Berriak Lehendakaritza
Eu

Estatu Batuetako erakunde akademikoetako adituek oso egokitzat jo dute Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikitza Plana

2013.eko urriak 12
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Lehendakariari lehen ondorioak helarazi dizkiote, eta plana onartu aurretik kontuan izango dituzten «iradokizun garrantzitsuak» jasotzen ditu agiriak

Adituek biktimen lekukotasunak entzuteko eta gizartearen adiskidetzea bultzatzeko espazioak sortzea gomendatzen dute

Ipar Ameriketako erakunde akademikoetako gatazken konponketaren arloko adituen talde batek Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planari buruz prestatu duten ondorioen lehen laburpena eman diote lehendakariari. Dokumentua Eusko Jaurlaritzak urte amaieran jasoko duen behin betiko txostenaren aurrerapena da, eta planaren edukiak eta metodologia oso positiboki balioztatzeaz gain, plana onartu aurretik kontuan hartuko dituzten «iradokizun interesgarriak» biltzen ditu.

Agiria idazteaz arduratu diren Andrea Bartoli eta Borislava Manojlovic Seton Hall Unibertsitateko irakasleek eman diote, New Yorkeko Euskadiko Ordezkaritzaren egoitzan. Gatazken konponketan eta bake eta adiskidetze prozesuetan eskarmentu luzea duten beste aditu batzuek ere prestatu dute dokumentua: Columbia Unibertsitateko Peter Coleman, ekitaldian izan dena, George Mason Unibertsitateko Susan Allen, George Washington Unibertsitateko Paul Hoyt-O’Connor eta Estatu Batuetako Bakearen Erakundeko Pamela Aall.

Testuak Bake eta Bizikidetza Plan osoaren balorazioa egiten du, eta alderdi metodologikoak eta jarduera programa aztertzen ditu. Gainera, iradokizunez betetako kapitulu bat du.  Adituek biktimen lekukotasunak eta ahotsak entzun ahal izateko esparruak nola sortu hausnartzea iradokitzen dute, haien kontakizunen bitartez ikasteko, eta gizarte adiskidetzea sustatzeko.

Bestalde, planari ekarpenak egiteko gonbidapen irekia nabarmendu dute. Gainera, plana bultzatzeko horrek adostasuna, partekatzea eta elkarlana azpimarratzea goraipagarritzat jo dute, eta gizarteak proposatutako ekimen eta prozesuetan parte har dezan herritarrentzako pizgarriak sortzea iradoki dute.
Eusko Jaurlaritzak urte amaieran jasoko du behin betiko txostena. Lehendakariaren iritziz, «planaren garapen praktikorako oso erabilgarria izango da».

Iñigo Urkulluk esan du Europar Batasunean ere antzeko lanak egingo dituztela. Izan ere, Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren diseinua, onarpena eta kudeaketa zehaztasunean oinarritutako azterketei lotuko zizkiola esan zuen, gai hau batzuetan bitxitzat jotzen dutelako.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak Euskadi bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloetan nazioarteko estandarrik eta estandar akademiko altuenetan kokatzea nahi duela esan du lehendakariak. Horrenbestez, Euskadiko erakundeen 30 ekarpen inguru jaso dituen plana nazioarteko ekarpenekin osatuko dutela adierazi du.

*Bake eta Bizikidetza Planaren aurretiazko balorazioaren ondorioen dokumentua eranskinetan deskarga daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Andrea Bartoli