Berriak Osasuna
Eu

Erabakia, ospitaleko botika anbulatorioen koordainketaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzeko baimena ematen duena. (2013-10-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 16

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ARGI BERDEA EMAN DIO OSPITALEKO BOTIKA ANBULATORIOEN KOORDAINKETAREN AURKAKO GORAKO HELEGITEA JARTZEARI, GAIXOTASUN KRONIKO LARRIAK DAUZKATEN PERTSONAK BIDEGABEKI ZIGORTZEN DITUELAKO

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Osasun sailburuari Gobernu Zentralak ospitaleko botika anbulatorioen gainean koordainketa aplikatzeko hartu duen erabakiaren kontrako gorako helegitea jartzeko baimena eman dio, neurri desegoki eta bidegabetzat jotzen duelako, eta sistemari eusteari dagokionez, eraginkortasunik gabekotzat.

Jon Darpón sailburuak berak, irailean, Osasun, Gizarte Segurantza eta Berdintasun ministroari aipatutako neurria berriz azter zezan eskatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako epea bukatu aurretik (urriaren 19an) gorako helegitea jartzea erabaki du.

Gorako helegitea jartzeko arrazoiak Espainiako Gobernuak neurri hori unilateralki eta autonomia erkidegoekin kontsultatu gabe onartu zuenetik Eusko Jaurlaritzak erabili dituen berberak dira. Funtsean, Euskadiren ustez, ekitate printzipioaren kontrako neurri bidegabea dela pentsatzen du, gaixotasun kroniko larriak dauzkaten pertsonak modu arbitrario eta desberdinean zigortzen dituelako. Darpónek berak nabarmendu duenez, koordainketa horrek kontraesan larriak sortuko lituzke, adibidez: patologia bera daukan pertsona-talde baten barruan, neurriak batzuei eragingo lieke eta beste batzuei ez. Zehazki, Osasun Sailak kalkulatu duenez, aplikatuz gero, besteak beste prozesu onkologikoak, hepatitis kronikoa, artritis erreumatoidea, psoriasia eta asma larria daukaten Euskadiko 4.000 herritar kaltetu ahal izango lituzke neurriak.

Neurriak ageriko desberdintasunak sortzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak argudiatu duenez, Osasun eta Farmazia Sistema Nazionaleko Oinarrizko Zerbitzu Zorroaren Zuzendaritza Nagusiak ez dauka gorako helegitearen jatorria den irailaren 10eko ebazpena emateko eskumenik, de facto erabiltzaileari ekarpen bat egitea exijitzen dion farmazia-espezialitateak finantzatzeko sistema berri bat delako. Beraz, maila juridiko handiagoko arau baten bidez erregulatu behar da, eta zalantzarik gabe, eztabaidatik kanpo utzi diren autonomia erkidegoek parte hartuta.

Beste alde batetik, ebazpenak ez ditu botikak kalifikatzeko irizpide berak erabili. Ez dauka erabiltzaileen ekarpena arautzeko mailarik eta ekarpena kalkulatzeko formula oker bat erabiltzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau