Berriak Osasuna
Eu

Osasuneko Sailburu Jon Darpónek Bularreko Minbiziaren Astea aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu du

2013.eko urriak 14

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek Bularreko Minbiziaren Astea aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu du gaur goizean Donostian.

Prentsaurrekoan sailburuarekin batera izan dira: Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu, Ander Rodríguez, bularreko minbiziak jotako emakumeen Gipuzkoako elkarteko presidente, Txaro Beobide, eta Arrate Plazaola doktorea. Hala, Darpónek adierazi du Osasun Sailak konpromiso irmoa duela bularreko minbizia duten emakume guztiekin. "Gure konpromisoa haiekin eta beren sendiekin, beren bikotekideekin, seme-alabekin, eta abarrekin. Baita, esate baterako, Katxalin elkartearekin ere, emakumeoi berebiziko laguntza eskaintzen baitie".

"Izan ere, osasunaz dihardugu, baina baita baloreei buruz ere: elkartasuna, laguntasuna, babesa... Uste dut publikoki aitortu behar dela, Txaro, hainbat elkarte, zuena kasu, egiten ari zareten lana".

"Eskerrik asko, egunez egun egiten duzuen lanagatik. Guretzat, oso garrantzitsua da jakitea, Osakidetzatik kanpo ere, gaixotasun hori duten emakumeei laguntzen dien jende asko dagoela".

"Izan ere, bularretako minbizia da Euskadin tumore gaizto ohikoena, bai eta emakumeen artean heriotza gehien eragiten duena ere. Horregatik, garrantzitsua da denok elkar hartuta ekitea, eta modu koordinatuan lan egitea: erakundeok, elkarteek, pazienteek, familiek... denok batera, eta norabide berean".

"Jakingo duzuenez, bularretako minbiziak garrantzi handia du, haren handitasunak, heriotza-tasak eta tratamendu kirurgikoei eta sistematikoei lotutako erikortasunak eraginda; baina ezin ahaztu gaixotasun horrek emakumeen bizitzan izan dezakeen eragina, bizitza pertsonalean, familiakoan, sexualean eta lan-bizitzan (neurri desberdineko eraginak, bai, bakoitzaren tratamenduen arabera)".

Urtero, 1.200 kasu berri detektatzen dira Euskadin, eta gaixotasunaren ondorioz, 301 pertsona hitzen dira, gutxi gorabehera.

"Dena den, egunetik egunera, biziraupena handitzen ari da (% 87,4), eta heriotza-tasa txikitzen; joera hori, hain zuzen ere, bularreko minbizia garaiz detektatzeko programei esker gertatu da batetik, eta Osakidetzatik bultzatzen ari garen tratamenduen bidez, bestetik, eraginkorragoak, ez hain gogorrak eta pertsonalizatuak baitira. Urteak daramatzagu arlo horretan lanean, eta aurreratzen jarraitzeko konpromiso irmoa dugu, batez ere, garaiz detektatzeko programetan".

"Bularretako minbizia hasierako faseetan detektatzen bada, sendatu egiten dira askotan. Egun, oro har, gaixotasuna hasierako faseetan detektatzen da, eta horrenbestez, tratamenduak ez dira hain gogorrak; gainera, paziente gehiagok jarraitzen du bizirik, eta haien bizi-kalitatea ere hobea da".

"Bularretako minbizia zerk eragiten duen oraindik ez dakigunez, ezin ditugu lehen mailako prebentzio-jarduerak gauzatu, minbizia ez agertzea lortzeko. Halere, badakizu zer faktorek duten lotura gaixotasuna agertzearekin, bai eta detekzio goiztiarrerako zer teknika dauden ere; beraz, baliabide horiek arriskua duten emakumeengan aplikatuz, gaixotasuna hasierako faseetan detektatzen da, eta, horrenbestez, sendatzeko probabilitatea handiagoa da".

"Ziur gaude, gaur-gaurkoz, baheketa-programak direla gaixotasun honi aurre egiteko arma eraginkorrenak".

Euskadin, azaroaren 29an beteko dira hamazortzi urte Bularretako Minbizia Garaiz Detektatzeko Programa abian jarri zenetik. 18 urte hauetan, 1,7 milioitik gora zitazio egin dira, ekitatea oinarri hartuta, eta parte-hartze indize bikaina izan da (% 80); guztira, 1,4 milioi mamografia egin dira.

6.216 minbizi detektatu dira, gehienak oso egoera goiztiarrean, eta horri esker, tratamendu ez hain gogorrak egin ahal izan dira (hamar emakumetik zortzik tratamendu kontserbadorea jaso ahal izan dute, bularra kendu beharrik gabe).

"Hain zuzen ere, programaren adierazle "iragarleek" (adibidez, parte-hartzea, detektatutako minbizi-kasuen tasak eta gaixotasunaren hasierako fasean dauden minbizi-kasuen tasak), zeinak Europako Giden kalitate-estandarren mailara iristen edo haiek hobetzen dituzten, baikorrak izatera garamatzate, programaren helburua lortzeari dagokionez (hau da, gure erkidegoan bularretako minbiziak eragindako heriotza-tasa gutxitzea)".

Programa indarrean izan den 18 urte hauetan, aurrerapen garrantzitsuak egin dira prozesuaren fase guztietan, bai baheketari dagokionez, bai gaixotasunaren diagnostikoa berresteari eta tratamenduari berari dagokienez.

"Dakizuenez, egun, mamografia digitala egiten da mamografia analogikoaren ordez, eta, horrez gain, diagnosia egiteko beste teknika batzuk erabiltzen hasi dira, hala nola mamotomia; horiek, orratz lodi bidezko biopsiekin batera, biopsia kirurgikoak baztertu dituzte, neurri handi batean. Horrez gain, gongoil zelatariaren teknika erabiltzen ere hasi dira; teknika horren bidez, gaixotasuna besapeko gongoiletara hedatu den jakin daiteke, eta hala, besapeko ebakuntza kirurgikoa saihestu daiteke askotan, bai eta horrek eragiten dituen konplikazioak ere".

"Bestalde, Osakidetzan, test genetikoak egiten hasi berri gara; hala, hautatutako zenbait kasutan aplikatuz, kimioterapia kasuan-kasuan onuragarria den ala ez jakin ahal izango da".

"Hori guztia dela eta, esan dezakegu tratamenduak diziplina askotako ekipoek egiten dituztela, paziente bakoitza banan-banan aztertuz; hau da, gaiari buruzko informazioa ematen zaie, eta, beharrezkoa bada, baita laguntza psikologikoa ere. Nabarmentzekoa da gehienetan bularra kontserbatzeko tratamenduak izaten direla, eta tratamendu lagungarriak erabiliz gero (erradioterapia, kimioterapia eta hormonoterapia), eraginkorragoak izaten dira, eta bigarren mailako ondorio gutxiago izaten dituzte".

"Osakidetzan, detekzio goiztiarraren programa bultzatuz jarraituko dugu; horrez gain, lanean segituko dugu bularreko minbizia duten emakumeen heriotza-tasa gutxitzeko eta haien bizi-kalitatea hotzeko".

"Baina hitzaldiaren hasieran adierazi bezala, Osakidetzaren bidez egiten dugun osasun-lanaz gain, gaixotasunari buruzko informazioa eta emakumeenganako babesa funtsezkoak dira gaixotasunari aurre egiteko. Familien babesa behar dugu, baina baita bularreko minbizia duten emakumeen elkarteen babesa ere".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ander Rodríguez,Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua. Txaro Beobide,bularreko minbiziak jotako emakumeen Gipuzkoako elkarteko presidentea. Arrate Plazaola doktorea.