Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, laneratzerako prestakuntza-baliabideei buruzko abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren II. kapituluan aurreikusitako hainbat laguntza finantzatzeko. (2013-10-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 16

LABURPENA

16,5 MILIOI EURO AUKERA GUTXIEN DITUZTEN PERTSONAK LANERATZEKO, PRESTAKUNTZAREN BITARTEZ

Eusko Jaurlaritzak bazterkeria-arriskuan dauden 15.000 pertsona laneratzeko prestakuntza-ekintzak finantzatuko ditu; guztira, 16,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Gobernu Kontseiluak programa honetara 7,14 milioi euro gehiago sartzea erabaki du; aurretik, ekainean, 9,4 milioi onartu zituen.

Gure gizartean aukera gutxien dituzten taldeen (langabeak, egoera irregularrean dauden etorkinak, ezgaitasunen bat duten pertsonak, eta abar) egoera hobetzeko ahaleginean, Eusko Jaurlaritzak kapitulu honetara bideratutako aurrekontua % 35 handitzea (2012an, 12,26 milioi ziren) erabaki du. Kapitulu hori lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren 327/2003 Dekretuaren parte da.

Kapituluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta orientazio-zerbitzuen sareko bulegoetan artatzen dituzten enplegu-eskatzaileak laneratzeko prestakuntza-ekintzak finantzatzeko diru-laguntzak arautzen ditu. Lanerako zailtasun handia duten langabeei beren lanbide-gaikuntza eta lan-merkatuko posizioa hobetzeko tresnak ematea da helburua.

Zehazki, honako jarduera hauek egin behar dituzte Lanbidek baimendutako zentro publiko nahiz pribatuek:

a) Prestakuntza espezifikoa profil okupazionaletan: prestakuntza teorikoa, praktikoa edo teoriko-praktikoa Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-kualifikazioen sisteman jasotako arloetan, ekoizpen-egiturak eskatutako okupazioak egiteko gaitasuna ematen dutenetan, hain zuzen.

b) Prestakuntza praktikoa lan-zentroan: kualifikazioa lortu nahi den lan-ingurunean bertan jasotako prestakuntza.

c) Ezgaitasunera egokitutako prestakuntza: Ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten edo buru-gaixotasuna duten pertsonentzako berariazko prestakuntza. Honako azpimota hauek daude:
- Banakako egokitzapena, ezgaitasuna duten pertsonek laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoko prestakuntza-jarduera arruntak egin ahal izan ditzaten.
- Ezgaitasuna duten giza baliabideak enplegu-zentro berezietara sartzeari lotutako talde-prestakuntza.
- Edozer motatako lan-merkatu arruntera igarotzeko talde-prestakuntza, lan-enklabeak barne.
- Banakako prestakuntza edozer motatako lanpostuan, laguntzadun enpleguak barne.

d) Kualifikazioaren aurreko oinarrizko prestakuntza edo kualifikazioaren osagarria dena.

e) Prestakuntza, kontratatzeko konpromisoarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau