Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak hirien Birgaitze, Bizizberritze eta berrikuntzari buruzko legearen aurkako errekurtsoa jarriko du Konstituzio Auzitegian

2013.eko urriak 13

 

Espainiako Gobernuak hondatutako eremuen birgaitzea arautu nahi du. Euskadin, eskumen hori udaletako hiri-antolamenduko planei dagokie.

Eraikin guztietan ikuskaritza teknikoa egiteko betebeharra ezarri nahi du.

Estatuaren eta Euskadiren arteko Alde Biko Batzordean sei hilabeteko negoziazio-epea irekiko da, akordioa lortzeko eta errekurtsoa jarri beharrik ez izateko.

Eusko Jaurlaritzak hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzko 8/2013 Legearen, ekainaren 26koaren, aurkako errekurtsoa jarriko du. Jaurlaritzaren aburuz, Gernikako Estatutuaren 10.31 artikuluak barne hartzen dituen lurralde antolamendua, hirigintza eta etxebizitza alorretako eskumenak urratzen ditu, eta lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen eta autonomia-araudi horretan jatorria duten udaletako hirigintza-planen aurkakoa da.

Eusko Jaurlaritzak uste du «ekonomiaren antolamendu orokorra» aitzakia gisa hartuta, Espainiako Gobernuak muga gainditu duela bere funtzioetan, autonomia-erkidegoei beren eskumenekoak diren gaietan politika propioak onartzea galarazten baitie.

Hauek dira desadostasun nagusiak aipatutako Espainiako legeari dagokionez:

Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuak hirien birgaitzeak, biziberritzeak eta berrikuntzak arautu nahi ditu, narriadura- edo degradazio-egoerak gertatzen diren kasuetan. Euskadin, udalei beraiei dagokie eskumen hori, beren hirigintza-planen bitartez.

Horretaz aparte, Espainiako legeak muga gainditzen du, eraitsiko diren eraikinetan bizi direnei ostatu emateko egoerak arautzen dituenean.

Bestalde, Espainiako Gobernuak eraikinen ikuskaritza teknikoa nahitaezkoa izatea ezarri nahi du. Euskadin, alderdi hori dagoeneko araututa dago.

ERREKURRITUKO DIREN ARTIKULUAK

Zehazki, honako hauek errekurrituko dira:

4. artikulua

Lehenengo xedapen iragankorra eta II. eranskina

7. artikulua

8. artikulua

10. artikulua: lehenengo paragrafoa, hirugarren paragrafoa «edo jabari publikokoak» bere tartekian eta laugarren paragrafoa.

11. artikulua

12. artikuluaren a) paragrafoa, «eta administrazio jardulearen aldeko eroslehentasun-eskubideei eta atzera eskuratzeko eskubideei lotzea» bere tartekian.

ALDE BIKO NEGOZIAZIOAK

Eusko Jaurlaritzak auzi hori «Estatuaren eta Euskadiren arteko Alde Biko Batzordean» ebaztea aukeratu du; hortaz, Espainiako Gobernuak hori onartuz gero, sei hilabeteko epea irekiko da eskumen-inbasioagatik gatazkan dauden puntuak negoziatzeko.

Alde biko batzorde horretan, halaber, beste bi eskumen-gatazka negoziatzen ari dira orain:

1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Plana, 400 €-en kudeaketa)

Eta 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatzen duena.


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)