Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza plan berrian ekarpenak barne hartzeko partaidetza prozesu bat abiatuko du

2013-10-10

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila Etxebizitza Plan Zuzentzaile berria egiten ari da. Plan horrek gobernuaren arlo honetako jarduna antolatuko du, 2013-2016 aldian. Pertsona interesdunek beren iritziak eta proposamenak Irekiaren eta http://etxebizitza.blog.euskadi.net webgunearen bitartez helarazi ahal izango dituzte, urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean.

 

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, aurreko bi planetan bezala, arlo horretako adituei, herritarrei eta, bereziki, Etxebiden izena emanda dauden pertsonei ahotsa emango die, lantzen ari den 2013-2016 aldirako Etxebizitza Plan Zuzentzailean.

Partaidetza prozesua Plan Zuzentzailea eratzeko lanetan aurreikusitako ardatz nagusien ingurukoa izango da, eta bi helburu edukiko ditu: Eusko Jaurlaritzak Plan Zuzentzailearen zirriborroan planteatzen dituen proposamenak kontrastatzea eta Plan Zuzentzailean barne hartu ahal izango diren herritarren proposamen berriak identifikatzea.

Hauek dira eztabaidagai jarriko diren gai nagusiak:

- Alokairuko etxebizitza berrien sustapena eta alokairuko etxebizitzak eskuratu ahal izateko sustapen-mekanismoak.

- Etxebizitza eskuratzeko eredu berriak.

- Etxebizitza-politikaren lehentasunezko kolektiboak zeintzuk diren zehaztea.

- Etxebizitza hutsen kopurua murrizteko tresnak.

- Etxebizitzen berritzea eta hiri-berroneratze eta hiri-berritze politikak.

- Herritarrek etxebizitza-politiketan izan behar duten parte hartzea.

Partaidetza errazteko, Irekia kanala izateaz gain (herritarren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikazio zuzenerako kanal orokorra), Etxebizitza Sailburuordetzak berariazko plataforma bat sortu du, http://etxebizitza.blog.euskadi.net helbidean.

Online partaidetzarako plataforma honek 3 elementu garrantzitsu edukiko ditu: iritzi-foroak, Plan Zuzentzailerako neurri berriak proposatzeko kanal bat, eta herritarren eta eragile adituen iritzia ezagutzeko inkestak.

Prozesua bukatutakoan, Partaidetza Txosten bat egingo dugu. Txosten horretan, Etxebizitza Sailburuordetzak jasotako proposamenen berri eman eta zertara bideratuko diren azalduko du, bai Plan Zuzentzailean sartutakoen kasuan bai baztertu direnen kasuan ere. Azken horiei dagokienez, kontuan ez hartzeko arrazoiak ere adieraziko ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)