Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordea. (2013/10/23)

2013.eko urriak 23

Arantza Tapia: “enpresei eskatzen diegun bezala, EGLSk kudeaketa eraginkorra lortzearren, lehentasunak ezarri, lan egin eta ebaluatzeko konpromisoa hartzen du”

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak Eusko Legebiltzarreko EGLSren batzordean agerraldi bat egin du, gaur goizean, bere eskariz, Sailak 2013-2016 aldian egingo dituen jarduerak kudeatzeko tresna aurkezteko (tresnaren ildo nagusiak legegintzaldiaren hasieran aurkeztu zituen).

Tapiak berretsi duenez, erakundeen jarduerak ondo burutu ahal izateko, kudeaketa-planak garatzea beharrezkoa da. «Enpresei kudeaketa-plan egokiak egiteko eskatzen diegun bezala, administrazioak ere, EGLSko kideok kasu honetan, praktika hori geure egiten dugu, geure jarduerak gauzatzerakoan erabakitzaileagoak eta eraginkorragoak izan ahal izateko».

2013-2016 aldirako Ekintza Plana datozen lau urteetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko gobernu-ekintzaren lidergoa finkatzeko eta zuzentzeko tresna nagusia da. Horren bitartez, ekonomiaren suspertzea azkartu eta Euskadiren lehiakortasunean eta garapen jasangarrian aurrerapauso bat eman nahi dugu.

Sailak legegintzaldi osoan egingo dituen ekintza guztiak gidatzeko, egituratzeko eta bateratzeko ibilbide-orri estrategiko bat da; partaidetzaren bidez egindako tresna bizi eta dinamikoa, eta 19 helburu, 66 ardatz estrategiko eta 237 ekintza jasotzen ditu.

Planaren abiapuntua Eusko Jaurlaritzako sailburuak aurkeztutako hasierako gogoeta da, eta gure Sailaren datozen lau urteetarako lehentasun-, jarduera- eta ebaluazio-esparrua taxutzen du.

Lan horretan, Sailaren apustu nagusiak eta oinarrizko lan-ildoak zehazten dira, eta hala, barne-lankidetza sustatzen da, baita Saila osatzen duten atalek (Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuna; Industria eta Energia; Merkataritza eta Turismoa, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika) norabide komuna izatea ere.

Era berean, Planak kanpo-lankidetza espazio bat ere irudikatzen du, non erakundeen arteko lankidetza-prozesuak garatuko diren, baita hainbat jarduera-ardatzetan eremu publiko eta pribatuaren artean sortuko diren elkarrekintza prozesuak ere.

Gainera, Plana Sailaren funtzionamenduan laguntzeko tresna gisa ere diseinatuta dago. Ekintza politikoa, barneko egiturarekin, mekanismoekin (programak, proiektuak, eta abar) eta operatibekin lotuz, modu eraginkorragoan kudeatzeko ahalegin bat da. Horrela, Planak Saila kudeatzeko funtsezko tresna gisa daukan balioa indartzen da

Plana eratzeko oinarria partaidetza bidezko lan-prozesu bat izan da, Sail osoan zeharka aplikatua. Hainbat metodologia erabiliz (elkarrizketak, lan-tailerrak, eztabaidatzeko bilerak, eta abar), pertsona kopuru handi bat tartean sartu dugu, bai arlo teknikokoak bai politikokoak.

Ekintza Planak, onartzen den unetik, Sailaren eguneroko jardunean laguntzeko tresna gisa daukan potentziala aktibatzera zuzendutako prozesu partekatu bat izan da, baita Plana aberasteko eta errazago ezartzeko modu bat ere.

Lehenago aipatu dugun bezala, prozesu honen dohainetako bat Saileko teknikarien ezagutza, esperientzia eta iritziak barneratzeko eta horiei etekina ateratzeko ahalegina egin izana da. Horri esker, balio handiena sortzen duten ekintzak eta eragin txikia daukatenak bereizi ahal izan ditugu, eta ekintza berriak proposatzea ere ahalbidetu du.

Lan hori talde teknikoko 65 pertsonaren partaidetzaren bitartez artikulatu da.

2013-2016 aldirako Ekintza Planaren aurkezpena funtsezko mugarri bat da, eta lan-dinamika horrek legegintzaldi osoan jarraipena eduki behar du.

Horretarako, planaren garapen eta eragin mailaren inguruko partaidetza, ebaluazio eta kontraste prozesuak  artikulatuko ditugu, sinergiak bultzatzen eta gobernu-ekintzan bikoiztasunak saihesten saiatuz. Lan egiteko modu hori ezartzeaz gain, Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko dinamika bat diseinatu eta martxan jarriko dugu, betetze-mailaren bilakaera eta Euskadin daukan eragina ezagutzeko, baita zehaztutako helburuekiko sortzen diren desbideratzeak ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)