Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

21,3 milioi euro, tokian-tokian enplegua sustatzeko (2013-10-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 16

Erabakia, 5.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, enplegua sustatzera bideratutako tokian tokiko ekintzetarako laguntzak emateko.

Erabakia, toki-erakundeekin eta haiei lotutako edo haien mendeko erakundeekin lankidetza-hitzarmenaren eredu bat izenpetzea baimentzen duena (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartu behar du eredu hori), ekintzailetzaren arloko tokiko proiektuen esparruan enpresa-ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzen deialdia gauzatzeko.

Erabakia, toki-erakundeekin eta haiei lotutako edo haien mendeko erakundeekin lankidetza-hitzarmenaren eredu bat izenpetzea baimentzen duena (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartu behar du eredu hori), ekintzailetzaren arloko tokiko proiektuen esparruan enpresa-ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzen deialdia gauzatzeko.

LABURPENA

EAEko toki-erakundeek 20 milioi euro izango dituzte enplegua sortzeko proiektuak abian jartzeko, baldin eta proiektuok beren inguruetako garapen sozioekonomikoari eta modernizazioari eragiten badiote.

Aurrekoaz gain, gaurko bileran Jaurlaritzak Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren beste bi laguntza-deialdi ere onartu ditu, 1,3 milioi euroko zenbatekoarekin. Hirurak ere Enplegua Suspertzeko 2013-2016 aldirako Planaren barruan daude, eta helburua Euskal Enplegu Zerbitzuan (Lanbide) izena emandako pertsonen enplegagarritasuna hobetzea da.

Enplegua Suspertzeko Programak, ekintzailetza zein enplegu-politika aktiboak sustatzeko eta babesteko tresna berrien garapena indartzeko beharra planteatzen du, gazteei eta lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia ipinita. Era berean, Programak biltzen dituen neurrien artean aurreikusita dago ETEei eta autonomoei finantzaketa eskaintzea, bai eta enpleguko sektore intentsiboetan jarduera ekonomikoa garatzeko pizgarriak ematea ere.

Ondoko laguntza-deialdiak lan-ildo honetan kokatzen dira eta Eusko Jaurlaritza eta EUDEL erakundeen arteko lankidetza-ahaleginaren ondorioz etorri dira.

ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKIAN TOKIKO EKINTZETARAKO LAGUNTZA-DEIALDIA

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdia Erkidegoko udalerri guztietan enplegua sortzera bideratuta dago, baina nagusiki krisialdi ekonomikoak bereziki astindutako eta langabezia-tasa handiko inguruetatik datozen proiektuetara; zehazki, % 15,60 baino langabezia-tasa handiagoa erregistratuta daukaten udalerrietara.

Laguntzotarako 20.000.000 euro bideratuko dituzte.

Diruz laguntzeko moduko proiektutzat hartuko dira honako ekintzetakoren bat egiten dutenak:

Enpleguaren sustapena

Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta toki-erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, berriz, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek, baldin eta haiek hitzartuta edota esleituta badago proiektuok mamitzea. Guztiek ere honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Tokian-tokian onura publikoko edota gizarte-intereseko jarduerekin lotuta egotea.
b) Erakundeen egitura-lanetan diharduten langileak ez ordeztea.
c) Kontratuek gutxienez hiru hilabete iraungo dute; edozer kontratazio-modalitatetan egin ahal izango dira, baina ez dira izango trebakuntza- eta ikastun-kontratuak.
d) Kontratuak lanaldi osoz edota lanaldi partzialez egin ahal izango dira (kontratu partzialek jardunaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez).
e) Kontratatutako langabeek Lanbiden, Euskal Enplegu Zerbitzuan, lan-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute.
f) Eskualde edota udalerri batean orotara kontratatzen diren pertsonen % 30ek, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak izan beharko dute.

Gainerako ehunekoak honako kolektibotakoren batekoak beharko du izan: 35 urtekoak edo goragokoak, gutxienez sei hilabetez lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden 45 urtetik gorakoak, epe luzeko langabeak, gizarte-bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak, desgaitasuna daukaten pertsonak, familia-erantzukizuna duten emakumeak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

Tokian tokiko ekintzaileak babestea

Laguntza hauen helburua da enpresa-ekimenen sorrera babestea eta sustatzea; dela autoenplegua sustatzen dutenak, dela bestelako forma juridikoren batekin enplegu-gune eta interes estrategikoko sektore berriei lotuta daudenak lurralde-esparru bakoitzean. Zerbitzu hauek eskainiko dira:

a) Bideragarritasun-analisia, enpresa-plana eta enpresaren osaketa egiteko eta abiarazteko aholkularitza, baldin eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egoten badira 2014ko irailaren 30era arte.
b) Jarduera hasi eta hurrengo sei hilabeteetan aholkularitza eskaintzea, tokian tokiko enpresa-proiektuak sendotzen laguntzeko.
Deialdi hau EHAAn argitaratu eta gehienez hiru hilabete aurretik hasita egon beharko du jarduerak.

Kontrataziorako laguntzak

Laguntza hauen helburua Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak ohiko lan-merkatuan eta toki-enpresetan kontratatzeko laguntza ekonomikoa ematea da. Kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratuek gutxienez hiru hilabete iraungo dute; edozer kontratazio-modalitatetan egin ahal izango dira, baina ez dira izango trebakuntza- eta ikastun-kontratuak.
b) Kontratuak lanaldi osoz edota lanaldi partzialez egin ahal izango dira (kontratu partzialek jardunaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez).

Enplegua sortzen laguntzen duten toki-garapenerako beste ekintza batzuk

Ekintza-ildo hau langabeziak bereziki astindutako eskualde eta udalerrietara dago bideratuta. Proiektuak balioesteko, irizpide hauek hartuko dira aintzat: berrikuntza, jasangarritasuna eta autonomia, langabeak lan-munduratzeko eta gizarteratzeko aukerak hobetzea, ingurua sozioekonomikoki suspertzea, proiektuaren bideragarritasuna eta enpleguaren sorreran aurreikusitako inpaktua.

EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN BARRUAN ENPRESA-IDEIA BERRIAK SUSTATZEN DITUZTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA-DEIALDIA

Azkenik, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan, Jaurlaritzak potentzialki ekintzaile diren pertsonentzako laguntza-deialdia ere onartu du, modu esklusiboan dedikatu daitezen enpresa-ideia bat sortzera, aztertzera eta egituratzera, betiere ondoren bideragarritasun-plan batean zehazteko modukoa bada. Jarduerek hiru hilabete iraungo dute eta 2013ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dute.

Laguntzotarako 300.000 euro bideratuko dituzte.

EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN BARRUAN ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIARAZTEA SUSTATZEKO LAGUNTZA-DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak, halaber, ekintzailetzako toki-proiektuen barruan enpresa-jarduera berriak abiaraztea sustatzeko laguntza-deialdia onartu du. Laguntzotarako milioi bat euro bideratuko dute.

Laguntza hauek enpresa-jarduera berriak sortzen dituztenek jaso ahal izango dituzte. Laguntza mota hauek jasotzeko, Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda egoteaz gain, enpresa edota negozioa irekitzeko bideragarritasun-plan bat eduki beharko da. Plan hori erakunde kolaboratzaileak baliozkotu beharko du laguntza-fasean. Jarduerek hiru hilabete iraungo dute eta 2013ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dute.

Enpresa-proiektu berriak ezartzeko sustatzaileen tutorizazioa eta laguntza udalerriek, udalerrien elkarteek, mankomunitateek, koadrilek edota haiei lotutako zein haien mendeko erakundeek egin beharko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau