Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak oso positiboki balioetsi du Estatu Batuetara egindako bidaia instituzionala

2013.eko urriak 14

Iñigo Urkulluk «oso positibotzat» jo du Estatu Batuetara egin duen bidaia instituzionala, eta egun hauetan izan dituen bilerak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak, «oso produktiboak» izan direla esan du, bidaiaren azken egunean, New Yorken.

Kanpo Ekintzako idazkari nagusi Marian Elorzarekin, Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariagarekin eta Euskadik Estatu Batuetan duen ordezkari Ander Caballerorekin batera eman duen prentsaurreko batean, lehendakariak izan dituen bilera guztiak aztertu ditu, eta Basque Country estrategia behar bezala erabili duela adierazi du, hainbat arlotan: kanpo ekintza instituzionala; Euskadiko enpresen garapen ekonomikoa eta nazioartekotzea, euskal kultura atzerrian; eta atzerrian dauden euskal herritarrekiko harremanak.

Lehendakariaren arabera, bidaiaren helburu nagusia bete dute, hau da, instituzioei «Euskadiren egoera berria» helarazi diete. «Errealitatea, bake egoera hasiberria, pozgarria da, eta bakea eta bizikidetza sendatzeko gogoak ditugu», azaldu du. 

Ildo horretatik, Estatu Batuetako Bake Institutuaren lankidetza asmoa goraipatu du, eta erakunde horrek eta hainbat unibertsitatek Bake eta Bizikidetza Planari egin dizkioten ekarpenak eskertu ditu. Gainera, 9/11 Memorial monumentura eramandako Gernikako haritz zaharraren enborra gogorarazi du. Zentroa «atsekabeak hartutako leku batean memoria egiteko eta bizitza sortzeko modu egokia» dela esan du.

«Urte askoan, terrorismoaren itzalak ez digu gure herrialdearen errealitatearen argiak ikusten utzi: beren bidea egin duten enpresen ekintza, ordezkaritzen lana edo diasporaren lana», gehitu du.  Hala ere, azaldu duenez, izan dituen bilera guztietan, batez ere, Estatu Batuetako kongresistekin eta senatariekin eta Estatu Departamentuarekin izandakoetan, Euskadiren egoera berria ezagutzeko jakin-min eta interes handia hauteman ditu. «Euskadik jakin-mina eragiten duela harro esan dezakegu eta pozik gaude. Gure lobby kontzeptua Euskadiren interesekiko korrontea sortzea da arlo guztietan», adierazi du.

Euskadiko enpresen nazioartekotzeari dagokionez, Estatu Batuetan kokatutako enpresekin izandako lan bilera eta Milwaukeeko udaletxera eta Ingeteamen lantegira egindako bisitaldiak nabarmendu nahi izan ditu. Halaber, Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze estrategiei beharrezko babesa ematen jarraituko duela adierazi du.

Arlo akademikoari dagokionez, Columbiako Unibertsitateko adituen talde bati aurkeztutako Euskadi 2020 proiektua azpimarratu du. Horren bidez, langabezia tasa eta pobrezia indize minimoak, ongizate maila handiagoa eta autogobernu handiagoa lortzeko erabakitzeko eskubidea lortu nahi ditu. Iñigo Urkulluk esan duenez, Euskadiko herritarrek eskubide hori 2015ean erabiltzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. «Nire helburua data horretan erabiltzea da, eta horretarako lanean ari naiz», azaldu du.

Bestalde, lehendakariak Solomon R. Guggenheim Fundazioko zuzendaritzarekin izandako bileraren giro atsegina azpimarratu nahi izan du. Alde guztiek duten hitzarmena datorren urtean luzatzeko asmoa adierazi zuten. 

Azkenik, lehendakariak euskal etxe guztiak eta atzerriko euskal komunitate osoa zoriondu ditu, beren erroei eusteko egiten duten lanagatik eta New Yorkeko Euzko Etxearen mendeurreneko ekitaldietan egin dioten harrera eskertu du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @InnobasqueNews
    2013.eko urriak 18

    Comentario de Twitter:
    The #Basque Government will continue providing the necessary support in our #internationalization #strategy http://t.co/qM1n0tiRBl

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)