Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hezkuntzako eragileek eta Jaurlaritzak “Heziberri 2020” martxan jartzea adostu dute

2013.eko urriak 09

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin eta saileko ordezkariekin gaur goizez elkartu diren hezkuntza eragileek “Heziberri 2020” Plana martxan jartzea adostu dute, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta  Kultura sailaren ekimenez sortutako Plana, hain zuzen ere.

“Heziberri 2020” martxan jartzeko akordioarekin, agiriak jasotzen dituen hiru egitasmo osagarriak garatuko direla onartzen da, horietako lehenaren lanerako plangintza ere onartzen da, eta hezkuntza eragileek egitasmo horiek garatzen Sailarekin elkarlanean jarduteko duten borondatea erakusten dute. Guztiek, ekimenaren balorazio positiboa egin dute.

“Heziberri 2020”

“Heziberri 2020” Planean bildu eta bateratu dira, batetik, Europako esparruan hezkuntza eta prestakuntzari buruz 2020rako finkatu diren ildo estrategikoak (hortik datorkio izena), eta bestetik, euskal hezkuntzak dituen berariazko erronken erantzuna, hartara ondorengo belaunaldiak ondo prestatuak irten daitezen. Planak elkarren osagarri diren ondorengo egitasmoak planifikatu eta garatzeko proposamena jasotzen du:

  • Lehen egitasmoa: Hezkuntza eredu pedagogikoaren marko propioa sortzea eta adostea.
  • Bigarren egitasmoa: Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum Dekretuak prestatzea eta adostea.
  • Hirugarren egitasmoa: Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak egitea.

Desberdinak baina elkarren osagarriak diren egitasmo horien bidez, hezkuntza sistemaren kalitatea eta bikaintasuna erdiesteko bideak zabaltzea da helburua. Aipaturiko hiru egitasmoez gain, Planak berau martxan jartzeko beharra erakusten duten arrazoiak ere azaltzen ditu.

Plan honen proposamena ez da ezerezetik sortua. Euskal Hezkuntzak azken hamarkadetan egin duen ibilbide luze eta emankorrean du oinarria, eta bertatik abiatzen da. Adibidez, elebitasunaren eta eleaniztasunaren ingurukoak, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien ingurukoak, aniztasunaren trataerari buruzkoak, edo elkarbizitzari buruzkoak. Esperientzia horien eta aurrekarien artean nabarmentzekoa da hezkuntza eragile sozialen eta politikoen artean hezkuntza eta curriculum eredu propioa  adostuz eraikitako Euskal Curriculumaren ekimena.

Bestetik, “Heziberri 2020” Planak Eusko Jaurlaritzaren 2012-2016 legegintzaldirako hezkuntzari buruzko Gobernu-Programaren helburuak eta ekimenak ditu erreferente eta helburu. Era berean, “Hezkuntza eta Prestakuntza 2020” deituriko marko estrategikoaren helburuak ere Plan honen oinarri dira, Europako Kontseiluak hezkuntza eta prestakuntzari buruz proposatzen dituen ildo estrategikoen eta plangintzako egitasmoen arteko lotura estua baita.

Gainera, “Heziberri 2020” LOMCEren aurrean bai Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak eta bai euskal hezkuntza eragile nagusiek hainbatetan aho batez azaldu duten gaitzespenari erantzuna eman nahi dion ekimena da.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Legebiltzarreko agerraldian azalduko du “Heziberri 2020” Plana, berak hala eskatuta, datorren urriaren 14an.

Gaur goizez Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin den bileran, curriculum edukiarekin harreman zuzena duten hezkuntza eragileen ordezkaritza zabalak hartu du parte, ikastetxe publiko nahiz itunpekoetakoak. Bertan izan da ikastetxeen ordezkaritza, gurasoen ordezkaritza, ikastetxeena, eta baita irakasleen formaziorako unibertsitate zentroena ere:

-AICE/IZEA
-BEI/CCDD
-BIHE
-EHIGE
-EIB
-Erkide Irakaskuntza
-Ikasgiltza
-Ikastolen Elkartea
-Kristau Eskola
-Magisteritza Eskolak- Filosofia
eta Hezkuntza Zientzien Fak.
UPV/EHU
-Sarean
-Sortzen

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IkaslanBizkaia
    2013.eko urriak 14

    Comentario de Twitter:
    Agentes educativos y Gobierno Vasco acuerdan la puesta en marcha de “Heziberri 2020” http://t.co/XCZLsjIP1F

  • @PatxiSaez
    2013.eko urriak 10

    Comentario de Twitter:
    .

    Heziberri 2020 plan estrategikoa adostu dute, etorkizuneko euskaradunek prestakuntzarik hoberena izan dezaten.

    http://t.co/qcJRPLBIG2

    .

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)