Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik errekonozimendua helarazi dio «duela bostehun urte hasitako historia orain jarraitzen» duen Kanadako komunitateari

2013.eko urriak 15

• Labrador herriko biztanleek historia-ondare komuna berreskuratzeko eta zaintzeko eginiko ahalegina nabarmendu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak
• Euskal arrantzaleek XVI. mendean egindako balea-arrantzak kultura- eta ekonomia-jarduera berritzailea sortzen du Kanadako herri zaharrean
• Unescok Gizadiaren Ondare Unibertsal izendatu zuen tokia ekainean

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren bitartez Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du Red Bay herri kanadarrak. Unescok udalerri hori Gizadiaren Ondare Unibertsal izendatu du ekainean, XVI. mende hasieran euskal baleazaleen kokaguneen berri ematen duten lekukotasun ugariak aztertzeko, aurkitzeko eta zaintzeko egindako lanagatik. Ana Oregik erakundeen eta gizartearen babesa agertu dio komunitateari beren historia aztertzen jarrai dezaten eta beren aparteko natura- eta lurralde-ondarea mantentzen lan egin dezaten.

Ekitaldi horretan Red Bayko alkate Wanita Stonek hunkiturik honela adierazi du: «orain jarraitzen du duela ia bostehun urte euskal baleazaleek, lurrotako lehen euskal kokagunean, hasitako historia». Sailburuaz gain Kanadako herriko biztanle gehienek ere parte hartu dute ekitaldian, bai eta Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek, Natura Inguruneko zuzendari Amaia Barredo eta Unesco Etxeko zuzendari Mikel Mancisidorrek. Wanita Stone:
• MP3 AUDIOA, WANITA STONE A

Ana Oregi eta Izaskun Iriarte, Unesco Etxeko zuzendari Mikel Mancisidorrekin batera, harremanetan egon dira Red Bayko Udalarekin eta Kanadako Natura Parkeen erakundearekin; era horretan elkarlanerako eta lurralde-kontserbazioan oinarritutako kultura, turismoa eta ingurumena sustatzeko prozesuari hasiera eman diote:
• OREGI RED BAY (Gazt.)

Red Bay badia Gizadiaren munduko ondare izendatu zuen Unescok ekainean, Selma Huxley ikertzailearen lanari eta ikerketari esker. Donostiako Aquariumak edo Albaola elkarteak eginiko omenaldiei Red Bayko ekitaldia gehitu zaie; herri horretan euskal ikurrina eta Nazio Batuen bandera jaso dituzte gaur udaletxean. Wanita Stone alkatea hunkituta agertu da Oregi sailburuaren aurrean:
• MP3 AUDIOAK, WANITA STONE B-C ETA WANITA STONE B-E (itzul.)

Topaketa Eusko Jaurlaritzaren lehen errekonozimendu ofizial instituzionala izan da itsasoaz haraindiko arrantzaleen kolonia txiki izan zen horretan. «Haiek eta gu gure historiaren alderdi berriak deskubritzen ari gara; Labrador eta Ternuako ur eta lurralde hauek asko dute esateko oraindik garai haiei buruz, eta horretaz jabetu da Kanadako Gobernua, gure euskal portuekin lotutako eskualde honen ikerketa historikoan zeharo murgildurik. Gure konpromisoa helarazi diegu Eusko Jaurlaritza gisa ondare komun aberats horren ikerketa-lana jarraitzeko», azaldu die Oregik Red Bayko udaletxean bildutako ehunetik gora herritarrei.

Oregik eta Iriartek bilera bat ere egin dute Parks Canada erakundeko arduradunekin; erakunde hori Kanadako parke-sarearen agintari gorena da, eta horren barruan dago National Historic Site erakundea. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak naturguneen kudeaketako esperientziak trukatu ditu hainbat agintarirekin, erakundeen arteko lankidetza-prozesu bati ekinda; besteak beste: Cindy Gibbons, Red Bayko ikuskatzailea, Trudy Taylor-Walsh, National Historic Sites erakundeko zuzendaria eta Geoff Hancock, Newfoundland and Labrador eskualdeko superintendentea (bertan dago Red Bay).

Oregik interes berezia agertu du Gros Morne National Parkean abiarazitako ekimenen aurrean (Gizadiaren ondare unibertsal ere izendatuta du hori Unescok). Guztiak parte hartzen ari dira EuroMAB MAB programaren eskualdeko sarerik handi eta zaharrenaren kongresuan. Sare horretan 52 herrialde daude, Kanada eta AEB barne, bai eta Europako 284 biosfera-erreserba ere; bi urtean behin biltzen da 1986tik. EuroMAB 2013 Ontarioko Frontenac Arch eskualdean egiten ari dira, Frontenac Arch biosfera-erreserban.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbak, Unescorekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin Stockholm Resilience Centerrekin eta Saskatchewango unibertsitatearekin batera, Milurteko Ekosistemen Ebaluazioaren metodologia eta ikuspegiak aplikatzeari buruzko tailer bat egingo du (giza ongizaterako ekosistemen zerbitzuak). Urdaibai aitzindaria da horretan Biosfera Erreserben artean; hala, hori lagungarri izango zaio Urdaibairi, berriro kudeaketa eredugarriko erreserba gisa ager dadin.

Euskal presentzia historikoa
Kanadako ipar-ekialdeko muturrean kokaturik, Labrador-Ternua probintzian, Red Bay herrixkaren badian XVI. mende hasierako euskal arrantzaleen itsasontzi, txalupa, kokagune, tresna, eraikuntza eta hilobien hondakin ugari eta ongi zainduak aurkitu dira; arrantzale horiek itsasontzi ahuletan zeharkatzen zuten ozeano atlantikoa balearen arrantzan. Horietako asko ez ziren etxera inoiz itzuli.

Euskal baleazaleak ohikoak ziren Kanadako kostaldean XVI. eta XVII. mendeetan. Red Bayko aurkikuntzek eta Unescoren errekonozimenduak beren jatorria ezagutzera bultzatu dituzte kanadarrak, non euskal baleazaleez gain, bikingoek, bretoiek eta normandiarrek ere esku hartu zuten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Wanita Stone, Mikel Mancisidor