
Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Zorrotzaurreko lehen fasean babestutako 1.500 etxebizitza eraikitzea erabaki dute
Uneotan Bilbok aurrean duen proiekturik handinahi eta enblematikoenak, Zorrotzaurreko hirigintza-eraldaketak, beste pauso bat egin du aurrera 389.654 metro koadroko eremu bat birzatitzea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatuta; eremu horretan 3.203 etxebizitza eraikiko dituzte, eta haietatik 1.464 babestutako araubidean egingo dira.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok eta Ekonomia eta Ogasuneko zinegotzi Marta Ajuriak EU-1 Egikaritze Unitatea birzatitzeko hitzarmena eta estatutuak sinatu dituzte gaur Bizkaiko hiriburuan; hain zuzen, Zorrotzaurreko etorkizuneko uhartearen hirigintza-plana osatzen duten hiru eremuetako batean.
Hemendik aurrera, gaur ere izendatu duten Kontzertazio Batzordea arduratuko da eremu horren urbanizazioa islatuko duen proiektua idazteaz. Erakundeetako ordezkariez gain, honako hauek ere badira Batzordeko kide: Vicinay Cadenas SA enpresa eta Sociedad Promotora Inmobiliaria Margen Derecha SL.
Gaur abiarazitako unitateak 389.654 metro koadroko azalera du guztira; horietatik 116.904 metro hirugarren sektoreko erabilerara bideratuko dira; 21.104 metro ekipamendu pribatura; 31.557 metro merkataritza-erabilerara, eta 11.804 metro ekoizpen-erabilerara.
2015eko bigarren hiruhilekoan hasiko dituzte urbanizatzeko lehen lanak; 137 milioi euroko kostua izango dute gutxi gorabehera. Lurrotan 3.203 etxebizitza eraiki behar dituzte: 1.464 babes-araubidean egingo dira (659 BOE eta 805 tasatu), eta 1.739 libreak izango dira. Visesak sustatuko ditu babestutako 402 etxebizitza, Eusko Jaurlaritzak 180, Bilboko Udalak 220 eta gainerako jabeek gainerako 662 etxebizitzak. Etxebizitzak eraikitzeko 340 milioi euroko aurrekontua dago.
Zorrotzaurre uharte bihurtzeko lanari, proiektuaren elementu nagusiari alegia, 2014 hasieran ekingo zaio, orduan hasiko baitira Deustuko Kanala irekitzen eta bi ertzak lotuko dituen zubia eraikitzen; 30 milioi euroko gastua izango du.
Zorrotzaurreko hirigintza-garapena bezain garrantzitsua izango da lanpostu-sorreraren bitartez horrek gizartean izango duen eragina. Proiektua eraiki eta urbanizatzeak zuzeneko eta zeharkako 3.400 eta 2.400 lanpostu inguru sortuko dituela aurreikusi da, hurrenez hurren. EU-1 Egikaritze Unitateak 1.800 lanpostu berri sortuko ditu.
Zorrotzaurre proiektua
Zorrotzaurreko eremua izen bereko penintsulan dago kokaturik, San Inazio eta Deustu auzoen aurrean; ekialdean Deustuko Kanalak eta mendebaldean Nerbioi ibaiak mugatuta dago, bestalde. Bilboko hirigintza-garapenerako aukera handi bat da, 838.781,25 m2-ko azalera baitu, eta ezaugarri bereziak dituen esparru berritzaile bat emango dio udalerri osoari, zeinak nazioartean Bilbo protagonismo berri baterantz bultzatuko duen.
Zaha Hadid itzal handiko arkitekto angloirakiarrak (Pritzer saria 2004) diseinatu zuen Master Planean dago oinarriturik Zorrotzaurreko Plan Berezia; plan horri hainbat ekarpen egin dizkiote auzokoek, elkarteek, alderdi politikoek... Lehen Master Plana 2004an egin zenetik, Zorrotzaurren proiektu jasangarri bat diseinatzea izan da helburu nagusietako bat, hau da, garatu beharreko jarduerek ingurumena errespetatzea eta etorkizuneko belaunaldiek horiei eutsi ahal izatea.
Halaber, Bilboko eremu degradatu bat zaharberrituko da Zorrotzaurren, lehendik dagoen hiria berrerabiltzean oinarritutako Bilbo eraldatzeko filosofiaren ildotik; hala, kalitateko hiri-eremu berri bat bihurtuko da, eta, gainera, aldameneko Deustu eta San Inazio auzoak osatzeko balioko du, bai eta hiri-erdialdeko ibaiertzeko pasealekuei segida emateko ere.
Hiri-garapen trinko bat lortzeko eta mugikortasun jasangarria lortzeko behar diren erabilerak eta dentsitatea nahasiz diseinatu da Zorrotzaurre. Uhartean bi auzo autosufiziente egongo dira, bi muturretan bana. Bietan hainbat jarduera egongo dira nahasita: etxebizitza, saltokiak, bulegoak, herri-ekipamenduak, aisiarako tokiak...
Zorrotzaurre berriaren bi herenek erabilera publikoa izango dute (eremu mistoa); horren barruan 155.893 m2 espazio libreak izango dira, eta 84.936 m2 zuzkidura publikoetarako lurzatiak (horietan, hezkuntza-, osasun-, kirol- eta kultura-ekipamenduak ipiniko dituzte). Planak 5.474 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, erdiak babestuak; halaber, jarduera ekonomikorako 201.360 m2 ere eraikiko dira.