Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2013ko Trafic azokan parte hartuko du

2013.eko urriak 13

Erakusmahai instituzional bat jartzeaz gain, foro profesionalean bi aurkezpen egingo ditu, urriaren 18an (ostirala)

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza Madrilen, urriaren 15, 16, 17 eta 18an, egingo den Bide Segurtasuneko eta Errepideetako Ekipamenduko Nazioarteko Azokan izango da. Aurten hamahirugarren aldiz egingo den Traficek, sektoreko garrantzitsuenetakotzat jotzen den bi urtean behingo azokak, bide-segurtasun, azpiegitura, garraio-sistema adimendun, aparkamendu eta jasangarritasuneko profesionalak bilduko ditu.

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevo irekiera-ekitaldira joango dira, hilaren 15ean (asteartea).«Eusko Jaurlaritzak Euskadiko trafikoa kudeatzeko eskumena izanik, foro profesionaletara joatea garrantzitsua iruditzen zaigu, sektoreko azken berritasunei buruz informatzeko eta Trafiko Zuzendaritzak egiten duen lana ezagutarazteko  –adierazi du Josu Zubiagak–. Horrez gain, azokan dauden Euskadiko enpresei Administrazioaren babesa helarazi nahi diegu».

Erakusketarien artean tokia edukitzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak foro profesionalean parte hartuko du, Garraio Sistema Adimendunei (GSA) buruzko saioan. Bi hitzaldi emango ditu, biak ere hilaren 18an (ostirala).

Aurkezpenetako bat, «GPS datuek trafikoa eta bide-segurtasuna kudeatzeko daukaten erabilera» izenburupekoa, Trafikoko Ikerketa arloko arduradun Iñaki Eguiarak emango du, eta hitzaldi horretan, GPS kokatze-sistemen bidez jasotako kokapen- eta abiadura-datuak trafikoaren kudeaketa hobetzeko nola erabil daitezkeen jorratuko du.Gaur egun, errepideetako kokapen finkoetatik jasotzen diren datuei GPS sistemetan oinarritutako beste horiek gehituz, datu-base askoz ere osatuagoa lortzen da eta horrek errepideko zirkulazioari buruzko informazio zehatzagoa ematen du.

SIM telefono-txartel bat daukan edozein ekipok denbora errealean jaso dezake trafikoari buruzko informazioa, eta era berean, erabiltzailearen kokapena eta abiadura zerbitzu-zentral batera bidaltzen ditu. Informazio oso baliogarria da trafikoa kudeatzeko, ibilgailuak nola zirkulatzen ari diren, auto-ilarak non dauden eta ilaren atzerapena eta luzera zein den jakinarazten duelako; dena, denbora errealean. Datu horiek etengabe eta zehaztasun maila handiarekin jasotzeak errepide-sareko edozein puntutan azterketa zehatzak egiteko aukera ematen du.

Automobiletan nabigazio-sistemak eta telefono adimendunetarako trafikoko informazio-aplikazioak erabiltzea gero eta ohikoagoa denez, gero eta datu gehiago eta hobeak emango ditu.

Bigarren hitzaldiaren izenburua «TAIZA, baliabide automatizatuen bidez detektatutako arau-hausteen izapidetze eta ekipoen kudeaketa integratu arrakastatsua» da, eta Izaskun Goirigolzarrik aurkeztuko du, Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko arduradunak.TAIZAren helburuak eta mota horretako arau-hausteak indibidualki tratatzeko arrazoiak azaltzeaz gain, Goirigolzarrik zigor-gailuekin lotutako kudeaketa-tresnak deskribatuko ditu (adibidez, kokapen- eta radar-sistemen datu-baseak), trafiko-eremuan dauden ekipoen funtzionamendua denbora errealean ikusteko aukera azalduko du –akats posibleak berehala antzemateko eta herritarrei bidaltzen zaizkien irudiak kalitatezkoak diren etengabe egiaztatzeko ezinbestekoa da–, etab. Era berean, Trafiko Zuzendaritzak, gaur egun TAIZAn izapidetzen diren arau-hausteak antzemateko, trafiko-eremuan dauzkan gailuak deskribatuko ditu: radar finkoak, ibilbide-tarteetako radarrak, ibilgailu debekatuak igarotzen diren detektatzeko ekipoak eta semaforoa gorri dagoenean igarotzen diren ibilgailuak detektatzekoak.

Beste alde batetik, zigor-prozeduraren barruan herritarrei kalitate eta zerbitzu aldetik balio erantsia ematen dieten jarduerak aurkeztuko ditu; Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza aitzindari izan dutenak, hain zuzen. Herritarrek, esaterako, dokumentazioa plataforma digitalen bitartez aurkezteko aukera daukate eta Trafiko Zuzendaritzaren web-orriaren bidez beren espediente osoa eskura dezakete. Horrez gain, ordainagiri bat sortu dezakete, web-orriaren bitartez, bidali zaien jakinarazpena galdu baldin badute. TAIZAk, gainera, zalantzak argitzeko eta ordaintzen laguntzeko helbide elektroniko bat eskaintzen du. Era berean, bulego batera joan eta espedientea bertan ikusteko hitzordu bat egiteko aukera ematen du.


 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko