Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Jaurlaritzak 8.485.221 € erabiliko ditu Lehen Sektoreari laguntzen, berorren lehiakortasuna eta garapena sustatzeko. (2013-10-16(e)ko Kontseiluan hartutako erabakia)

2013.eko urriak 16

Erabakia, Munduko Landagunea garapenerako elkarteari 2014ko Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea sustatzeko eta koordinatzeko jarduerak finantzatzeko diru-laguntza zuzena ematen duena.

Erabakia, Arrantzaleen kofradiei 2013ko ekitaldian beren jarduerak egiteko diru-laguntza zuzena ematen duena.

Erabakia, 5.000.000 euro baino gehiago gastatzeko baimena emateari buruzkoa. Helburua: nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatzeko, merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak 2013ko ekitaldirako deitu zituen Aginduan araututako laguntza ekonomikoak finantzatzea, urriaren 7ko 172/2008 Dekretuaren babesean (Lehiatu programa).

Agindua, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetarako deialdia egin duena 2013. urterako. Izan ere, dekretu horrek euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren inguruan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezarri ditu.

Agindua. Honen bidez, kudeaketa, ordezte eta aholkularitza zerbitzuak ezartzeko laguntzen deialdia egiten da 2013rako.

Agindua. Honen bidez, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten da, 2013ko ekitaldirako, uztailaren 27ko 218/2010 Dekretuaren babesean.

Agindua. Honen bidez, 2013ko ekitaldirako, 2010eko abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuan xedatutakoarekin bat eginda, arrantzaren eta akuikulturaren ondoriozko produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzen (LEHIATU-ARRANTZA Programa) deialdia egiten da.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 8.485.221 € erabiliko ditu Lehen Sektorea indartzen, zortzi laguntza-programaren bitartez:

A. Munduko Nekazaritza Foroa (40.000 €)
B. Arrantzale-kofradiei diru-laguntzak (38.353 €)
C. Lehiatu programa Nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatzeko, merkaturatzeko eta sustatzeko (5.847.000 €)
D. Nekazariza-arrantza sektoreko ikertzaile eta teknologo gazteei laguntzak (673.750 €)
E. Nekazaritza sektorean kudeaketa-zerbitzuak ezartzeko laguntzak (93.750 €)
F. Nekazaritza-arrantza sektoreko Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzak (992.368 €)
G. Lehiatu-arrantza programari laguntzak (800.000 €)


A) FAMILIA NEKAZARITZAREN NAZIOARTEKO URTEA BULTZATZEA MUNDUKO LANDAGUNEAREN BITARTEZ

Gobernu Kontseiluak Munduko Landagunea Garatzeko Elkarteari 40.000,00 €-ko diru-laguntza ematea baimendu du 2014ko Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea sustatzeko eta koordinatzeko jarduerak finantzatzearren.

Sustatzeko eta koordinatzeko jarduerak hau hartuko du barnean: 2014ko Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea modu eraginkorrean sustatzen duen erakunde-sarea munduan dinamizatzea eta koordinatzea, hau kontuan hartuta: jarduera ekonomiko hori elikagai-segurtasun eta -subiranotasunerantz aurrera egiteko elikagai-ekoizpen jasangarriaren zein lurralde eta haren biodibertsitatearen ingurumen-kudeaketaren oinarria da; herri bakoitzaren kultura-dimentsio garrantzitsuen iturria, bai eta, azken batean, garapen osoaren funtsezko zutabe bat ere.

B) DIRU-LAGUNTZA ARRANTZALEEN KOFRADIEI

Arrantzaleen kofradiei hogeita hemezortzi mila hirurehun eta berrogeita hamahiru euro eta hogeita hamar zentimoko (38.353,30) zuzeneko diru-laguntza bat ematea onartu da 2013an beren jarduerak gara ditzaten; taula honetan ageri da diru-laguntzaren banaketa:

Kofradia Diru-laguntzaren zenbatekoa
Armintza 895,10 €
Ondarroa 5.234,05 €
Hondarribia 28.492,87 €
Mundaka 2.386,77 €
Zierbena 1.344,51 €

C) LEHIATU PROGRAMA: 5.847.000 € NEKAZARITZA ETA ELIKAGAI PRODUKTUAK ERALDATZEKO, MERKATURATZEKO ETA SUSTATZEKO

Gobernuak 5.847.000 euroko gastua baimendu du 2013ko ekitaldian LEHIATU programaren barruan aurreikusitako nekazaritza- eta elikagai-produktuak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzak emateko; halaber, aurkezten dituzten eskaera-kopurua dela-eta handitu behar izanez gero, estaldura ere ematen dio handitze horri.

Gobernuak EAEko elikagaien arloan balio erantsi handiagoa sortu nahi du programa horren bitartez, bai eta enpresa-dinamismoa bultzatu ere, hauek lehenesten dituen ekintza-plan batean islatutako ildo estrategikoak zehaztuta:

1. Plan estrategikoen arabera sektore edo azpisektore batekoak diren proiektuak.
2. Bertako lehengaiak gehiago erabiltzen eta balio handiagoa ematen laguntzen duten proiektuak.
3. Lurralde Historiko batean baino gehiagoan eragin ekonomiko edo soziala duten proiektuak.
4. Gazte ekintzaileek (40 urtetik beherakoak) nekazaritzako elikagaien enpresa berri bat sortzeko egindako proiektuak edo lehendik daudenei belaunaldi-jarraipena ematea dakartenak.
5. Elkarlanaren ondorioz nortasun juridikoa galdu gabe bi enpresak edo gehiagok abiarazitako inbertsio-proiektuak; haietako batek eskatzaile eta laguntzaren onuradun gisa jardun behar du.
6. Laguntzaren xede den jardueran enplegatutako pertsonentzako trebakuntza-planak dituzten proiektuak.
7. 2008-2013 aldirako EAEko Landa Garapen Jasangarriko Programan halakotzat jotako landa-udalerrietan ezarritako proiektuak.
8. Kooperatiba-enpresetan oinarrizko ekoizleak pilatzea sustatzen duten proiektuak, era horretan bazkide kopurua eta ekoizpen propioaren bolumena zein antolamendu-eraginkortasuna handituta.
9. Enpresak nazioartekotzeko edo haien salmentak autonomia-erkidegotik kanpo handitzeko proiektuak.
10. Kudeaketa hobetzeko, ingurumen-hobekuntzarako eta klima-aldaketaren aurkako elkarlanerako proiektuak.
11. 32 urtetik beherako gazteak kontratatzea sustatzen duten proiektuak.
12. Enplegu garbia, bereziki emakumeena, besteren kontura eta lanaldi osoan sortzea dakarten proiektuak.
13. Eraldatzeko eta merkaturatzeko integrazio bertikaleko maila handia duten proiektuak (erabilitako lehengaitik produktu prestatura arte), EAEko ekoizleei eragindako balio erantsia ahalik eta handiena izaten lagunduta.

Laguntza horiek izapidetzeko inprimakiak webgune honetan daude eskuragarri: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.
Eskaera azaroaren 7a baino lehen aurkeztu beharra dago Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean; gehienez sei hilabete izango du horiei buruz ebazteko.

D) 673.750 €-KO LAGUNTZAK NEKAZARITZA-ARRANTZAREN ETA ELIKAGAIEN SEKTOREKO GAZTE IKERTZAILEEI ETA TEKNOLOGOEI

Eusko Jaurlaritzak 673.750,01 €-ko trebakuntza-laguntzak emango ditu gazte ikertzaile eta teknologoentzat euskal nekazaritza-arrantzaren eta elikagaien sektoreko zientzia-teknologiaren eta enpresaren arloan.

Hartzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Europar Batasuneko herritarra izatea edo EAEn bizi den atzerritarra.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Ondorio horietarako beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean deialdiaren urteko urtarrilaren 1etik gutxienez erroldatuta egotea. Dena den, EAEn erroldatuta egon diren baina ikasketak erkidegotik kanpo egiteagatik eskakizun hori betetzen ez duten eskatzaileak ere onartuko dira.

c) Goi-mailako unibertsitate-titulua edukitzea trebatzen ari diren gazte ikertzaileentzako laguntzak lortu ahal izateko.

d) Titulu hori lortzeko ikasketak urteko deialdiaren agindua baino gehienez lau urte lehenago edo horren ostean bukatzea. Ingeniari teknikoek eta goi-mailako ingeniariek karrera-amaierako proiektua gaindituta eduki beharko dute.

e) Gazte Teknologoen trebakuntza-laguntzei dagokienez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren antzeko ezaugarriko beste bat eskuratu ez izana.

f) Estatutik kanpo garatu beharreko laguntzentzat, laguntzaren garapen-zentroa dagoen herrialdeko hizkuntzaren gaineko ezagutza nahikoa eduki beharko du eskatzaileak edota berau garatzeko behar den hizkuntza teknikoarena.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean aurkeztu behar dute eskaera azaroaren 21 baino lehenago, eta sei hilabeteko epean ebatziko da.

E) NEKAZARITZA SEKTOREAN KUDEATZEKO, ORDEZTEKO ETA AHOLKATZEKO ZERBITZUAK EZARTZEKO 93.750 €-KO LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzak 93.750 € bideratuko ditu 2013ko ekitaldian nekazaritza-sektorean kudeatzeko, ordezteko eta aholkatzeko zerbitzuen ezarpena sustatzeko. Gehienez % 90 kudeatzeko, ordezteko eta aholkatzeko zerbitzuak nekazaritza-ustiategiei ematen dizkieten erakundeentzat, eta % 10 zerbitzu horiek baso-ustiategiei ematen dizkieten erakundeentzat.

Eskaerak azaroaren 30 baino lehen aurkeztu behar dituzte Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaritzaren aurrean, eta bi hilabeteko epean ebatziko dira. Eskaera-orriak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan eta Lurralde Ordezkaritzetan daude eskuragarri, bai eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net webgunean ere.

F) NEKAZARITZA, ELIKAGAI ETA ARRANTZA SEKTOREAREN IKERKETA, GARAPEN ETA BERRIKUNTZARAKO 992.368 €-KO LAGUNTZAK

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila 992.368 €-ko laguntza hauek izapidetzen ari da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren bitartez nekazaritza, elikagai eta arrantzako sektorearen ikerketa, garapen eta berrikuntzarako; laguntzok hauentzat dira zehazki:

1. Enpresa txiki eta ertainak
2. Enpresa handiak
3. Elkarteak eta fundazioak
4. Nortasun juridikorik gabeko elkarteak
5. Jarduera nagusitzat nekazaritza, elikagai edo arrantzako sektoreetan ikertzea duten kapital publiko edo pribatuko erakundeak, baldin eta ikerketa-erakundetzat hartzen badira ikerketa, garapen eta berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan xedatutako ondorioetarako.

Laguntza horiek izapidetzeko inprimakiak eskuragarri daude www.nasdap.ejgv.euskadi.net webgunean, eta azaroaren 23 baino lehen aurkez daitezke Ekonomia Garapenaren eta Lehiakortasun Sailean (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozer tokitan.

Laguntzak sei hilabeteko epean ebatziko dira.

G) ARRANTZA ETA AKUIKULTURATIK ERATORRITAKO PRODUKTUAK ERALDATZEKO ETA MERKATURATZEKO 800.000 €-KO LAGUNTZAK: LEHIATU-ARRANTZA PROGRAMA

Gobernuak arrantza eta akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko 800.000 euroko laguntzak deitu ditu (LEHIATU-ARRANTZA programa).

Arrantza-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko sektoreetako pertsona fisiko edo juridiko pribatuek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak.

Arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko sektorearen barruan, azpisektore hauetakoak izango dira onuradunak:

- Kontserbak
- Erdikontserbak
- Araztegi, zetazeo eta haztegiak
- Arrainen bitartezko gatzatuak, ketuak, aurrez prestatutakoak...
- Aurregositakoak
- Tratamendua, eraldaketa eta azpiproduktuak.
- Arrainen bitartezko produktuen elaborazioa (saltsak, arrain-suzedaneoak...)

Arrantza eta akuikulturako produktuak merkaturatzeko sektorearen barruan, azpisektore hauetakoak izango dira onuradunak:

- Euskal kaietan gehienbat produktuak deskargatzen dituzten jatorrizko handizkariak (biltegiratzea, hotzezko biltegiratzea, izotzezko biltegiratzea...).
- Helmugako handizkariak (biltegiratzea, hotzezko biltegiratzea, izotzezko biltegiratzea...).

Eskaeren eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net webgunean dago eskuragarri, eta azaroaren 7 baino lehen izapidetu daitezke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz) aurkeztuta edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren Legean xedatutako beste edozer tokitan aurkeztuta; horretarako HAMABOST EGUN NATURALEKO epea egongo da deialdiaren aginduak ondorioak sortzen dituen egunetik, eta sei hilabeteko epean emango da ebazpena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau