Berriak Osasuna
Eu

Gasteizko Udalak eta Osakidetzak lankidetza soziosanitarioko akordioa sinatu dute

2013.eko urriak 11

 Hitzarmenaren bidez, herritarren beharrei modu koordinatuan erantzun nahi zaie, uneko baliabideak optimizatuta eta kalitate handiagoko erantzuna emanda

Udalaren gizarte-zerbitzuek eta osasun-zerbitzuek koordinatuta jardungo dute; izan ere, «Gizarte-arreta emateko, beharrezkoa da pertsonen osasun-egoera ezagutzea, eta gizarte-baldintzek herritarren osasun-egoerari eragiten diote, hein handi batean».

Jarduera-protokoloak Gasteizko 12 oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta 13 osasun-zentroak biltzen ditu.

Berehala jarriko da abian, eta, aurretik, proba pilotuak egin dira Lakua-Arriagan eta Lakuabizkarra-Ibaiondon, arrakastaz egin ere.

Gasteizko Udalak eta Osakidetzak Udal Gizarte Zerbitzuen eta Osakidetzaren Arabako eskualdeko Gasteizko Lehen Mailako Arretako Unitateen arteko lankidetza- eta koordinazio-protokolo bat izango dute lehen aldiz, eta, horri esker, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen beharrei erantzun ahal izango diete.

Gasteizko Udaleko alkateorde eta Gizarte Gaien eta Adinekoen zinegotzi Ainhoa Domaicak eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak akordioa izenpetu dute gaur goizean Gasteizko udaletxean. Akordioak bi erakundeen arteko koordinazio-, jarduera- eta lankidetza-ekintzak zehazten ditu, esku hartu beharreko baterako kasuei heltzeko. Jarduera-protokoloak Gasteizko 12 oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta 13 osasun-zentroak hartzen ditu. 

«Beharrezkoa da erakundeetako estamentuen arteko koordinazio-bideak egituratzea, herritarren arazoei eta beharrei erantzuteko. Kasu honetan, gizarte-baldintzek herritarren osasun-egoerari eragiten diote hein handi batean, eta alderantziz, gizarte-arreta emateko, beharrezkoa da behar jakin batzuk zehazten dituen osasun-egoera ezagutzea», esan du Ainhoa Domaica Gasteizko zinegotziak.

Bestalde, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria pozik dago sinatutako akordioarekin, eta, zinegotziak bezala, uste du protokolo honek elkarren mendeko izateko beharra aintzatesten duela; «izan ere, asko dira osasun- eta gizarte-zaintzak behar dituzten pazienteak». Gainera, adierazi duenez, «dokumentu honek baterako ekintzak jasotzen ditu, eta horiek zatiketarik gabeko arreta soziosanitarioa ematen lagundu behar dute, pazienteei eta beren familiei onura egiteko. Hots, Osakidetzak eta Udal Gizarte Zerbitzuek koordinatuta egon behar dute, arreta behar duten baterako kasuei heltzeko, eta, hala, esku-hartzeko planak elkarrekin hitzartuta ezartzeko».

Espazio berri honek honako hauek bideratzea ahalbidetuko du, prebentzioaren ikuspegitik:

  • Zaurgarritasun-egoeran eta/edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen kasuak, Lehen Mailako Arretako Unitateek antzeman dituztenak, dela Udal Gizarte Zerbitzuek oraindik esku hartu ez dituztenak, dela antzemanda egonik berriro esku hartzeko beharra dutenak.
  • Osasun-arazoak dituzten pertsonen kasuak, Udal Gizarte Zerbitzuek antzeman dituztenak; dela osasun-zerbitzuek oraindik esku hartu ez dituztenak, dela antzemanda egonik berriro esku hartzeko beharra dutenak.
  • Udal Gizarte Zerbitzuek edo Lehen Mailako Arretako Unitateek antzemandako informazio-beharrak, tratatzen ari diren pertsonen edo kasu berrien harira.

Genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeen, adineko pertsonen eta arrisku-egoeran dauden eta/edo babesik ez duten adingabeen egoeretan, besteak beste.

Hona hemen protokoloaren onurak:

  • Ø Udal Gizarte Zerbitzuen eta Lehen Mailako Arretako Unitateen arteko koordinazioa, informazio-trukea eta kasu-bideratzea hobetzea, bi erakundeen baterako kasuetan.
  • Ø Baterako arreta behar duten pertsonei bi sistemez baliatzeko aukera erraztea.
  • Ø Bi erakundeek batera esku-hartzeko programa eta proiektuetan lankidetzan aritzeko aukera aztertzea, banaka, taldeka eta komunitatean.
  • Ø Bi erakundeentzako interesgarriak izan daitezkeen programak, proiektuak eta baliabideak ezagutzea.
  • Ø Bi sistemen lantaldeen baterako prestakuntza.

Protokoloa berehala jarriko da indarrean, tartean dauden profesionalekin zenbait prestakuntza-saio egin ondoren. Aurretik, bi proba pilotu egin dira Gasteizko bi gunetan, hots, Lakua-Arraiagan (2010ean) eta Lakuabizkarra-Ibaiondon (2011n), eta arrakasta handia izan zuten.

Udal Gizarte Zerbitzuek artatutako osasun-arazo kasuak

Gasteizko Udaleko Gizarte Gaien eta Adinekoen Sailaren datuen arabera, 2013ko urtarriletik irailera, osasun-arazoren bat duten 1.863 lagun daude erregistratuta. Hauek dira arazoak: gaixotasun fisikoa (% 26,48), gaixotasunak eta/edo ezgaitasunak (% 17,54), alkohola eta droga-mendekotasuna (% 16,12), gaixotasun psikikoa (% 9,55), ezgaitasun fisikoa (% 7,61), mendekotasuna (% 5,96), moldatze-nahasmenduak (% 5,58), ezgaitasun fisikoa (% 5,20), eta abar.

Aipatutako sailaren datuen arabera, gaienera, epe berean, 1.018 lankidetza daude erregistratuta osasun-arloan (ospitale-zerbitzuak, familia-medikuntza, lehen mailako arreta, pediatria, eta abar).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ainhoa Domaica, Gasteizko Udaleko alkateorde eta Gizarte Gaien eta Adinekoen zinegotzi