio du.

3. jokoa: Erosketak

Erosketak hurkoarekiko eta inguruarekiko arduraz egiteko, produktuari buruz zer jakin behar den erakusteko da joko hau.


4. jokoa: Hoteleko buffeta

Fruta eta barazkien buffeta prestatu behar da joko honetan: osasuna, solidaritatea eta sostengarritasuna lantzeko balio du.

5. jokoa: Frutaren antzara jokoa

Jokalariaren memoria lehian jartzeko da joko hau, umeak berak ebaluatu dezan zer ikasi duen.


Azkenik, informazioa eta jakintza zabaldu nahian, multimedia material hau ahalik eta gehienen eskuetara zabaldu nahi du Kontsumobidek, bere web-orriaren bitartez. Bestelako material asko ere baditu bertan jarrita, kontsumoaren inguruan egunero gertatzen zaizkigun kontuei buruzko ikasbidea emateko.

Azaldutako materiala doan eta erraz kontsultatu daiteke http://www.kontsumobide.net webgunean:

 

'Frutak eta Barazkiak. Mundu iraunkor eta solidario baterako' multimedia-materialerako sarrera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau